Blade Runner

Wikipedia, Entziklopedia askea

Blade Runner 1982an Ridley Scott ingeles zinema zuzendariak zuzendutako zientzia-fikziozko film bat da. Philip K. Dick idazlearen Do Androids Dream of Electric Sheep? (1968) ("Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?") eleberrian oinarritua, nahiz eta bien arteko desberdintasunak nabarmenak diren. Harrison Ford, Rutger Hauer, Sean Young eta Edward James Olmos aktoreek antzeztu zuten.

Bi oscarretarako proposatu zuten. Hasieran ez zuen oso kritika onik jaso, eta estreinaldian harrera apala izan bazuen ere, urteen joanean klasikoa eta kultuzko filma bilakatu da. Horren arrazoietako bat bertsio ezberdinen existentzia da. Ziberpunk mugimenduaren aitzindarietakotzat jotzen dute.

Filma estreinatu eta berehala zientzia-fikziozko zinemako kultuzko filma bilakatu zen.

Soinu banda ahaztezina Vangelis greziar musikagile ezagunak konposatu zuen, eta izen bereko Blade Runner doinu kitzikagarria mundu mailan oso ospetsu bilakatu zen.

Agumentua

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

« XXI. mendearen hasieran, TYREL Korporazioak NEXUS izeneko robot mota berri bat garatu zuen, birtualki gizakiaren berdina zen izakia, ERREPLIKANTEA zeritzona.
NEXUS 6 erreplikanteak indar eta bizkortasunez hobeagoak ziren, eta adimenez gutxienez eurak sortu zituzten genetika ingeniariak adina.
Erreplikanteak kanpo-espazioan esklabo-langile gisa beste planeta batzuen esplorazio arriskutsuan eta kolonizazioan erabiliak izan ziren.
Kanpo-espazioko kolonia bateko NEXUS 6 guda talde baten matxinada odoltsuaren ostean, Erreplikanteak Lurrean heriotz zigorpean legez kanpo jarri zituzten.
Polizia Eskuadra Bereziek - BLADE RUNNER UNITATEAK - edozein Erreplikante kanpotar antzemanez gero haiek tiroz hiltzeko agindua jaso zuten
.


Honi ez zitzaion exekuzioa deitu.
Erretiroa deitu zitzaion.
»
Hitzaurrea

2019ko azaroa, Los Angeles hiria. Rick Deckard agenteari (Harrison Ford) bere buruzagiak misio berri bat gauzatzeko erretirotik deitu berri du, bere lanean dabiltzanei Blade Runner deritzaie ("Erreplikante Ehiztariak"), beren betebeharra aldiz erreplikanteak "erretiratzea" (hiltzea). Deckarden lankidea zen Holden (Morgan Paul) agenteak Leon erreplikante iheslari (Brion James) Voight-Kampff froga egiten ari zitzaion bitartean tiro bat jaso eta hil egin da.

Deckard agentea Bryant buruagiarekin (M. Emmet Walsh) elkartu eta honek Nexus-6 modeloko erreplikanteen ihesari buruz azalpenak emango dizkio. Bryantek Deckardi haien berri emango dio: Roy Batty (Rutger Hauer) iheslari taldeko buruzagia da, Leon gudari eta langilea, Zhora (Joanna Cassidy) hiltzaile gisa entrenatutako sexu langilea eta Pris (Daryl Hannah) 'atsegin emateko oinarrizko modeloa'. Bryant buruzagiak azaltzen dionez, Nexus-6 erreplikanteek lau urteko bizimuga dute, neurri hau haien garapen emozional ezegonkorra ekiditeko hartu omen zen. Deckard agenteari Gaff agenteak (Edward James Olmos) erreplikanteak ekoizten dituen Tyrell Corporation lantegira lagunduko dio, han Voight-Kampff frogak Nexus-6 modeloetan nola dabilen egiaztatzeko asmoz. Bertan, Deckard agenteak lantegiaren nagusia den Tyrell (Joe Turkel) eta haren idazkari eder eta gaztea den Rachael (Sean Young) topatuko ditu; Deckardek Rachaeli froga egin ondoren, erreplikante bat dela deskubrituko du. Tyrellek erreplikante esperimental honi oroimen eta sentipen oinarri bat txertatu diotela azalduko dio, eta modu horretan gizaki bat dela sinestarazi diotela.

Deckard eta Gaff agenteak Leon erreplikantearen solaia mihatzera joangi dira, bienbitartean Roy eta Leon erreplikanteek haien begiak dinseinatu dituen Chew (James Hong) diseinatzailearengana joan eta beren diseinuaren arduraduna nor den esatea behartuaraziko dute: J.F. Sebastian (William Sanderson), honek erreplikanteak Tyrell nagusia topatzeko bidea erraztuko die. Ondoren, Rachaelek Deckard bere solairuan bisitatu eta bera izakia dela frogatu nahiko dio, baina bere oroimenak artifizialak direla jabetzean negarrez aldegingo du. Pris erreplikanteak Sebastian ezagutu eta haren zintzotasunaz baliatuz bere etxebizitzan sartzea lortuko du.

Leonen solairuan topratutako arrastoek Deckard agentea Taffy Lewis tabernara eramango dute, hau Zhora erreplikanteak suge irudiko tatuaian zeraman izena baita. Zhora erreplikantea jendez beteriko kaleetan barna Deckard agentearengandik ihez egiten saiatuko da, baina Deckard agenteak atzeman eta "erretiratu" egingo du. Tiroketa honen ondoren, Gaff eta Bryant agertu eta Deckard agenteari Rachael ere "erretiratu" beharrean dagoela berri emango diote. Deckard agenteak Rachael urrutira ikusiko du, baina haren atzetik doala, bapatean Leonek arma kendu eta Deckardek sekulako jipoia jasoko du. Rachaelek Leoni tiro egingo dio, Deckard bizia salbatuz, honela biak Desckarden etxera joan eta han Rachaelek bizirik jarraitzeko aukerei buruz estabaidatuko dute. Musikaz lagundutako une intimo batean, biak elkar maiteminduko dira.

Bienbitartean, Roy erreplikantea Sebastianen etxera iritsi eta Prisek harengan duen eraginaz baliaturik Sebastianek bi erreplikanteak Tyrellengana eraman ditzan gonbentzituko ditu. Jada Tyrellen etxean daudela, Roy erreplikanteak Tyrelli bere bizitza luzatu eta bere bekatuez barkamena eskatuko dio. Tyrellek Royri hau erantzungo dio:

« "Indar bikoitzarekin distiratzen duen argiak denbora erdia irauten du. Eta zuk, Roy, indar askorekin distiratu duzu ". »
Tyrell

Bere eskaerak ukatuak ikusirik, Royek etsipenez Tyrell eta Sebastian hilko ditu.

Hilketa horien ondoren, Deckard agentea Sebastianen etxera bidalia da. Han, Pris erreplikanteak jada segada bat prestatua dio, baina borroka latz baten ondoren Deckardek ozta-ozta tiro egin eta hiltzea lortuko du. Roy erreplikantea itzuli eta Deckard agentea etxe hartan topatuko du, honela Roy erreplikateak Deckard agentea eraikin osoan zehar jarraituko du, eta azkenean biek teilatuan amaituko dute. Deckard zauriturik aldamenko eraikinera jauzi egiten saiatuko da, baina jauzi egitean kale egin eta habe batean zintzilik geldituko da. Roy erreplikanteak jauzi eginez beste eraikinera erraz iritsiko da, honela Deckard bere mende edukiz eta hari begietara zuzen-zuzen begiratuz. Deckard habetik zintzilik eta erreplikanteak bultzatuz jada hilko duela ziurtzat edukiz, ustekabean Roy erreplikanteak Desckar eskumuturretik eutsi eta gora igoz bizia salbatuko dio.

Roy jada fisikoki oso ahul dago (bere 4 urteko bizitza amaitzear baitago), Deckarden aurrean eseri eta etorri handiz bere bizitzako une garrantzitsuak Deckarc agente harrituari azalduko dizkio. Azkenean esaldi honekin amaitutzen du:

« "...Sinestuko ez zenituzkeen gauzak ikusi ditut. Orion baino haratago sutan zeuden ontziak erasotzen. Tannhäuser atari ondoan, C-izpiek iluntasuna nola argitzen zuten ikusi dut. Une guzti horiek galdu egingo dira, negar tantak euritan bezala. Hiltzeko ordua da". »
Roy Batty erreplikantea.

Roy erreplikantea hiltzen den unean bertan bere eskuetatik uso bati ihes egiten lagako dio, bitartean Deckardek erreplikanteari harri eta zur begiratuko dio.

« Ez dakit bizia zergatik salbatu zidan. Beharbada, azken une horietan bizitza inoiz baino gehiago maite zuen, ez bakarrik berea, guztiona, nirea. Berak nahi zuen bakarra guztiok bilatzen ditugun erantzunak aurkitzea zen: nondik nator? Nora noa? Zenbat denbora geratzen zait? Nik egin nezakeen bakarra bertan eseritzea eta nola hiltzen zen ikustea zen" »
Rick Deckard

Ondoren, Deckard agentea etxera itzuli eta Rachael erreplikantearekin elkartuko da, hura berarekin batera hartu eta elkarrekin urruti bizitzeko asmoz ihes egingo dute. Etxea uztera doazen unean Gaff agenteak egiteko zaletasuna duen paperezko origami bat topatuko du, Gaff bere etxean egon dela eta haiei ihesa errazten diela jakinaraziz. Bapatean, haren ahotsa esaldi hau esanez entzungo dute:

« "Lastima bera betirako bizi ahal ez izatea, baina, nor bizi duk betirako?". »
Gaff agentea

Ondoren, bikoteak etxetik aldegingo du...

Aktoreak

Bibliografia

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Blade Runner Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Blade Runner