Emilio Vedova

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Emilio Vedova (Venezia, Italia, 1919 - 2006) margolaria izan zen. Bere kasa ikasi zuen, eta 1942an bat egin zuen Milango Corrente taldeko pintore antifaxistekin: Birolli, Vittorini, Guttuso eta Morlottirekin. Bigarren Mundu Gerran erresistentzian parte hartu zuen, eta 1943an bere bakarkako erakusketa egin zuen, Milango La Spiga e Corrente galerian. 1946an, Morlottirekin batera, Beste Gernika bat manifestua idatzi zuen eta Italiako Arte Fronte Berria taldearen sortzaileetako bat izan zen.

1948an Italiako Arte Abstraktua erakusketan parte hartu zuen, Erroman, bai eta Veneziako Biurtekoan ere, Fronte Berria taldearekin. 1951n bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen Estatu Batuetan, New Yorkeko Catherine galerian. Vedovaren margotzeko era estatubatuar espresionista abstraktuena gogorarazten du, Pollock eta batez ere Klinerena. 1954an bakarkako erakusketa egin zuen Rio de Janeiroko Arte Modernoko Museoan, eta hurrengo urtean Kasseleko lehen Documentan parte hartu zuen. 1957an Nazioarteko Guggenheim Sariketa irabazi zuen. 1965ean Chicagoko Gaur Egungo Arte Institutuak atzera begirakoa eskaini zion, eta handik gutxira Oskar Kokoshkaren lekua hartu zuen Salzburgoko Internationale Sommerakademie für bildende Kunsten. Azkeneko urteetan Venezian irakasle aritu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]