Esklabotza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Esklabotza Brasilen, Debret

Esklabotza edo esklabotasuna[1] pertsona batek, esklabo izenekoak, horren jabetzat jotzen den nagusiari obedientzia osoa zor izatea da, inolako soldatarik gabe eta bere buruarekiko inolako eskubiderik gabe.

Esklaboak jabea obeditu behar du jaiotzatik edo harrapatua izan denetik (askatasunetik esklabotzarako pausua) heriotza edo bere askapena arte (esklabotzatik askatasunerako pausua).

Esklabotzaren amaierarako nazioarteko eguna abenduaren 2an ospatzen da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar garai eta herri desberdinetan gertatu izan den fenomenoa da esklabotza. XVII. mendetik hasi zen eratzen eskala handiko esklabotzaren molde berri bat; esklabotza mota hori herrialde ahaltsuen beharren arabera gauzatu zen eta Afrikan harrapatutako milioika gizonezko zein emakumezko behartu zituzten Ameriketako lur sailetan bortxaz lan egitera. Lehenik, Britainia Handia eta Holanda eta, bigarrenik, Frantzia, Portugal eta Espainia izan ziren esklabo-merkatuan jardun zuten potentziarik handienak. Esklaborik gehienak gaur egungo Mauritanian, Sierra Leona, Togo, Ghana, Dahomey (egungo Benin) eta Boli Kosta herrialdeetako kostaldetik zetozen.

Merkataritza triangeluarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkataritza triangeluarraren ibilbide bat: berdez, esklabo ontziak zituzten europar erreinuak; gorriz esklaboen jatorria; urdinez, esklaboen helmuga.

Errealitate konplexua zen esklaboen trafikoa; izan ere horretan elementu anitz sartzen zen. Hala nola, Europan produktu tropikalen eskariaren gorakada (kakaoa, kafea, azukrea, ...) eta beraiek ekoizteko landaketak askoz eraginkor eta errentagarriago bihurtzeko beharra, eta, gainera, beltzen ustezko erresistentzia etxalde tropikaletan lan egiteko eta eguraldiaren baldintzei aurre egiteko.

Europako potentziei aparteko onurak ekarri zizkien sistemaren barruan hiru fase bereiz daitezke:

  • Lehenengoa, ontziak Europatik Afrika mendebaldeko kostalderako bandan abiatzen ziren eta han ontzietako upategiak esklaboz kargatzen zituzten kaurien (kauriak diruaren funtzioa betetzen zuten hainbat itsaskiren oskolak ziren) edota bestelako produktu batzuen truke (oihalak, pattarra, bolbora, fusilak, bitxiak,...).
  • Bigarrenik, esklaboak Ameriketara garraiatu eta bizirik heltzen ziren esklaboak saldu egiten zituzten.
  • Hirugarrenik, ontziak kakaoz, azukrez edo kolonietako beste merkantzia batzuez bete eta gero, Europara itzultzen ziren eta bertan merkaturatzen zuten kargamendu preziatua.

Luzeak eta arrisku handiko bidaiak ziren arren, irabaziek ederto justifikatzen zuten enpresa-abentura hura, areago kontuan hartzen bazen nolako etekinak lor zitezkeen.

Harrapaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikan esklaboak lortzea zen, zalantza izpirik gabe, hildako gehien eragiten zuen zeregina. Beltzak garraiatzeko ontziak iristen zirenean, eta behin bertako buruzagiekin behar ziren negozioak burutu ondoren, kostalderako bidean gizonezko eta emakumezko andana bat ikus zitekeen ilara batean sokaz edo zurezko uztarriez loturik. Pertsona haietarik gehienak harrapatzen zituzten tribu arerioen arteko hainbat borrokatan edo arpilaketetan parte hartu zutelako, hiltzaileak zein lapurrak zirelako, edo, lantzean-lantzean bizimodua aurrera atera ezinik zebiltzan familiak zirelako. Kateaz eta girgiluz lotu eta barrakoietan sartu aurretik, esklaboei azterketa anatomikoa egiten zitzaien gaixotasun edo akats fisikoren bat ote zuten ikertzearren. Horren kariaz jakina, giza merkantzia bertan baztertzea erabaki zitekeen edo baita salneurri apalago baten erostea ere. Horrela bada, prezioa adostu ondoren, ontzia kargatu ohi zuten ahalik eta lekurik gehien aprobetxatuz eta, sarri askotan, eraman zezaketen jende baino gehiago hartuta. Azkenik, ontziek Ameriketarako bidea hartzen zuten.

Bidaia eta salmenta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atlantikotik zehar burutzen zen bidaiak makina bat heriotza ekarri ohi zuen, zeren eta, ontziaren upategietan jendea hain pilatuta eta aireztapenik gabe egonda, bizkarroiak eta gaixotasunak erruz ugaltzen baitziren. Hori gerta ez zedin emakume eta haurrei egunean ontzi gainera irteten uzten zitzaien; gizonezkoak, berriz, egunean bi edo hiru aldiz ateratzen zituzten kateaturik zerbait jan eta kirol pixka bat egin zezaten. Janaria, funtsean, arroz, arto, manioka edo babez osatu ohi zen; janari-anoak gosea kentzeko bestekoak baziren ere, ez ziren sekula izaten esklaboei indarra emateko bezain ugariak; horretara beltzen tratulariak ez ziren errebolta baten beldur izaten.

Helmugako portura iristean, eta arauzko koarentena igaro eta gero, apaindu ohi zituzten makillaje moduko bat emanez itxura hobea eman, akatsak disimulatu prezio hobean saltzearren. Maiz salmenta multzoka gauzatzen zen; horrela bada, multzo horietan osasuntsuak eta gaixoak nahasten ziren. Salneurria, berriz, bakoitzak zeukan adin, osasun edota indarraren araberakoa izaten zen. Ordainketa truke-letra edota produktu tropikalen bitartez burutzen zen, eta oso gutxitan erabiltzen zen moneta.

Esklaboen bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esklabo girgiluak.

Esklaboa, beraz, nagusiaren jabetza bilakatzen zen eta, behin etxalde batera lekua aldatu ostean, zeregin desberdinak batzen zituen: etxeko zerbitzuak (sukaldari, orgazain, garbitzaile...), laborantzako lanak (kotoia, azukrea-kanabera edo kafea biltzen) edota lan berezi batzuk (errota-lanak). Egoerak aldakorrak izan bazitekeen ere, esklaboen bizimodua, oro har, oso antzekoa zen leku guztietan. Kasurik gehienetan oso urria izan ohi zuten jatekoa eta, beste debekuren artean, ez zeukaten elkarrekin biltzerik, ez armak edukitzerik, ez irakurtzen eta idazten ikasterik ez trukea egiterik, ez eta etxaldeaz kanpora irteterik ere. Arau horiek hautsiz gero, hainbat zigor ezartzen zitzaien, hala nola, jatekorik ez ematea, burdinaz markatzea, kateaturik ibiltzeko edota lepokoa erabiltzeko beharra, eta zartailuz zigortzea; zigor guztietarik latzena edo ankerrena azken hori izaten zen. Amaitzeko, jopuaren definizioa da: nekazari ez libreak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan bi formak jasotzen dira. Euskalterm terminologia-bankuan, berriz, esklabotza soilik agertzen da; eta EHUren Zehazki Hiztegian, esklabotasun.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Esklabotza Aldatu lotura Wikidatan