Bridget Riley

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bridget Riley: Bridget eserita

Bridget Louise Riley (Londres, Ingalaterra, 1931 -) britainiar pintorea da.

Op Art arte-mugimenduko margolari aipagarrienetako bat da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Forma abstraktuzko irudi konplexuak sortu zituen, efektu optiko deigarriak lortzeko.

Bridget Riley Londresen jaio zen eta Londresen bertan egin zituen ikasketak; marrazkilari gisa espezializatu zen. 1950eko hamarraldiaren bukaerako lanetan Georges Seuraten puntillismoaren eragina antzeman daiteke. Izan ere, Maurice de Sausmarez pintoreak Rileyren obraren miresle handia zen Seurat aztertzera bultzatu baitzuen. Dena dela, Rileyk 1960ko hamarraldian egin zituen koadro abstraktuen bidez lortu zuen ospea.

Hasierako etapa puntillistaren ondoren, 1960tik aurrera kolore laueko eta gainalde zabaleko pintura egin zuen, zuri-beltzeko obra ugari egiten hasi aurretik, 1961-1965 bitartean. Aurrerago, bigarren aldian, forma geometrikoko sailak egin zituen, batetik bestera tamaina eta forma pittin bat aldatuz, mugimendua adierazteko. Horren erakusgarri aipagarrienetako bat Fall (Erorikoa) da (1963, Londres). 1960ko hamarraldiaren bukaeran beste mekanismo optiko batzuk saiatu zituen: kolore osagarri garbiko lerroak bata bestearen ondoren margotuz kolore banakoen pertzepzio argia aldatzen zuen.

1970eko hamarraldian zehar kolore-gama zabaldu zuen, zuria eta beltza barnean zirela. Abstrakzio-maila handia bada ere, Rileyren obrek bere munduaren ikuspegia erakutsi nahi dute, Egiptoko bidaia baten ondoren 1980an egin zuen pintura-sailean ikus daitekeen bezala.

Rileyk eragin handia izan du Op Art joeraren bilakaeran; eragin handia izan zuen herrialde askotako artistengan, eta laguntzaile asko izan zituen, haren lanak haren diseinu eta argibideen arabera bukatzen zituztenak. XX. mende bukaerako arte gehienean bezala, Rileyren obran ere lanaren osagai kontzeptuala lanaren beraren nolakotasun indibiduala baino garrantzitsuagoa izatera iritsi zen.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]