Edmundo Pérez Zujovic

Wikipedia, Entziklopedia askea
Edmundo Pérez Zujovic
Minister of the Interior of Chile (en) Itzuli

1968ko otsailaren 15a - 1969ko uztailaren 9a
Bernardo Leighton (en) Itzuli - Patricio Rojas (en) Itzuli
Minister of Public Works of Chile (en) Itzuli

1965eko abenduaren 16a - 1967ko irailaren 7a
Modesto Collados Núñez - Sergio Ossa (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaAntofagasta1912ko maiatzaren 11
Herrialdea Txile
HeriotzaSantiago1971ko ekainaren 8a (59 urte)
Heriotza moduagiza hilketa
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaSt. Aloysius College, Antofagasta (en) Itzuli
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakenpresaburua eta politikaria
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Alderdi kristau-demokrata

Edmundo Pérez Zujovic (Antofagasta, 1912ko maiatzaren 11Santiago, 1971ko ekainaren 8a) Txileko enpresaburu eta politikari bat izan zen, Alderdi Demokrata Kristauko (PDC) militantea. Estatu ministro izan zen Eduardo Frei Montalva presidentearen gobernuan, eta administrazioan Herri Lanen eta Barne Lanen sailen buru izan zen.

1969an, ezkerreko oposizioak salatu zuen Puerto Montt-eko sarraskiaren arduradun nagusia zela —poliziak hamaika nekazari hil zituen, legez kanpoko lur okupazio bat husteko prozeduran—.

1971ko ekainaren 8an, Salvador Allende gobernuburu zela, Vanguardia Organizado del Pueblo (VOP) talde armatu ezkertiarrak hil zuen Pérez Zujovic, sarraski haren mendeku gisa.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antofagastan jaioa, aita Servando Pérez iza zuen eta ama Ángela Zujovicen. Bigarren mailako ikasketak hiri horretako San Luis ikastetxean egin zituen.[1]

18 urte zituela, aita bat-batean hil zitzaionean, familiaz arduratu behar izan zuen: hiru anaia txiki, ama eta unibertsitatean, Santiagon, ikasten ari zen anai-arrebetatik zaharrena. Horregatik, ez zuen goi mailako ikasketarik egin.[2] Hala eta guztiz ere, enpresaburu izatea lortu zuen, batez ere bere herrialdeko iparraldeko eraikuntza eremuan.[3]

Etxebizitza merkeen negozioa garatzen zuten sozietateetan parte hartu zuen, baita igeltsua eta egurrezko lurzoruak egiteko beste batzuetan ere.[3] Halaber, enpresaburu ameslaria eta aurrerakoia izan zen, Iquiqueko portuan arrantza jarduerak hasi zituenean, Guanaye enpresa sortuta.[1]

Lidia Yomarekin ezkondu zen.[4] Hura ere Antofagastan jaioa zen,[1] 1938an, eta bederatzi seme-alaba izan zituzten: bost emakume eta lau gizon.[1] Emazteak ezin izan zuen senarraren heriotza bortitza gainditu eta urte gutxira hil zen.[2] Haren seme Edmundo Pérez Yoma, kristau-demokrata militantea ere, 2008. urtean —Michelle Bacheleten gobernuan— Barne Arazoetako ministroa izatera iritsiko zen.[5]

Jarduera politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frei Montalvaren aliatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frei Montalvak, alderdi falangistaren kide fundatzaile gisa, Herri Lanetako ministro izendatu zuen, lehenik, eta Barne Arazoetako ministro, gero.[2][3][6] PDCn herri lurretako lehendakari, kontseilari nazional eta alderdiko lehendakariorde nazional izan zen.[1]

Puerto Montt-eko sarraskia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barne Arazoetako ministro zela 1969ko martxoaren 9an Puerto Montt-eko sarraskian hamaika nekazari hil zituzten karabineroek, legez kanpo okupatutako lurrak husteko agindu zuenean gobernuak.

Emilio Filippik eta Hernán Millasek 1973ko Anatomía de un fracaso (La experiencia socialista chilena) liburuan nabarmentzen dutenez, «Luis Espinoza diputatu sozialistak sustatuta (...) ehun familia inguruk (...) lur batzuk hartu zituzten, eta uko egin zioten uzteari». «Nahiz eta kanporatze agindua probintziako agintari batek eman, eta Santiagon kontsulta egin ez bazen ere, Pérez Zujovicek bere gain hartu zuen erantzukizun guztia».

Horren ondorioz, ezkerreko oposizioak Pérez Zujovic eta Jorge Pérez Sánchez Llanquihue probintziako bere intendentea arduratu zituzten hilketa hartaz.[7]

1969ko ekainaren 12an, Diputatuen Ganberak Edmundo Pérez Zujovicen aurkako akusazio konstituzional bat errefusatu zuen, «Konstituzioa hausteagatik, botere-abusuagatik eta legeak harrapatzeagatik», aurkako 78 boto, aldeko 54 eta hiru abstentziorekin.[8] Handik hiru astera, ministroak karguari uko egin zion, eta orain dela zenbait urte trebatutako eraikuntza-enpresa batean berriz jardun beharra zegoela adierazi zuen. Uztailaren 9an atera zen.[9][10]

Víctor Jara kantautore ezagunak, Preguntas por Puerto Montt abestian, tragediari buruz galdekatu zuen: «Zuk erantzun behar duzu, Pérez Zujovic jauna, zergatik erantzun zioten herri babesgabeari fusilez».[6][7][11]

Gertaera horrek, besteak beste, gorroto giroa sortu zuen sektore batzuetan Pérez Zujovic-en aurka.

Hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pérez Zujovic, Eduardo Frei Montalva presidentearekin (eskuinean) eta agintari militarrekin.

1971ko ekainaren 8an, 10:50ean, gutxi gorabehera, Vanguardia Organizada del Pueblo(VOP) ezker antolakundeko komando armatu batek geldiarazi zuen, Hernando de Aguirre de Providencia kalean —Carlos Antúnezen eta Carmen Sylvaren artean—, Mercedes Benz ibilgailua gidatzen ari zela, bere alaba María Angelicarekin, Unibertsitate Katolikora baitzeraman. Komandoko kide batek metrailatu egin zuen, eta bederatzi bala sartu zizkion.[2][6][7][12][13]

Poliziaren ikerketari amaiera eman zitzaion komando armatua aurkitu zutenean, eta taldeko hiru kide hil zituztenean: Heriberto Salazar Bello, eta Ronald eta Arturo Rivera Calderón anaiak, lehenago Gazteria Komunistetan ibilitakoak. Arturo «gazte idealista» gisa indultatu zuen Salvador Allendek, 1970eko abenduan.[14] VOP sortu baino urte bat edo bi lehenago, Ronaldek Ezker Iraultzaileko Mugimenduan parte hartu zuen denbora batez, baina utzi egin zuen, erakunde horren pentsamendu taktikoarekin bat ez zetorrelako.[2][6][7]

Pérez Zujovic-en burkideek, Enrique Campos Menéndez idazle eta politikariak, esaterako, Unidad Popular-eko buruzagiak izendatu zituzten hilketaren egile intelektualtzat, eta, aldi berean, Salvador Allende presidente sozialistak eskuin muturreko talde paramilitarrei egotzi zien Pérez Zujovic-en krimenaren egiletza.[6]

Hil osteko omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perez Zujovic-en izena Txileko zenbait herritako kaletan gogoratzen da, baita Vitacura auzoko biribilgune batean ere, Santiagon. 2012an, udalerri horretan bertan, Bicentenario eta Dag Hammarskjöldekin etorbideen izkinan haren oroimenezko monumentu bat jarri zuten.[15]

1991n, Txileko Unibertsitateko Fisika eta Matematika Zientzien Fakultateak beka bat ezarri zuen bere izenarekin.[16]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e (Gaztelaniaz) Txileko Errepublikako Senatua; Edmundo Pérez Zujovic-en omenez, Andrés Zaldívar. .
  2. a b c d e (Gaztelaniaz) El Mercurio (Santiago), 2001-06-03, D27 or.. .
  3. a b c Armando de Ramón et al. (2003) Biografías de chilenos: miembros de los poderes Ejecutivo, Legislativo y Judicial (1876-1973). Santiago, Ediciones Universidad Católica de Chile, III. liburukia, 241. or.
  4. (Gaztelaniaz) «Txileko Senatua. Sesión 2ª, Ordinaria, 1991-06-05.» web.archive.org 2009-05-11 (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  5. (Gaztelaniaz) El Mercurio (Santiago), 2008-01-13, D12 or.. .
  6. a b c d e La Segunda (Santiago), 2001-06-01, 10. or.
  7. a b c d (Gaztelaniaz) Txileko Artxibategia. .
  8. (Gaztelaniaz) Edmundo Pérez Zujovic ministroaren aurkako salaketa konstituzionala.. .
  9. (Gaztelaniaz) «Frei aceptó la renuncia de ministro Pérez». El Mercurio (Santiago), 5 de julio de 1969-0-05. 1. or.. .
  10. (Gaztelaniaz) «Pérez Zujovic entregó Ministerio del Interior». El Mercurio (Santiago), 1969-07-10. 25. eta 29. or.. .
  11. Victor Jara - Preguntas por Puerto Montt. (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  12. (Gaztelaniaz) «Muere ex Ministro Pérez Zujovic | Museo de Prensa» web.archive.org 2009-03-01 (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  13. (Gaztelaniaz) «La Tercera: Icarito - Comienzan los problemas» web.archive.org 2009-02-04 (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  14. (Gaztelaniaz) Txileko Kongresu Nazionala, Diputatuen Ganbera; saioen egunkaria. .
  15. (Gaztelaniaz) Cooperativa.cl. «DC y mundo político inauguraron monumento en homenaje a Edmundo Pérez Zujovic» Cooperativa.cl (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).
  16. (Gaztelaniaz) «BOLETIN INFORMATIVO Junio 17, 1999» web.archive.org 2009-06-26 (Noiz kontsultatua: 2021-12-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]