Dopamina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Dopaminaren egitura kimikoa

Dopamina (DA) garunaren zenbait eskualdetan sintetizatzen den neurotransmisorea da. Nerbio sistema zentralaren kitzikatzailea da eta Parkinson gaixotasunarekin erlazionatuta dago. Katekolamina bat da.

Horretaz gain, hipotalamoak askatutako hormona ere bada. Hormona bezala bere eragin garrantzitsuena prolaktinaren askapena inhibitzea da.

Dopamina medikamentu bezala administratu daiteke, baina bere liposolugarritasun txikia dela eta ez du ondo zeharkatzen muga hematoentzefalikoa. Hori dela eta lebodopa bezala administratzen da, hau da, profarmako moduan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dopamina 1910ean sintetizatu zuten George Burger eta James Ewens ikerlari britainarrek. 1958an, Arvid Carlsson-ek (2000. urteko Nobel saridunak) dopamina ere neurotransmisore bat zela frogatu zuen, noradrenalina eta adrenalinaren molekula aitzindaria izateaz gain.

Sinapsi dopaminergikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biosintesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dopamina noradrenalinaren biosintesian tartekoa da. Tirosina aminoazidoa da bere prekurtsorea. Honi hidroxilo bat sartuz, L-dopa lortzen da, dopaminaren aitzindaria. L-doparen deskarboxilazioz dopamina lortzen da.

Metatze eta askapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin neurotransmisorea sintetizatu denean, neurona dopaminergikoan besikula baten barnean metatuta geratuko da.

Askatzeko ordua iristen denean, hau da, kaltzioak seinalea ematen duenean, besikula honek neuronaren mintzarekin bat egingo du neurotransmisorea sinapsi gunera askatuz.

Hartzaileekin lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dopaminak bost hartzaile mota ditu: D1, D2, D3, D4 eta D5. D1 eta D2 izan ziren lehenengo aurkitu zirenak, besteak gerora aurkituz iren.

Eliminazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dopaminak seinalea eman ondoren, sinapsi gunetik desagerarazi behar da. Horretarako bi bide daude: errekaptazioa edo metabolismoa.

  • Errekaptazioan, neurotransmisorea sintetizatu duen neuronara itzultzen da dopamina aurrerago berrerabilia izateko.
  • Metabolismoan, bi pauso ematen dira. Lehenengo desaminazio bat (MAO) eta gero, hirugarren posizioan dagoen oxigenoaren metilazioa (KOMT).

Eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dopaminak funtzio ugari ditu garunean: jarrera kognitiboan, aktibitate motorean, esnearen ekoizpenaren erregulazioan, loguran, umorean, arretan eta ikasterako garaian.

Horretaz gain, dopamina eskasia Parkinsonarekin erlazionatuta dago. Gaixotasun honetan mugimendu kontrolatuak egiteko gaitasuna galtzen da.

Farmakologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dopamina sistemaren gain eragiten duten hainbat farmako daude. Horietako batzuk, agonistak dira, hau da, sistema kitzikatzen dute. Beste batzuk aldiz, antagonistak dira, sistemaren inhibitzaileak.

Agonistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agonista zuzenak Dopaminaren hartzaileen agonistak dira. Hauen gain eragiten dezakete modu zuzenean edo zeharka.

Zuzeneko agonistak. Zuzenean eragiten badute, hartzaileei lotu eta dopaminare efektu berdinak bultzatuko dituzte.

Zeharkako agonistak. Zeharkako eragina dutenek aldiz, dopaminaren efektua bultzatzeko beste bide bat erabiltzen dute. Kasu honetan dopamina metatuta dagoen besikulen hustuketa bultzatzen da.

Antagonistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antagonistak dopaminaren hartzaileekin lotu baina eragin biologikorik ematen ez dutenak dira.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dopamina Aldatu lotura Wikidatan