Charles Vanel

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Charles Vanel (Rennes, 1892 - Cannes, 1989) frantziar aktorea izan zen. Itsas eskolan hasi zen, baina, ikusmenean zuen akats bat zela-eta, ezin izan zen marinel hasi. Hamabi urte zituela, Parisen, Montparnasse Antzokira joaten hasi zen, eta antzezle izan nahi zuela ohartu zen. 1908an figurante gisa egin zuen debuta Hamleten, eta 1911n kafetegi bateko mutiko baten papera egin zuen Jim Crow filmean. Gerraren ondoren, Firmin Gémieren taldean sartu zen, Antoine Antzokian, eta 1922an zinemara itzuli zen Robert Boudriozen L'Âtre (Sutondoa) filmarekin. Hura izan zen garrantzizko lehenengo lana zineman, eta, harrezkero, ez zuen mundu hori utzi. Bere filmografiak berrogei titulu inguru biltzen ditu zinema mutuan, eta ehun eta hogei zinema soinudunaren hasieratik azken filma egin zuen arte, Les Saisons du plaisir (1987, Atseginaren urtaroak). Zineman batez ere gizon zintzo, hiritar onaren paperak egin zituen. Aipagarriak ditu: Les Misérables (1933, Miserableak), Grand jeu (1934, Joko nagusia), L'Équipage (1935, Ekipajea), Les Pirates du rail (1938, Burdinbideko piratak), La Loi du Nord (1940, Iparraldeko Legea), Le ciel est à vous (1943, Zerua zuena da), Salaire de la peur (1952, Izuaren soldata), L'Aîné des Ferchaux (1962, Ferchauxtarren zaharrena). Vanel bitan saiatu zen zuzendaritza-lanetan, Dans la nuit (1930, Gauean) eta Affaire classée (1931, Zeregin amaitua).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]