Günter Kunert

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Günter Kunerten sinadura

Günter Kunert alemaniar idazlea da (Berlin, 1929). 1948an hasi zen bere lehenengo literatura-testuak (poema satirikoak eta kontakizun laburrak) argitaratzen. 1949an Alderdi Sozialistako kide egin zen, eta 1951n Bertolt Brecht ezagutu zuen. 1960ko hamarraldiaren hasieran, Kunertek zuen literatura-jarrera oso kritikatua izan zen, Alderdiak ezarritako ildotik irteten zelako. 1976an Alderditik bota egin zuten, W. Biermannen desnaturalizazioaren aurkako manifestua sinatzeagatik. Sorterritik irteteko baimena onartu zioten, eta harrezkero Errepublika Federalean (gaur egun, Alemaniako Errepublika Federala edo Alemania soilik) bizi izan da. Bere poema gehienetan faxismoa edozein unetan itzultzeko arriskuaz hitz egiten du: Wegschilder und Mauerinschriften (1950, Afixak eta pintadak horman). Aurrerago, eszeptizismo-kutsua hartu zuen: Unterwegs nach Utopia (1977, Utopiara bidean). Bere lehen eleberria, Im Namen der Hüte (1968, Kapeluen izenean), A. Döblinek hasitako tradizioarekin lotzen da: Henry pikaroak maitagarri baten oparia jasotzen du Alemaniako Zero Orduan, eta kapelua janzten duen bakoitzean, haren jabearen pentsamendua irakurtzeko gauza izango da; laguntza horri esker, bere aita judua hil zuen hiltzailearen bila hasten da. Antzeko fantasiak agertzen dira bere hitz lauzko obra laburretan ere: Tagträume in Berlin und andernorts (1972, Egunargiko ametsak Berlinen eta beste zenbait lekutan) eta Kamera iluna (1978). Jaso dituen sari ugarien artean, Heinrich Heine saria (1985) eta Hölderlin saria (1991) dira aipagarrienak. Azken urte horretan, bere borondatez, Berlingo Arte Akademia utzi zuen. Beste lan aipagarri batzuk: Verspätete Monologe (1981, Bakarrizketa atzeratuak), Zurück ins Paradies (1984, Paradisura bueltan), Fremd daheim (1990, Arrotza etxean) eta Baum, Stein, Beton (1994, Zuhaitza, harria, asfaltoa) saiakera-bilduma.

Kunertek era askotako lanak idatzi ditu, eta gaur egungo idazle garrantzitsuenen artean dago. Poesia lirikoaz gain, istorio laburrak, saiakerak, lan autobiografikoak, aforismoak, satirak, maitagarrien ipuinak, zientzia-fikziozkoak, gidoiak eta abar idatzi ditu. Horrez gain, margolaria eta artista grafikoa da. Literaturako aldizkari askotan argitaratu ditu bere artikuluak, besteak beste, Muschelhaufen delakoan.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Günter Kunert Aldatu lotura Wikidatan