François Arago

Wikipedia, Entziklopedia askea
François Arago

Dominique François Jean Arago (Estagel, 1786ko otsailaren 26a - Paris, 1853ko urriaren 2a) Frantziako fisikari, politikari eta astronomoa izan zen. Perpignanen egin zituen lehen ikasketak eta Eskola Politeknikoan sartu zen 1804. urtean. Bureau des Longitudes bulegoan idazkari izan zen, eta erakunde horretako urtekaria idatzi zuen. Meridiano arkua neurtzen lagundu zion Biot zientzialariari. Harekin neurtu zuen airearen eta beste zenbait gasen trinkotasuna. Fisikaren eta astronomiaren barruan hainbat alorretan egin zituen azterketak eta aurkikuntzak: optika, mineralogia, fisika kosmikoa eta geografia fisikoa landu zituen. Polarizazio magnetikoa aurkitu zuen, eta Copley domina eman zioten horregatik; elektrizitate eta fotometrian ere egin zituen behaketak; fotometro bat asmatu zuen.

Analisi eta Geodesia irakaslea izan zen hogei urtean zehar, eta astronomia-ikastaro bikainak ere eman zituen. 1848an gobernuan sartu zen herriak aukeratuta; Frantziaren kolonietan esklabotza desagerrarazi zuen. Luis Napoleonen gobernua sortu zenean utzi zuen politika. Gay-Lussac zientzia-gizonaren laguntzaile izan zen Annales de Physique et de Chimie lanean. Aragoren zenbait lan aipagarri: Astronomie populaire (Astronomia herriarentzako) eta Histoire de ma jeunesse (Nere gaztaroko historia).


Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: François Arago Aldatu lotura Wikidatan