Efraín Ríos Montt
José Efraín Ríos Montt (Huehuetenango, 1926ko ekainaren 16a - 2018ko apirilaren 1a) guatemalar militarra, politikaria eta diktadorea izan zen. Armadako jeneral gisa, Guatemalako Gerra Zibilean esku hartu zuen. Estatu-kolpe baten ostean iritsi zen agintera eta 1982-1983 bitartean de facto Guatemalako presidentea izan zen[1]. 2013an epaitu zuten, maien genozidioagatik akusatua[2].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Guatemalako Akademia Militarrean egin zituen ikasketak (aurrerago bertako zuzendari izatera iritsiko zen). 1973 eta 1974 urteetan presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu zen, Kristau Demokrazia alderdiaren aldetik. Hauteskundeak, baina, bere aurkari politiko Kjell Laugerud Garcíak irabazi zituen, bai Laugerud eta bai Ríos Montt armadako jeneral zirela. 1982ko hauteskundeetan Aníbal Guevara jenerala atera zen garaile, baina Ríos Monttek hartu zuen aginpidea, ofizial gazteen estatu-kolpe baten ondoren. Presidente berriaren aurreneko neurrietako bat Foru Bereziko Auzitegiak sortzea izan zen. Auzitegiko epaileek, aurpegia estalita, 200 pertsona baino gehiago epaitu zituzten eta 16ri ezarri zieten heriotza-zigorra.
Ríos Monttek hartutako beste neurri batek, lur errearen praktikak, gerrillari laguntza ematen zion populazio zibila desegiteko balio izan zuen. Giza laguntzarako talde batzuen arabera, neurri horrekin 440 herri suntsitu ziren, milioitik gora nekazari bizilekuz aldatzera behartu zituzten, eta beste 40.000 bahitu edo desagerrarazi egin zituzten.
1990eko presidentetzarako hauteskundeetan, Ríos Monttek bere burua aurkeztu zuen, baina hautespen-erregistroak ez zion baimenik eman, konstituzioak debekatu egiten zuelako estatu-kolperen batean parte hartutako inor lehendakari izatea. 1994an, ordea, bere karrera politikoa berritzeko aukera ikusi zuen, 1985eko konstituzioa aldatzeko erreferendumaren ondoren. Legegintzarako hauteskundeetan Guatemalako Parlamentuko kide hautatu zuten, eta hurrengo urtean, Parlamentuko lehendakari. 1995eko presidentetzarako hauteskundeak deitu zirenean, hautagai-zerrendan sartu ahal izateko legezko borrokan hasi zen, nahiz eta konstituzioaren arabera ezinezkoa zitzaion. Azkenean, Guatemalako Justizia Auzitegi Gorenak diputatu-kargua eta Parlamentuko presidente-kargua kendu zizkion.
Ordutik aurrera, guatemaltar askorentzat benetako buruzagi politikoa izan zenak, eragozpen askotxo izan zituen. Esate Baterako, Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridunak 1999an haren kontrako demanda jarri zuen Espainiako Entzutegi Nazionalean, genozidioa, torturak eta estatu-terrorismoa egin izana salatzeko. Aurrerago, kasua artxibatu egin zuten. Ríosek, berriz, behin ere ez zela genozidiorik egin haren presidentetza-aldian, eta lur errearen akusazioa gerrillaren asmakuntza dela aitortu izan zuen.
2013ko maiatzean Guatemalako epaitegi batek 80 urteko espetxe zigorra ezarri zion, 1982 eta 1983an ixil etniako 2.000 indigenen heriotza eragin zuen genozidioagatik eta gizateriaren aukako krimenengatik. Baina Gorte konstituziogileak baliogabetu egin zuen epai hori. Biktimek eta giza eskubideen aldeko eragileen hitzetan, epaileek presio handia jasan zuten[3].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Efraín Ríos Montt Cidob.org
- ↑ Lander ARBELAITZ: Guatemalako diktadore ohia, maien genozidioagatik akusatua Taupadak. Argia.com. Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratua
- ↑ Jon TORNER ZABALA: Ríos Montt Guatemalako diktadore ohia genozidioagatik zigortu duen epaia baliogabetu dute Argia.com. Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratua
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Efraín Ríos Montt |
- Lander ARBELAITZ: Maien aurkako genozidioagatik Guatemalako diktadore ohia epaitzen ari dira Taupadak. Argia.com.