Emma Kirkby
Carolyn Emma Kirkby (Cambridge, Ingalaterra, 1949) sopranoa da.
Biografia [aldatu]
Oxfordeko Unibertsitatean ikasi zuen. Zenbait abesbatza eta musika-taldetan parte hartu zuen, eta, aurrerago, Barrokoko eta Errenazimentuko musikarekin zaletu zen bereziki. Jessica Cashekin ikasi zuen kantua Londresen, eta antzinako musika berreskuratzeko sortu zen mugimenduan parte hartu zuen. 1974an egin zuen debuta Londresen, eta, lau urte geroago, New Yorken.
Haren ahots naturalari eta musikarako berezko dohainari esker, musika klasikoaren aurreko abeslari onenetako bat bilakatu zen. Lehenengo lanak Musica Reservata, Consort of Musicke, Taberner Players eta Academy of Ancient Music taldeekin egin zituen. Aurrerago, bakarlari gisa hasi zen, eta kontzertuak eman zituen mundu osoan. Anthony Rooley laut-jotzailearekin eta haren Consort of Musickerekin egindako lanari esker, bere ahotsaren ezaugarriekin erabat adosten den errepertorioa sakondu zuen. Ezaugarri horiek bereziki nabarmenak dira laut eta ahotserako britainiar abestien grabazio eta kontzertuetan.
Ehundik gora disko grabatu ditu, era askotakoak: Monteverdiren madrigalak, Händelen italiar kantatak, John Dowland eta Robert Jonesen lauterako abestiak eta abar.
Kanpo loturak [aldatu]
- (Ingelesez) Emma Kirkbyren webgunea
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.