Katekolamina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Katekolaminak dopamina, noradrenalina eta adrenalina barne hartzen dituen substantzien talde bat da. Katekol eta amino talde bat dituzte beren egituran eta guztiak tirosina aminoazido aitzindaritik eratorriak dira.

Katekolaminak gongoiletan sintetizatzen direnean hormona funtzioa betetzen dute. Neuronetan sintetizatu eta sinapsi gunera jariatzen badira aldiz, neurotransmisoreak kontsideratzen dira. Sinpatikomimetikoak dira, hau da, nerbio sistema sinpatikoa kitzikatzen dute eta estresarekin asoziaturik daude. Uretan disolbagarriak dira eta odolean zehar garraiatzen dira proteina plasmatikoei lotuta.

Sintesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katekolaminen biosintesia L-tirosinatik abiatuta

Dopamina da lehenengo sintetizatzen den katekolamina. Gero, bere egituran zenbait aldaketa eginez, noradrenalina eta adrenalina lortzen dira. Hona hemen katekolaminen sintesiaren azalpena pausoz pauso:

Katekolaminak batez ere nerbio sistema sinpatikoan ekoizten dira. Tirosina hidroxilasa katekolaminak sintetizatzen diren zelula guztietan dagoen kantitate mugatuko entzima bat da. Tirosinaren meta posizioan hidroxilo talde baten adizioa katalizatzen du biopterina eta oxigenoa kofaktore gisa erabiliz eta L-dihidroxifenilalanina (lebodopa) eratuz.

Hurrengo erreakzioan dopamina deskarboxilasa erabiltzen da entzima katalizatzaile moduan. Honek L-dopa deskarboxilatu egiten du dopamina emateko.

Dopaminatik noradrenalina lortzeko dopamina β-hidroxilasa entzima beharrezkoa da. Entzima honek askorbikoa eta oxigenoa ezinbestekoak ditu katalisirako.

Azkenik, adrenalina ekoizteko feniletanolamina N- metiltransferasak metil talde bat sartzen dio noradrenalinari bere amino taldean.

Baldintza normaletan tirosina kontzentrazioak tirosina hidroxilasa asetuta edukitzeko adinakoak dira. Tirosina hidroxilasak fenilalanina hidroxilatu eta tirosina emateko gaitasuna ere badu. Hau fenilzetonuria duten gaixoetan baliagarria da, gaixo hauek fenilalanina hidroxilasaren urritasuna baitute.

Katekolaminen biosintesia oso erregulatuta dagoen prozesua da.

Eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Noradrenalina, adrenalina eta dopaminak nerbio sistema zentrala erregulatzeaz gain, odolean hormona moduan jarduten dute. Odolean katekolamina hauen maila altuak estresarekin erlazionatzen dira.

Katekolaminek gorputza erne egoeran jartzen duten aldaketa fiologikoak bultzatzen dituzte. Aldaketa ohikoenak bihotz maiztasunaren, presio arterialaren, odoleko glukosa mailen eta nerbio sistema sinpatikoaren erreakzioaren igoera dira.

Hala ere, katekolaminak hartzaile espezifikoetara lotu behar dira beren eragina emateko.

Hartzaile adrenergikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • α1 agonistak: basouzkurtzaileak
  • α2 agonista zentralak: hipotentsoreak
  • α1 antagonistak: antihipertentsoreak
  • β1 antagonista kardioselektiboak: anginaren aurkakoak
  • β2 agonistak: bronkozabaltzaile eta basozabaltzaileak
  • β3 agonistak: obesitatearen aurkakoak

Noradrenalina eta adrenalinaren hartzaileak dira. Bi neurotransmisore hauek eragin anitzak dituzte. Muskulu leunaren uzkurketa edo erlaxazioa eragin dezakete. Odol hodien uzkurketa edo zabalkuntza eta bronkioen zabalkuntza bultzatzen dute. Bihotzaren maiztasuna eta intentsitatea igotzen dute, gastu kardiakoa handituz.

Hartzaile dopaminergikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bost hartzaile mota bereizten dira: D1, D2, D3, D4 eta D5.

Dopaminaren hartzaileak dira eta arretan, umorean, ikasteko gaitasunean, loguran, jarrera kognitiboan esnearen ekoizpenaren erregulazioan... eragiten dute.

Degradazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Minutu batzuetako erdibizitza besterik ez dute odolean zehar doazenean.

Monoaminooxidasa (MAO) entzima da katekolaminen degradazioaren erantzule nagusia. Entzima hau heste eta gibelean oso ugaria da eta anfetamina eta IMAO-ek inhibi dezakete katekolaminen erdibizitza luzatu eta bide batez, bere eragina ere luzatzeko.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Katekolamina Aldatu lotura Wikidatan