Georg Friedrich Händel

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Georg Friedrich Händel
Georg Friedrich Händel
Georg Friedrich Händel (Thomas Hudson, 1749).
Datu pertsonalak
Izen osoa Georg Friedrich Händel
Jaio 1685eko otsailaren 23a
Halle, Saxonia-Anhalt (Alemania)
Hil 1759ko apirilaren 14a
Londres (Ingalaterra)
Sinadura George Frideric Handel Signature.svg

Georg Friedrich Händel (NAF[ˈhɛndəl]) (Halle, Saxonia-Anhalt, Alemania, 1685eko otsailaren 23a - Londres, Ingalaterra, 1759ko apirilaren 14a) musikari barroko alemaniarra izan zen, konposatu zituen opera, concerti grossi eta oratorio musika lanengatik ezaguna. Bizitzaren gehiengoa Ingalaterran igaro zuen, 1727ko urtarrilaren 22an Britainia Handiko herritar bihurtu zen eta George Frideric Handel izena hartu.

Bizitza eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silesian jatorria zuen eta 1609tik Hallen bizi izan zen familia batean sortu zen. Wilhem Zachow izan zuen lehen musika irakaslea eta harekin teklak jotzeko teknika eta polifoniaren idazkeraren ezagutza sakona lortu zituen. 1702an zuzenbide ikasketak hastearekin batera, Domkircheko, Halleko katedral kalbinista, organo-jotzaile izendatu zuten, 17 urte zituela. Unibertsitatean Telemann ezagutu zuen eta bizitza osoan adiskide izan ziren.

Zuzenbidea alde batera utzirik, urte bat geroago, 1703an, Hamburgora joan zen eta operako orkestran, biolin eta klabezin jotzaile izan zen. 1705an estreinatu zituen lehen operak; Almira obra egin zuen, eta, geroago, Nero obra. Arrakastak Giovanni Gaston de Médicisen babesa ekarri zion eta Italiara abiatu zen hurrengo urtean; han Corelli eta Scarlatti aita-semeak ezagutu zituen (1706). 3 urte baino gehiago pasa zituen Italian. Obrak zenbait toki ezberdinetan argitaratu zituen eta horrez gain, musika berria egiten hasi zen, Italiako musikan oinarrituz. Italieraz ere konbinatu zituen bere esaldiak. Lan guzti horri esker, garai hartako Italiako musikari garrantzitsuenak ezagutu zituen. Florentzian, Rodrigo estreinatu eta salmoak, kantatak eta beste musika lanak ondu zituen. Erabateko arrakasta, alabaina, Agrippina operaren bidez iritsi zuen (Venezia, 1709). Organo- eta klabezin-jotzaile bikaina zelako sonak eta bere obra berrien kalitateak (kantatak, oratorioak) ospea ekarri zioten.

1710an Italiatik joan zen eta Hanoverko gorteko orkestrako zuzendari egin zen; denbora laburrez, hala ere, Britainia Handira nahi baitzuen joan. Hara iristean, Londresko gizon entzutetsuenek (Pope, Swift) oso harrera ona egin zioten. Urte bat geroago, 1711n, Rinaldo obra egin zuen, Londresen bertan, baita arrakasta handia lortu ere.

Händelen erretratua (Philip Mercier).

Orobat, bi urte geroago, Utrechteko bakea ospatzeko Te Deum-a jo zuen. Harrezkero, gutxitan eta aldi laburrez irten zen Britainia Handitik. 1714an Hannoverko Hauteslea Britainia Handiko errege izendatu zuten, Jorje I.a izenez. Artean harekiko harremanak oso onak ez baziren ere, hura erregetzara iritsiz gero, Haendelek jakin izan zuen haren faborea berriro bereganatzen, eta berari eskaini zion Water Music ospetsua (1716).

Chamdos dukearen koru maisua izan zen 1718tik 1721era, eta obra anitz egin zuen aldi hartan: Anthems Chamdos izenez ezagun diren hamaika motete, hiru Te Deum, Acis eta Galatea pastorala, Esther oratorioa eta Klabikordiorako zortzi Suiteak.

1719an, Royal Academy of Music delakoa sortu zen eta, haren zuzendari izendatu zutelarik, Haendelek italiar erako hamabost opera egin zituen; haien artean: Floridante (1721), Ottone (1723), Julio Cesare (1724), Scipione (1726), Admeto (1727), Lotario (1729), Alessandro Nell´Indie (1731), Orlando (1733). Britainiarrei Italiako gisako opera onartarazi asmo horretan gorabeherak izan zituen. Izan ere, John Gayk eta Pepuschek beren Beggar's operarekin lorturiko arrakastak Academy of Music delakoaren haserrea ekarri zuen (1728). Aldi hartan, halaber, bere musika instrumental gehiena sortu zuen: hamabi sonata biolin eta baxurako, hamahiru sonata bi biolin eta baxurako, sei concerto grosso eta hogei kontzertu organorako. Jurgi II. a errege koroatu zutenean, Händel izan zen horretarako musikaria, ereserki garrantzitsuak sortu ziren horrela, gero eta arrakasta gehiago zuen Händelek.

Azken aldian, 1740tik aurrera, opera alde batera utzi eta ia soilik oratorioak egiteari lotu zitzaion: Saul (1739); Mesias (1742), Haendelen maisu-lana; Sanson (1742); Juda Makabearra (1746); Josue (1747); Salomon (1748). Azkeneko urteak ikusmena ahuldurik eta bakardadean, baina beti lanean iragan zituen. 1750ean Alemaniarako azken bidaia egin zuen. 1759. urtean hil zen, Londresen. Ikusmena erabat galdurik hil zen eta Westminsteren ehortzi zuten.

Haendelek jasotako eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maisu saxoi zorrotzek eskolatua izan arren, herrialde guztietako musikagileez izan zuen interes handia Haendelek. Hala, italiarrek (Scarlatti, Corelli), frantsesek (Lully, Rameau, Lalande) eta alemaniarrek (Buxtehude) eragina izan zuten Haendelen musikan. Ildo horretatik, Britainia Handira iristean Henry Purcellen garrantziaz ohartu zen, eta gidaritzat hartu zuen. Nolanahi ere, Italiako gisako musikak eragin sakona eta iraunkorra izan zuen Haendelengan, haren berrogei operetan ageri denez. Hogeita zortzi oratorioetan, operetan bezala, gai historikoen molde guztiz desberdinak erabili zituen: tragikoa, irrizkoa, mirarizkoa, heroikoa. Bestalde, hemezortzi concerto grosso direlakoak kontzertu barrokoen artean aberatsenetakoak dira. Bere mendeko eta iraganeko musika orori irekia, melodiarako dohain paregabearen jabe, kontrapuntuaren eta harmoniaren maisu, Haendelek artearen adierazmena areagotzen lagundu zuen eta baita Vienako klasikoen etorrera (Haydn, Mozart, Beethoven) prestatu ere.

Lan ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haendelen omenezko estatua (Louis-François Roubiliac, 1738).

Bere lanik ezagunenen artean "Messiah" (1741), "Water Music" (1717) eta "Music for the Royal Fireworks" (1749) ditugu. Halaber, eragin handia eduki zuen Haydn, Mozart eta Beethoven moduko musikagileengan.

Beste lan batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agrippina (1709)
  • Rinaldo (1711)
  • Ode for the Birthday of Queen Anne (1713)
  • Esther (1718)
  • Acis and Galatea (1719)
  • Giulio Cesare (1724)
  • Rodelinda (1725)
  • Athalia eta Orlando (1733)
  • Alcina eta Ariodante (1735)
  • Serse edo Xerxes (1738)
  • Saul, Israel in Egypt eta Ode for St. Cecilia's Day (1739)
  • Samson (1743)
  • Semele (1744)
  • Hercules (1745)
  • Judas Maccabaeus (1747)
  • Solomon (1748)
  • Jephtha (1752)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Georg Friedrich Händel Aldatu lotura Wikidatan