Adrenalina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Adrenalinaren egitura kimikoa

Adrenalina, epinefrina ere deitua, giltzurrungaineko guruinek jariatutako hormona da, C9H13NO3 formula duena. Katekolamina bat da, hots, katekol eta amino taldeak dituen molekula bat. Katekolamina guztien antzera tirosina aminoazidotik eratorria da.

Hormona izateaz gain adrenalina ere neurotransmisorea da, hots, neuronen arteko edo neurona bat eta beste zelula baten arteko mezu elektrikoen transmititzailea.

XIX. mendearen amaieran aurkitu zuten, eta bere sintesi kimikoa 1904. urtean lortu zuen Friedrich Stolz-ek.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giltzurrungaineko guruinek bi zati dituzte: azala eta muina. Azalak kortisona, kortisola eta aldosterona hormonak jariatzen ditu (hormona esteroideak). Muinari, berriz, adrenalina eta noradrenalinaren ekoizpena dagokio.

Muinak nerbio-bukaera ugari ditu, oso inerbatua da. Azalak, aldiz, ez.

Lotura estua dago nerbio-sistema eta katekolaminen artean. Jakina da, esaterako, nerbio-sistemaren zati batzuen estimulazioak (hipotalamoarena, adibidez) adrenalinaren askapena eragiten duela.

Alderantziz, adrenalinak ere nerbio-sistema begetatiboari eragiten dio, nerbio-sistema sinpatikoari batez ere.

Azkenik, hainbat nerbio-kinadak adrenalinaren askapena eragiten dute, giltzurrungaineko muinari ukitzen baitiote.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adrenalinak sortzen dituen efektuak oso anitzak dira, eta nerbio-sistema sinpatikoaren estimulazioak eragiten dituenaren antzekoak. Zilegi da esatea adrenalinak organismoa prestatzen duela alarma egoera bati erantzun azkarra emateko (esaterako, arrisku baten aurrean animaliek arreta eta esfortzu fisiko handia egin behar dutenean).

Eragiten dituen aldaketa fisiologikoen artean hauek dira aipagarrienak:

  • bihotz-taupadak azkartzen ditu, erritmo kardiakoa handituz
  • odol zirkulazioa bizkortzen du; ondorioz, odol gehiago iristen da giharretara.
  • begi-ninien dilatazioa eragiten du, ikusmena hobetuz.

Laburbilduz, arnasketaren eta erritmo kardiakoaren aldaketek eta glukosa eta oxigenoaren ekarpenak giharrei prozesu katabolikoen areagotzea eragiten dute, energia gehiago agertuz. Arrisku baten aurrean giharrek behar duten energia eskura izaten dute adrenalinari esker.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Adrenalina Aldatu lotura Wikidatan