Sozialismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sozialismo
Red flag waving.svg
Sozialismo motak

Sozialismoa ekoizpen bitartekoak langileriak berak kontrolatu behar dituela pentsatzen duen ideologia edo pentsaera da. Langile maila bat ezartzen du gizartean, teorian behintzat, praktikan ez da beti honela. Bere helburuetako bat, desberdintasunik gabeko gizartea eratzea da. Marxismo eta komunismoa sozialismoaren barnean sartzen dira. Baina biak baturik ez du esan nahi sozialismoa denik.

Sozialismo motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozialismoa XVIII. mendearen bukaera aldera sortu zen, eta XIX. mendearen hasiera aldera indartu zen, langileen mugimenduarekin batera, industria iraultzak sortu zituen baldintza okerrei aurre egiteko asmoz. François-Noël Babeuf izan da sozialistatzat hartu den lehen pentsalaria; hark sortu zuen gerora marxismoan landu zen gizarte klaseen teoria. Sozialismoari buruzko teoriak eratu zituzten lehen pentsalariak sozialista utopiko deitu izan ziren. Besteak beste, aipagarriak dira Charles Fourier, Robert Owen eta Saint-Simon; pentsalari horiek burgesak ziren, klaseen arteko gatazkaren kontrakoak. Langileek jasaten zituzten bizitza eta lan baldintzek kezkaturik, haien ustez beharrezkoa zen gizartearen aldaketa orokorra, gizonari garrantzi handiagoa emango liokeen balioen hierarkia berri bat osatzea.

Saint-Simon gehiengo diren klaseen aldeko agertu zen, ahalik eta onena ahalik eta gehienentzat; aukeren berdintasuna, eta eraginkortasuna nahiz errendimendua oinarritzat hartuko zituzkeen ordena baten beharra azpimarratu zuen: bakoitzari bere ahalmenaren eta obren arabera. Fourier, berriz, moral berri baten beharraz aritu zen, legeak Jaungoikoak gizakiari eman dizkion sen onenek gidaturiko bat-bateko ekintzez ordezkatzearen aldeko zen; hala, harmonia ezarriko litzateke gizartean, gizonek elkarrekin egingo lukete lan, ez litzateke ez morroirik ez gudarosterik izango eta bikoteak zelula berekoietan mantentzen dituen ezkontzaren ordez amodio askea izango litzateke nagusi, haren ustez. Sozialismo britainiarraren sortzailetzat hartzen den Owenen iritziz, berriz, gizakia hazterakoan, bizitzan eta lanean dituen baldintzen fruitua da, eta baldintza horiek zaindu behar dira gizakiaren ongizatea lortzeko. Teorian emankorrak diren gogoeta eta pentsamendu utopiko horiek nekez izan dezakete praxirik, are gutxiago, egun erabat trinkoturik dirauen egitura kapitalistan.

Hala ere, sozialista utopiko horiek, esperimentu gune mugatu eta txikietan bada ere, beren teoriak gauzatu nahi izan zituzten hainbatetan (besteak beste, Considerant sozialistak Falansterio bat ezarri zuen Estatu Batuetan; Cabetek Ikaria sortu zuen; Owenek, berriz, arrakasta gutxi izan zuen Harmonia Berria izeneko kolonia bat). Sozialismoaren lehen pentsalari horiek oso utopikoak izan ziren arren, nabaria da haien eragina sindikalismo sozialistan eta baita kooperatiba edo langile elkarte mugimenduan ere.

Langile mugimenduak izan zuen garapenarekin batera, sozialismoa Europa osora zabaldu zen, eta alderdi sozialistak sortu ziren. 1840. urtea arte, ordea, sozialismoa Frantzia eta Britainia Handia aldean baizik ez zen indartu; Britainia Handian Industria Iraultza sortu eta gehien garatu zen herrialdea zelako, eta Frantzian, XVIII. mendetik ordu arte, ideia iraultzaileen sorleku nagusia izan zelako.

1848. urtean Marx eta Friedrich Engelesen Manifestu Komunista agiria argitaratu zen. Aurretik izan ziren mugimendu sozialisten zenbait ideia hartu bazituzten ere, sozialismo utopikoaren idealismo erromantikoaren aldean sozialismo zientifikoa nagusitu nahi zuten haiek. Sozialismoaren barnean XIX. mendearen bukaera alderako sortu ziren aldeak, batik bat Eduard Bernsteinez geroztik, haren teoria errebisionistek klaseen gatazka eta iraultza baztertzen baitzituen.

1919. urteaz gero sozialismo eta komunismo hitzak sinonimo antzera erabili izan ziren arren, ez ziren gauza bera, III. Internazionalak II. Internazionalaren kontra izan zuen jarrera eta orobat alderdi sozialisten zatiketa ugariak ere kontuan harturik. Ordudanik bide parlamentarioa eta demokratikoa onartzen zuten mugimendu marxistei sozialdemokrata izena eman zitzaien, hitz horren esanahi berrian alegia.

XX. mendean izan diren eredu sozialistak era askotakoak izan dira: Sobietar Batasunean guztiz zentralizaturiko sistema sozialista izan zen alde batetik; Jugoslavian eredu deszentralizatua izan zen nagusi (langileak lantokien kontrolean ez ezik, irabazietan ere parte hartzen zuten), eta beste muturrean ongizate estatuan oinarritzen ziren Suediako, Danimarkako, Frantziako edo Espainiako ereduak.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zugaztietako UGT eta PSOEren Herriko Etxea, 1888an sortua.

Euskal Herrian hainbat esperientzia sozialista egon dira denboran zehar. Lehenengo elkarte sozialistak -PSOE alderdikoak- Bilbo inguruan eta bereziki Ezkerraldea eta Trianoko Mendietako meatzetan sortu ziren. Zugaztietan (La Arboleda), adibidez, Euskal Herriko lehenengo Herriko Etxea dago.

Euskal Herria da Dolores Ibarruri "Pasionaria"-ren sorterria. 1895an jaio zen Gallartan eta bertako Elkarte Sozialistako kide izan ondoren Espainiako Alderdi Komunistan (PCE) militatzen hasi zen. Alderdi honetako Idazkari Orokorra izan zen 1960ra arte eta, ondoren, bertako Lehendakaria. Espainiar Gorteetako lehenengo lehendakariordea izan zen.

Euskal abertzaletasuneko lehenengo alderdi sozialista, eta beraz ezker abertzalearen sortzailea, EAE-ANV izan zen hainbatentzat. Beste batzuentzat, berriz, abertzaletasuna eta sozialismoa proiektu politiko berean batzeko ETAren sorrerara itxaron beharko da (1959).

Frankismo garaian itxilaldi bat egon zen euskal sozialismoan. ETAtik sortuko ziren ondoren euskal sozialismoaren adar nagusiak: EMK, LKI, Euskadiko Ezkerra, EIA... Era berean, PCEren euskal adarrak -Euskadiko Partidu Komunista edo EPK-k- indarra hartu zuen. Gainera, ETAren Langile Fontetik LAK eta LABen sorrerak Bilbo inguruko CCOOren handiagotzea eten zuen, Euskal Herrian oinarritutako langile klase sozialista mugiaraziz. 1978an, Altsasun, ANV, ESB, HASI eta LAIAk Herri Batasuna sortu zuten, independentzia eta sozialismoaren proiektua sendotuz.

Garaiotan, bestalde, eta Trantsizio ondorengo urteetaz geroztik batez ere, PSOEren euskal adarrak (PSE-EE) nahiz Nafarroakoak (PSN), indar handia hartu zuten Hegoaldeko euskal herrialdeetan.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, alderdi sozialistak ez dira gehiengoa izan normalean, nahiz eta Frantziako Alderdi Sozialistak indar handia duen. Abertzaletasunaren eremuan, EMAk nabarmendu zuen mugimenduaren izaera sozialista.

Euskal Herriko alderdi politiko sozialistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, ondoko alderdiek euren burua sozialista edo sozialdemokratatzat jotzen dute:

Beste hainbat alderdi ezkertiar gisa definitzen dira, gehiago zehaztu gabe, edo bestelako izendapenak hartuz.

Sozialista ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sozialismo Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]