Nikolas Koperniko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nikolas Koperniko
Nikolas Koperniko
Zientzialaria
Arloa astronomia, matematika
Jaio 1473ko otsailaren 19a
Toruń (Prusia, egungo Polonia)
Hil 1543ko maiatzaren 24a (70 urte)
Frombork (Prusia, egungo Polonia)
Lanak Heliozentrismoa
Sinadura Nikolas Koperniko zientzialariaren sinadura


Nikolas Koperniko[1]alemanez: Nikolaus Kopernikus, polonieraz: Mikołaj Kopernik, latinez: Nicolaus Copernicus—(Toruń (lehengo Prusia eta gaurko Polonia [2] ), 1473ko otsailaren 19a-1543ko maiatzaren 24a) Astronomia modernoaren aita izan zen. Berak formulatu zuen lehenengoz Eguzki Sistemaren heliozentrismoa eta bere De revolutionibus orbium coelestium liburua Pizkundeko iraultza zientifikoaren ezinbesteko datua da. Oso zaila zen garai hartako zientzialariek hura onartzea iraultza garbia suposatu baitzuen.

Koperniko matematikari, astronomo, legegizon, fisikari, kalonje katoliko, gobernadore, administratzaile, buruzagi militar, diplomatiko eta ekonomista izan zela esan dezakegu. Astronomia izan zen bere afizioa eta egin zuen aurrerakuntzagatik Copernicus izena eman zitzaion binokularren laguntzaz ikus daitekeen Mare Insularumen dagoen ilargiko krater bati.[3]

Heliozentrismoa mendebaldeko zientziaren teoria garrantzitsuenetako bat da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikolas Kopernikoren irudia Olsztyneko gazteluan, Allensteinen

Sendiaren izena Koppernigk izan zuen. 1473. urtean Zaldun Teutonikoen ordenaren Prusiako Torun hirian jaio zen (gero Poloniara pasatu zena). Krakovian eta Italian ikasi zuen. Nikolasek hamar urte zituelarik, bere aita hil zen eta osaba, Lukas Watzenrode, izan zen bere hezkuntzaz arduratu zen bakarra. 1491n Krakoviara joan zen Wojciech Brudzewski matematikariaren ardurapean egoteko eta, beranduago, Italian egin zituen medikuntza eta zuzenbideko ikasketak, Domenico da Novararen asistente bezala lan egiten zuen bitartean.

1496an Frauenburgoko katedraleko kalonje izendatu zuten, osaba Lukasen laguntzaz, beti ere.

1500. urtean, kargua utzi eta Italiara joan zen; Erroman astronomian doktoratu eta gai buruzko hitzaldiak eman zituen; gero, Paduan medikuntza ikasi zuen, eta zuzenbide kanonikoa Ferraran 1503an.

Bere osaba, Lucas Watzenrode, Emerlandgo apezpikua, zendu zenean mota askotako lanak egin zituen: gobernadore militar, mediku, epaile eta abar... Diruaren birbalorketaren alde jo eta ke egin zuen lan, Zaldun Teutonikoen kudeaketa txarra zela-eta. Prusia erreinu osorako etxe moneta zentral bat sortzea iradoki zuen. Hala, 1517an Emerlandgo kudeatzaile orokorra izendatu zuten eta Allesteinera joan zen bizitzera.

1543ko maiatzaren 24an hil zen Fromborken, gaurko Polonian.

2005ean arkeologo talde batek bere gorpuzkiak herriko elizan aurkitu zituztela adierazi zuten eta 2008an frogatu egin zen.[4] Bere hortz bat eta garezur zati bat konparatu zuten eskuizkribu batean aurkitutako ile batekin eta bat zetozela ikusi zuten.

Eredu Heliozentrikoa

Modelo Heliozentrikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1533an, Johann Albrecht Widmannstetterrek gutun bat bidali zuen Erromara, Kopernikoren teoriak labur eta garbi azalduz. Interes handiz entzun zituzten Klemente VII.a aita santuak eta hainbat kardinal katolikoek. 1536rako Kopernikoren teoria forma definitiboa hartzeko gertu zegoen eta zurrumurruak Europa osoan zabaldu ziren. 1536ko gutun batean, Nikolaus Cardinal von Schönberg, Capuako artzapezpikuak bere ideiak zabaltzeko eskatu zion Kopernikori eta beretzako kopia bat bidaltzeko. Nikolasek asko atzeratu zuen liburuaren argitalpena eta, batek baino gehiagok, erlijioak baino mundu zientifikoak kezkatzen zuela gehiago dio.

Ideia nagusiak hurrengoak izan ziren:

  • Mugimendu zerutiarrak uniformeak dira guztiz, betikorrak eta zirkularrak edo ziklo ezberdinez osatuak.
  • Unibertsoaren zentrua, eguzkitik gertu dago.
  • Eguzkia mugitzen denean edo orbitatzen duenean, Merkurio, Artizarra, Lurra eta Ilargia, Marte, Jupiter eta Saturno aurkitzen dira ordenan.
  • Izarrak urrun eta finko dauden objektuak dira eta, beraz, ez dute Eguzkiaren inguruan orbitatzen.
  • Lurrak, hiru mugimendu ditu: eguneroko errotazioa, urteroko erreboluzioa eta urteroko bere ardatzaren inklinazioa.
  • Planeten mugimendu atzerakoia, Lurrak egiten duen mugimenduaren ondorio da.
  • Lurra eta Eguzkiaren artean dagoen distantzia oso txikia da, izarreenarekin konparatuz.
De Revolutionibus eskuizkribua

De revolutionibus orbium coelestium[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kopernikoren maisu lana De revolutionibus orbium coelestium ("Esfera zerutiarren erreboluzioen inguruan") izan zen. 25 urte pasa zituen lan honetan (1507-1532) eta hil eta gero argitaratu zuen Andreas Osianderrek 1543an. Hala ere, liburu honetako ideia garrantzitsuenak The hypothesibus motuum coelestium a se constitutis commentariolus opuskuluan (1878 arte ez zen argitaratuko) idatzi zituen, motz eta argi eta garbi.

Kopernikok antzinako Greziako filosofoen idatziak ikertu zituen, besteak beste, Aristarko Samoskoa; hala ere azken ez zuen liburuan aipatu.[5] Haren helburua lurraren mugimenduaren arazoarentzako soluzioa bilatzea zen.

Erdi Aroko ideologia erlijiosoarentzat haustura izan zen, kosmosa itxia eta ierarkizatua ikusten baitzuen, eta gizakia zen zentroa, Eguzkiaren inguruan zebilena unibertso infinitu batean. Kopernikok Elizarekin izan zitzakeen arazoak sumatu zituen, baina... Gaixotasuna zela-eta, ez zuen bere obra argitaratuta ikusiko, azkarrago hil baitzen.

Ez zekien argitaratuko zuen, baina De revolutionibus orbium coelestium delakoan lanean ari zen 1539an Georg Joachim Rheticus, Wittenbergeko matematikaria Fromborkera iritsi zenean. Astronomo batzuk ezagutu behar zituen matematikariak eta Kopernikoren ikasle bihurtu zen urte pare batez. 1542an, Rheticusrek Kopernikok idatzitako trigonometria tratatu bat argitaratu zuen eta egin ahalak egin zituen bere maisuak bere ideiak argitaratzeko.

Azkenean, lortu zuen eta De Revolutionibusen lehen edizioa 1543an izan zen, hilko zen urte bera.[6] Sarrera luze bat egin zion Paulo III.a aitasantuak, Elizak egutegi zehatzago bat egin nahi zuela eta horrela justifikatuz.

Lana 6 liburuz osatua zegoen:

  • Heliozentrismoaren ikuspegi orokor bat eta munduaren kontzeptuaren esplikazio laburra.
  • Astronomia esferikoaren printzipioak eta izarren zerrenda bat.
  • Eguzkiaren balizko mugimenduak eta horrekin erlazionatutako fenomenoak.
  • Ilargiaren deskripzioa eta mugimendu orbitalak.
  • Sistema berriaren esplikazioa.
  • Sistema berriaren esplikazioa (jarraipena).
Nicolaus Coppernicus iuro.png
Sinadura

Bere obraren esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zalantzan jarri zuen gizakia zela Unibertsoaren zentroa. Kopernikoren ideia erabat iraultzailea zen eta zientziaren aldaketen aitzindaria. Modernitatea sumatzen da naturari izaera teologikoa kentzen dionean, zentroa ez da gizakia eta mugikortasun bat dago, planeta guztiek duten mugikortasuna.

Kopernikoren ondoren, arrazoiak gizakia gobernatzen duen ideia agertuko da. Gizakia autonomoa da, baina bere autonomia arrazoian datza.

Arrazoia Naturaren jabe egin daiteke, dominatu eta kontrolatu. Gizakia ez da, jada, Unibertsoaren zentro fisikoa, baina zentro arrazionala izango da.

Kopernikoren biografian Elizaren eragina ikusten dugu uneoro. Umezurtz geratu eta osaba kanonigoak hartu zuen, gero apezpiku egingo zelarik. Osaba Lucas arduratu zen bere heziketa akademikoaz ospe handiko unibertsitateetara bidaliz eta bere jakinduria zabalduz. Elizak Kopernikoren obra kondenatu zuen, baina Eliza Katolikoa izan zen bidea zabaldu ziona.

Fronborkeko katedralean dagoen epitafioa

1512an, osaba Lucas hil zenean, Elizaren babesean jarraitu zuen, koadrantea, astrolabioa eta "tresna paralaktikoa" erabiliz, Eguzkiari egin zion so, Ilargiari eta izarrei. Azken behaketa 1529ko martxoaren 12an jaso zuen, Artizarra planeta. 56 urte zituen orduan.

Espezialista gehienen ustean, Kopernikok De Revolutionibus[7] bukatuta zuen 1530 aldera. Baina ez zuen argitaratu nahi izan. Zergatik ote? 20 urtez egindako lana eta dudatan argitaratzeko orduan? Liburua 1543ko udaberrian atera zen eta Osianderrek idatzitako abisua, Schönberg kardinalak 1536an Kopernikori idatzitako gutuna eta Kopernikok Paulo III.a aita santuari eginiko eskaintza bat ere bere barnean zituen. Eskaintza honetan, autoreak badaki Lurraren mugimenduak kondenatuko duela. Matematikariak ez direla ados jartzen esaten dio aita santuari, ez daudela ziur Eguzkiaren eta Ilargiaren mugimenduaz. Gainera, ez dira munduaren forma aurkitzeko gai izan.

Kopernikoren ideia nagusia, Antzinako ideia eta printzipioak mantentzea izan zen, baina beste hipotesi batekin: Lurraren mugimendua. Unibertso finitu eta itxia aurkezten digu, baina infinituki urruntzen diren izarrez osatua ere.

Argitalpenaren lehenengo alea bere heriotzaren egunean iritsiko zitzaion Nikolas Kopernikori, 1543ko maiatzaren 24an.

Harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran Erromako elizak[8] eta Protestanteak ere deitoratu zuten, Martin Luther eta Joan Kalbino tartean.

Geroago Kepler astronomo, astrologo eta matematikoak Kopernikoren teoria birmoldatu zuen eta Galileok ,1610an, Artizarrak Eguzkiaren inguruan egiten zuela bira ohartu zenean, teoria egiaztatu zuen.

Newton horren guztiaren bukatzailea zen.

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Alemanek eta polakoek berea egin dute Copernicoren jaioterria. Hau ulertzeko zera hartu behar dugu kontutan: His country was the province of ancient Royal Prussia, composed of his native Torun and Warmia, both components of the Polish state since 1454 - Barbara Bieńkowska: The Scientific World of Copernicus on the Occasion of the 500th Anniversary of His Birth 1473-1973, 1973, 137 or.
  3. http://www.britannica.com/EBchecked/topic/136587/Copernicus
  4. http://www.elmundo.es/elmundo/2009/12/28/ciencia/1262017929.html
  5. Leonardo Moledo/Esteban Magnani, Diez teorías que conmovieron al mundo (I) (2006), Capital Intelectual.
  6. "Las Matemáticas y la Cultura: Matemáticas, Arte y Ciencia en los comienzos de la Revolución Científica"
  7. http://ads.harvard.edu/books/1543droc.book/
  8. http://www.milenio.com/firmas/carlos_tello_diaz/centro-universo_18_173562679.html Carlos Tello Diazen komentarioa.
  9. http://zientzia.net/artikuluak/112-elementua-kopernizioa-aintzatetsia/
  10. http://www.slideshare.net/maitebeurko/elementuen-taula-periodikoa
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nikolas Koperniko Aldatu lotura Wikidatan