Danielle Darrieux

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Danielle Darrieux, 2008an.

Danielle Yvonne Marie Antoinette Darrieux (Bordele, Frantzia, 1917ko maiatzaren 1a) frantses antzezlea da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitan biolontxeloa jotzen ikasi zuen eta kontserbatorioan aritu zen. Hamalau urte zituela, aldizkari batean atera zen film batean parte hartzeko iragarkiari erantzun, eta hala hasi zen Darrieuxen antzezle-karrera (La Bal, 1931). Bost urtean hamabost film luze egin zituen, horien artean ezagunena, beharbada, Léo Joannonen Quelle drôle de gosse! (1935, "Zein mutiko barregarria!") izan zen.

Baina Darrieuxek ez zuen paper arinetan gelditu nahi, eta Mayerling (1963) lanean, Vetsera kondesaren paperean, erakutsi zuen zirrara sortzen ere bazekiela. Bere senar Henri Decoin zinemagileak eman zizkion bere karrerako paperik onenak, Abus de confiance (1937, "Gehiegizko konfiantza") eta Retour à l'aube (1938, "Hasierara itzultzea") melodrametan, eta Battements de coeur (1939, "Bihotz taupadak") eta Premier Rendez-vous (1941, "Lehenengo hitzordua") komedietan. Azken horretan abeslari ere izan zen. Eta erraztasun berarekin igaro zen tragediatik (Ruy Blas, 1947), vaudevillera (Occupe-toi d'Amélie, 1949), eta espioi-filmera: L'Affaire Cicéron (1951, Zizeron auzia). Hala ere, Darrieuxek paper garrantzitsuenak Max Ophulsen hiru filmetan egin zituen: La Ronde (1950, "Erronda"); Le Plaisir (1951, "Atsegina"); eta Madame de... (1953).

Danielle Darrieuxek etenik gabe lan egin du: Le Rouge et le Noir (1954, "Gorria eta Beltza"); L'Amant de lady Chatterley (1955, "Lady Chatterley-ren maitalea"); Pot-Bouille (1957). Belaunaldi berrietako zinemagileak inspiratu ditu, batez ere Claude Chabrol (1962, Landru), Jacques Demy (Les Demoiselles de Rochefort, 1966; Une chambre en ville, 1982), Paul Vecchiali (1983, En haut des marches), André Téchiné (1986, Le Lieu du crime) eta Marie-Claude Treilhou (1990, Le Jour des rois). Antzerkian ere lan egin du: la Robe mauve de Valentine (1963), Adorable Julia (1987), Harold et Maud (1995), eta baita telebistan ere. Haren azken lanetako bat François Ozonen 8 Femmes filmekoa izan da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Danielle Darrieux Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]