Francisco Salzillo
Francisco Salzillo Alcaraz (Murtzia, Espainia, 1707 - Murtzia, Espainia, 1783) espainiar eskultorea izan zen.
Biografia [aldatu]
Napoliko eskultore baten semea zen, eta aita hil zenean haren lantegiaren ardura hartu zen. Italiar barrokoko moldeak Espainian ezagutarazi zituen eskultoreetako bat izan zen; erlijio-gaietan oinarrituriko eskulturak eta erliebeak landu zituen batez ere. Zura, burdina, harri-kartoia, ehun gogortuak eta antzeko materialak erabili zituen bere Belen ospetsua (456 pertsonaiek eta 372 animaliek osatua) egiteko; gaur egun Murtziako Salzillo Museoan gordetzen da lan hori.
Aste Santuko prozesioetako eskulturak landu zituen 1752. urtetik aurrera: Erorialdia (1752), Otoitza baratzean (1754); Veronika, San Joan eta Doloretako Ama Birjina (1755-1756); Judasen musua eta Afaria (1763; non trebezia handiz ebazten baitira mahai baten inguruan hamahiru pertsonaia kokatzeak sortzen dituen konposizio-zailtasunak, pertsonaia bakoitzaren azterketa psikologikoa alde batera utzi gabe), eta Kristo zutabeari lotuta (1777-1778).
XVIII. mende hasieran jaiotako eskultoreen belaunaldia plastika barrokoaren azkeneko aldian kokatzen da. Tradiziozko teknika-baliabideak erabiliz eta aurreko aldietako errealismoa galdu gabe, 1730etik aurrera, beste estilo atseginago bat nagusitu zen, rokoko estetikari askoz hobeto egokitzen zitzaiona. Arte rokoko horren ordezkari garrantzizkoena Francisco Salzillo murtziarra izan zen (1707-1783).
Murtziako eskualdeak, garai hartan, merkataritza- eta kultura-harreman handiak zituen Mediterraneoko beste herri batzuekin, eta, susperraldi hark erakarrita, zenbait artista etorri ziren Murtziara, horien artean, Antonio Dupar frantsesa eta Nicolas Salzillo napolitarra, Franciscoren aita. Francisco Salzillorekin lortu zuen estilo hark gailurra, batez ere, prozesioetarako egin zituen eskultura-multzoetan.
Irudi galeria [aldatu]
-
1752ko La Caída
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.