Faxismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Politika
Botereak
Betearazlea | Legegilea | Judiziala
Gobernu motak
Monarkia | Errepublika | Anarkia
Erregimen eta sistemak
Parlamentarismoa | Presidentzialismoa | Demokrazia | Despotismoa | Diktadura (Junta militarra) | Absolutismoa | Autoritarismoa | Erregeordetza
Botere motak
Aristokrazia | Autokrazia | Burokrazia | Kaudillismoa | Kazikismoa | Kleptokrazia | Koronelismoa |Korporatibismoa | Korporokrazia | Demagogia | Meritokrazia | Minarkia | Oklokrazia | Oligarkia | Plutokrazia | Soziokrazia | Teknokrazia | Teokrazia | Nepotismoa | Fisioloxismoa
Estatu motak
Hiri-estatua | Kolonia | Konfederazioa | Federazioa | Inperioa | Printzerria | Protektoratua | Erresuma | Errepublika | Errepublika federala
Kontzeptuak
Aktibismoa | Biltzarra | Ustelkeria | Dotrina | Estatua | Gobernua | Hegemonia | Ideologia | Legegintzaldia | Askatasuna | Nazioa | Alderdia | Aberria | Legebiltzarra | Subiranotasuna | Tirania | Herrialdea
Prozesuak
Hauteskundeak | Estatu-kolpea | Iraultza | Manifestazioa | Independentzia | Plebiszitua | Erreferenduma | Gaitzespena | Errepresioa | Lobby-a
Banaketa administratiboa
Kantonamendua | Autonomia erkidegoa | Aldundia | Udala | Estatua | Probintzia | Departamendua | Eskualdea | Barrutia
Kargu eta postuak
Kantzelaria | Sailburua | Zinegotzia | Diputatua | Diktadorea | Alkatea | Enperadorea | Ministroa | Prefeta | Presidentea | Lehen ministroa | Erregea | Senataria
Diziplinak
Zientzia politikoa | Diplomazia | Filosofia politikoa | Historia politikoa | Metapolitika | Politika internazionala | Teoria politikoa | Geopolitika
Ideologiak
Ezker politikoa | Eskuin politikoa

Karlismoa | Komunismoa | Faxismoa | Liberalismoa | Populismoa | Sozialdemokrazia | Sozialismoa | Kristau demokrazia

Jokabideak
Klientelismoa | Chauvinismoa | Kolektibismoa | Kolonialismoa | Kontserbadorismoa | Elitismoa | Inperialismoa | Neo-inperialismoa | Interbentzionismoa | Isolazionismoa | Nazionalismoa | Aurkakotasuna | Bakezaletasuna | Erradikalismoa | Separatismoa | Tradizionalismoa | Alderdi-aniztasuna | Bipartidarismoa | Unipartidarismoa

Abstentzioa | Amnistia | Desobedientzia zibila | Disidentzia | Kultura-aniztasuna


Faxismoa (italierazko fascio-tik dator, eta hau latineko fasces-etik) nazioaren ideia goraipatzen duen ideologia autoritarioa da.

Faxismoa mugimendu totalitarioa da, nazioaren zein banakoen bizitzen alor guztietan eragitea bilatzen baitu. Faxismoa berritasunean oinarritu zen, ideologia tradizionalak (liberalismoa eta marxismoa) gainditzea baitzuen xede. Horrela, ondokoak dira faxismoaren ezaugarri nagusiak:

Era hertsian ulerturik, mundu gerren arteko erregimenei soilik dagokie; hots, Italiako Benito Mussoliniren eta Alemaniako Adolf Hitlerren erregimenei. Batzuetan, hala ere, faxismoa Italiako mugimendura mugatzen da, Alemaniako nazismotik bereiziz. Edonola ere, autoritarismoan oinarrituriko beste erregimenak definitzeko ere erabiltzen da faxismo terminoa.

Kaleko erabileran, irain moduan erabiltzen den terminoa bihurtu da, zehaztasun politikotik urrun.

Faxismo italiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italiako Alderdi Nazional Faxistaren ikurra.

Faxismo italiarra Benito Mussoliniri hertsiki loturik dago. Hau, Lehen Mundu Gerra amaitu aurretik, Italiako Alderdi Sozialistako kide zen. 1919an Alderdi Nazional Faxista sortu zuen, liberalismoaren zein alderdi komunistaren aurka eginez. Italiako burgesiak hartu-eman desberdinak izan zituen faxistekin, hauek langile mugimenduaren aurka ekiteko erabiliz. 1922an faxistak indarturik zeuden, eta Italiako errege Victor Manuel III.a boterea Mussoliniren esku uztera behartu zuten (handik aurrera Duce -kaudilloa- bihurtuz).

Italiako faxismoak Erromatar Inperioaren aintza berreskuratu nahi izan zuen. Faxismo hitza italierazko "fascio" hitzetik dator: hots, aizkoraren inguruko makila sorta batez osaturiko ikurra da. Antzineko Erroman erabili zuten, eta autoritatearen ikurra zen. Erromatarren buruzagi militarren antzera, Mussolinik bere burua "Duce" izendatu zuen. Duce latinezko "dux" hitzetik dator eta gidaria esan nahi du. Agur egiteko modua ere, besoa altxatuta, latinezko antzinako Erromatik hartu zuten.

Faxismo italiarrak nazismoaren eraginez bereganatu zuen arrazismoa.

Faxismoaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boterea erabiltzeko modurik beldurgarrienetako bat, guztietan ankerrena, faxismoa da. Ideologia arrazista, inperialista eta totalitarioaz, gizateriaren aurka izandako krimenik larrienak ekarri eta eragin ditu. Eta munduaz duen kontzepzio krudelaren izenean, milioika eta milioika pertsona hil izan ditu. Beraz, faxismoaren azterketa derrigorrezko kontua da, zeren eta hura ezagutzeak, haren izenean egindako izugarrikeriak gogoan izateak, emango baitu giltza harengandik babesteko, eta atzera boterera hel dadin galarazteko. Faxismoaren ekintza kriminalen artean daude, besteak beste, juduek eta ijitoek pairatutako holokaustoa, eta, asmo inperialistak bultzaturik, Europak sekula jasan duen gerrarik bortitzena: II. Mundu Gerra. Ezin ahaztu gerra hartan izandako milioika hildakoak.

Faxismoak, mugimendu politiko eta ideologiko gisa, Italian izan zuen arrakasta 1918tik 1939 arte (gerra arteko epean), eta boterean egon zen II. Mundu Gerraren amaiera ingurua arte (1943); Alemanian, berriz, 1945 arte iraun zuen, nazional sindikalismo izenaz, hots, nazismo gisa. Aipatutako bi horiek dira faxismoaren adierazle nagusiak. Faxismoaren mobilizazioa 1920 eta 1930eko urteetan izan zen. Izaera erradikalaz, iraultzaileaz, sistemari eta finkatuta ziren botereei mehatxu-itxura egiten zien, baina geroago, boterera heldurik, ez zituen egin agindutako aldaketa sozialak; are gehiago, sistema kapitalista kolokan jarri ordez, zeharo sendotu zuen. Mehatxu galantak egin zituen, baina inolako alternatibarik ez planteatzeaz gainera, ez zuen sistema sozio-ekonomikoaren oinarria batere ukitu. Nazionalsozialismoaren alderdirik tragikoena sei milioi judu europarren hilketa izan zen. II. Mundu Gerraz gero, mugimendu neonazi txiki batek iraun zuen Alemaniako Errepublika Federalean, eta 1990ean, Alemaniaren batasunaren ondoren, nolabaiteko ospea lortu zuen. Juduen, beltzen, homosexualen eta beste zenbait talderen kontrako bortxazko ekintzak egiten dituzten gazte atsekabetuek osatua da mugimenduhori. Europako eta Ameriketako beste zenbait herritan ere antolatu dira erakunde neonaziak.

Berlingo desfile baten irudia (1936).
Berlingo desfile baten irudia (1936).

Masa-mugimendua eta mugimendu iraultzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugimendu faxistak 1920ko hamarraldian agertu ziren, eta ezaugarri nagusien artean hauek zituzten: gobernu-sistema diktatoriala izatea; substratu populista izatea (hau da, herriaren ordezkaria dela dio, eta herriaren maila apalenen aldeko politika populistez zilegitzen da); komunismoaren eta kapitalismoaren aurkakoa dela adierazi arren, sistema kapitalista finkatzen du; berehalako helburutzat du langileen iraultzari aurka egitea.

Alabaina, definizio horrek mugatu egiten digu kontua, hainbat funtsezko alderdi kanpoan geratzen delako. Ez da kontrairaultzako mugimendu huts bat, ez da langileen iraultzaren kontrako erantzun bat soilik. Baditu beste ezaugarri batzuk ere, herri xehearen behar batzuei behetik erantzuna eman nahi izatea, adibidez, besteak beste.

Faxismoa masa-mugimendu bat da. Eskuindar tradizionalak, boterea eskuratzeko, estatu-kolpearen bidea aukeratzen du, eta masak desmobilizatuz mantentzen da bertan.

Faxismoak, berriz, masa-mobilizazioa bera erabiltzen du boterea eskuratzeko. Hau da, gizarte-mugimendu batetik abiatuta ahalegintzen da boterea lortzen, boteretik bertatik sortutako populismo klasikoa baino urrunago helduz. Horretarako, aurrez antolatu behar ditu gizartearen laguntza biltzeko modua emango dioten oinarrizko egiturak.

Faxismoa mugimendu iraultzailea da, hobeto esanda, itxura erradikal eta iraultzailekoa, finkatutako botereari mehatxu-itxura egiten diona. Baina boterera heldu eta gero, zeharo iraultzaren kontrako ageri da, lehengo botereekiko loturak estuagotuz, eta inoiz ez dio ekingo sistema zalantzan jartzen zuten mehatxu haiek gauzatzeari; oso bestela, lehengo egoera finkatuko du, eta eraldatu nahi omen zuen sistemaren ezaugarrietako batzuk are sendoago bihurtuz gainera. Ez du inolako alternatibarik proposatuko, guzti-guztiak hitz handiak baitira, sistema sozio-ekonomikoaren muina bera sekula aldatuko ez dutenak.

Gizarte-talde sakabanatu eta, zenbaitetan, elkarren kontrakoak ere badiren batzuez osatuta izatea du beste ezaugarrietako bat. Talde horiek ez dute modurik sistema aldatzekoo alternatiba orokor eta baturik prestatzeko, eta, hala, faxismoak ezin dio egiaz kapitalismoari aurre egin, ez baita gai.

Izan ere, talde horiek lotzen dituen indarra beldurra da, ez bakarrik krisialdi ekonomikoen, 1918koaren edota 1929koaren ondorioz piztua, baizik eta baita Bigarren Industria Iraultzak ekarritako joera sozio-ekonomikoen eraginez sortua ere, haien bidetik garrantzia galtzen ari baitira talde horiek.

Beste era batera esanda, faxismoa ez da halako une batean izandako krisi baten emaitza, XIX. mendearen amaieraz geroztik sistemak izandako garapen sozio-ekonomikoak sorrarazitako fruitua baizik. Zientzia politikoan diktadore deitu izan zaie orezkaritzarako sistema demokratikoak oro har biltzen dituen balioak alde batera utzita estatuaren aginpide guztia beren esku jarri duten agintariei. Benito Mussolini Italian, Adolf Hitler Alemanian, Kim Il Sung Ipar Korean eta Stalin Sobietar Batasunean dira XX. mendeko diktadura aipagarrienetako buruak.

Politika eta antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faxismoak ez du eskuinaren ohiko bidetik jotzen. Are gehiago, hasieran, eskuin tradizionalak halako mesfidantza batez ikusten du. Masa-mugimenduaren indarrez heldu nahi du boterera, guztia biltzeko, integratzeko eginkizuna beteko duen alderdi batez betiere, ez baitago faxismorik alderdi faxistarik gabe.

Hierarkiak dena hartzen du, goitik behera.

Oinarrian, zelula paramilitarrak daude, eta ezinbesteko elementua da diziplina. Bide batez, zalantzan jartzerik ez dagoen hainbat elementu indartzen da.

Eginkizun nagusia buruzagiarena da; hark sortzen eta interpretatzen du nazioaren doktrina (parlamentua duten sistemetan, berriz, parlamentuak betetzen du eginkizun hori), eta haren erabakiak eztabaidaezinak dira. Hala, Italian Mussolini, Ducea, eta Alemanian Hitler, Führerra, figura gorenak dira, supergizakiak.

Probidentziak jarri ditu herriaren aitzindaritzan, eta herriak obedientzia erabatekoa eskaini behar die.

Irudi hori indartzeko, egundoko eszenografiak erabiltzen dituzte, horma-irudiak buruzagien aurpegiak erakutsiz nonahi, eta kontzentrazio masiboetan bat etortze beldurgarria erakusten du herriak buruzagiekiko, hiltzaile izugarri horiekiko. Helburu nagusia gizarte osoa alderdi ereduaren arabera eratzea da, eta horretarako ez da masa desmobilizatu behar, izaera militarreko alderdi-egituretan sartu baizik.

Faxismoak, aipatu bide horiek jorratuz, “estilo bat” izate hori gauzatzen du, eta halako balio batzuk goraipatzen ditu; bide batez, bere proiektuaren aurkako elementu oro suntsitzen ahaleginduko da, eta idealarekin bat ez datorrena edo arraza- eta nazio-definizio ofizialari egokitzen ez zaiona aienaraziko du.

Gizarte-mailako ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zein dira partaideak? Bigarren Industria Iraultzak kaltetutako hainbat gizarte-talde izango dira partaideak. Funtsean klase ez-proletarioak dira, maila galtzen ari baitira, bizkorrago gainera krisialdi ekonomikoen eraginez. Hau da, proletario bihurtzen ari dira. Nekazariak dira, negozio txikien jabeak, lehiakorrak ez diren lanbideetan ari direnak, irakaskuntzaren beheko mailetakoak, etab. Erdi-mailako klaseen mugimendua da, eta zabaltzen duen mezua, funtsean, behe-mailako burgesiarena.

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faxismoan ez da lan teoriko landurik aurkituko; are gehiago, faxismoaren argudioetan hutsunea da, argudiorik eza alegia, alderdirik deigarriena. Edonola ere, ideologiaren anbiguotasun horretxek emango dio, nonbait, arrakastarako aukera. Ideologiaren ezaugarri nagusia eduki positiborik eza da, zeren gauza guztien kontra azaltzen baita funtsean: antiliberala da, antikapitalista, antikomunista, antisozialista eta antiparlamentarista.

Lema nagusiak horiexek ditu, eta behin eta berriz adierazten ditu. Eta jarrera landuagorik ez izatean, mugimendu berean bil daitezke oso sektore desberdinak, lotura bakarra baitute, hain justu Bigarren Industria Iraultzak ekarritako bilakaera sozio-ekonomikoak gaizki tratatu dituela uste izatea. Mussolinik esan zuen bezala, “faxismoa estilo bat da”.

Ideologia faxistaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ultranazionalismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faxismoa, batez ere, nazionalismo erradikalaren, maila oroz gaindikoaren adierazpena da. Ukatu egiten du nazioa borondate indibidualen mendean egotea. Italiako kasuan, hain zuzen, Italia liberala gutxiengo burges baten obra dela dio faxismoak, “herriaren batasuna eratzeko ezgai” den talde baten egina inolaz ere.

Nazionalismo faxistan “Herria” da guztiaren giltza; eta lurra, odola, arraza (italiarrak arraza ariokoak dira faxisten ustez) dira herri horren osagarriak. Elementu irrazionalak baliatzen ditu faxismoak, ikuspegi erlijioso edo mistiko batez. Herria baita garrantzitsua, arraza eta komunitate nagusi bateko kide izatea alegia, eta horren guztiaren azpitik dago gizabanakoa.

Horren adierazgarri da 1921ean alderdi nazional faxistak bere programan adierazia: “Nazioa ez da bizi diren gizabanakoen batura, ezta alderdiek bere helburuak lortzeko duten tresna ere; nazioa organismo bat da, belaunez belaun dirauena, eta gizabanakoak elementu iragankorrak dira, ez besterik. Nazioa da arrazaren balio material eta espiritual guztien sintesi gorena. Eta nazioaren gauzatze juridikoa estatua da”.

Bortxa, politika-jarduerarako baliabide nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bortxaren arrazoia argudio metafisikoetan aurkitzen du, berriro ere. Inongo planteamendu arrazionalik gabe, indarraren erabilera zilegitzen du, nazioa eta arraza babesteko eta garbitzeko. Hau da, ideologiaren elementu bat da bortxa. Hitlerrek bere Mein Kampf lanean azaldu zuenez, “mundua gizaki indartsuena da, irtenbide erabatekoak erabiltzen dituztenena, eta ez neurriaren mendean jokatzen duten ahulena”. Gizarte-darwinismo arriskutsua, inondik ere.

Guztiaren kontra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan den bezala, faxismoa ukazioz definitzen da. Parlamentarismoak, alderdi-sistemak eta prentsa-askatasunak nazioaren indarra ahultzen dute, eta beraz, kendu egin behar dira. Boltxebikeen kontra, sozialismoaren kontra, kapitalismoaren kontra agertzen da. Estatu korporatiboa proposatzen du, totalitarismoa alegia.

Boltxebikeen kontra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte talde batzuk beldur dira gizarte-ordena desegingo ote den, eta talde sakabanatu horiek bildu behar ditu faxismoak. Horretarako, elementu berezi batzuk behar ditu, eta etsai komun bat bilatzen du, baita aurkitu ere, boltxebikeak hain zuzen. Hala, erdi-mailako klase faxistak, burges txikiak, burgesia handiarekin batera aritu ahal izango dira borrokan. Langileen iraultza sozialistaren aurkako borroka da horiek guztiak biltzen dituen elementua. Elementu hori beti-beti aurkitzen da mugimendu faxistan, eta talde paramilitar faxisten helburu behinena borroka horretan aritzea da.

Mugimendu antikapitalista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ideologia-elementu honek ez du ia garapenik izan, ez teorian, are gutxiago praktikan. Nazien garaiko Alemanian garrantzitsuagoa zen, Mussoliniren Italia faxistan baino. Aldarrikapen antikapitalistak gizarte-kapitalistaren joera sozio-ekonomiko batzuen zuzenketa proposatzen du, ez besterik, eta burgesia txikiaren edo garapen kapitalistaren mehatxua jasaten duten nekazarien ikuspegitik betiere. Aniztasun politikoak eta klaseen arteko desberdintasunek ez dute zentzurik.

Hala ere, ez du gizarte-antolaketarako inolako proposamen zehatzik egiten. Estatu korporatiboak izan behar zuen ideia horien guztien adierazpen instituzionala, baina faxistak, boterera heldu zirenean, ez ziren inondik ere gauzatzen saiatu halako estaturik eginetaratzen, azal hutsean geratu baitziren. Ez dago egiazko egitura alternatiborik.

Estatu korporatiboa ez zen gauza berria, zeren XIX. mendeko nazionalismo erromantikoan dagoeneko jasota baitzegoen (Hegel). Haren arabera, estatua herritarren batura hutsa baino gehiago da, eta bizitza organiko berezkoa du. Halaber, “demokrazia mekaniko” (pertsona bat boto bat) deitzen zutenari faxismoak egindako kritika bera ere tradizionalismoan dago.

Alabaina, faxismoak berrikuntza bat eragiten die ideia horiei, zeren eta erabilgarritasun berri bat ematen baitie, gizarte-kontrolerako tresnatzat hartuz. Estatu korporatiboak berekin dakar parlamenturik eza, eta haren ordez “demokrazia organikoa” izango da, sindikatu bertikal integratzaileetan oinarritua; sindikatu horiek, bere aldetik, totalitarismoaren zerbitzuan jarriko dira.

XIX. mendean, korporatibismoaren eginkizuna ordena tradizionalaren defentsa zen. Gizarte kapitalista berrian, aldiz, gizarte-elkartasunerako bidea da korporatibismoa. Hala eta guztiz ere, ez da ezinbesteko elementua faxismoaren ideologian, are gehiago, aitzakia bat da, parlamentarismoari alternatiba moduko bat aurkezteko. Azken batean, totalitarismoa finkatzeko tresna bat besterik ez zen izan.

Faxismoaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faxismoaren arrakastaren arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faxismoa ezin da ulertu historiaren halako une batean Hitlerrek eta Mussolinik eragindako halabehar baten gisa. Gogoan izan behar da, ezinbestez, bi haien herrialdeetan 1920 eta 1930eko urteetan bizi zen egoera (1918ko eta 1929ko krisiak izan baitziren).

Dena dela, faxismoa ez zen nahitaezko bidea, bestelako zenbait aukera ere bazen eta.

Faxismoaren arrakastan, batetik, zeresan handia izan zuten beste joera ideologiko batzuek, zeren eta, inhibizioz, laguntzaz edo ahuleziaz, tokia utzi baitzioten hari.

Esate baterako, 1929ko krisia funtsezkoa izan zen naziak boterera heltzeko, baina, hala ere, ezin lot daitezke faxismoa eta krisia, ezin esan daiteke faxismoa eta krisia gauza bera direnik. Eta, bestetik, Lehen Mundu Gerrak Alemanian eta Italian izandako ondorio bertsuak ere oso gogoan izatekoak dira.

Bitxia bada ere, herrialde horiek aurkako aldeetan izan ziren borrokan, baina gero antzeko aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak ezagutu zituzten.

Izan ere, antz handiak zeuden bien artean.

Adibidez, estatu berriak ziren biak (Europan eratutako azkenetakoak hain zuzen), trinko egituratu gabeak, eta nazio-integrazio ahulekoak, eta gainera ez zen denbora luzea bat eginda zeudenetik. Horretaz guztiaz gainera, inondik ere, epe luzeko eragile bat ere aipatu behar da, Bigarren Industria Iraultza, kapitalismo txikia eta burgesia txikia desagertzeko joera ekarri baitzuen. Azaldutako egoera horrek sorrarazi zituen faxismoari, eta bide batez bortxan oinarritutako politikari, indarra eta itxura eman zioten elementuak, hala nola ultranazionalismoa, nazio, herri eta arraza kontzeptua, eta irrazionalismoa (1900 inguruan dagoeneko ageri zen elementu hori, esparru txiki zenbaitetan). Gainera, eta egoerari buruzko ikuspegia osatzeko, esan beharra dago Alemanian eta Italian oso traumatikoa izan zela industrializazio-prozesua, berandu eta izugarri bizkor burutua.

Antzak aipatu ondoren, Alemaniaren eta Italiaren arteko aldeei ere gainbegiratua eman behar. Herrialde biotan ildo beretik abiatutako bilakaera izan arren, Alemanian kultura-planteamendu berriek ez zioten aurre egin behar ideologia nazionalista nagusiari, dagoeneko bazutelako ideologia-egitura bat, planteamendu horiek bere barnean hartzeko gai zena: nazionalismo erromantiko alemaniarra zen, gogo biziz arbuiatzen baitzuen liberalismo burges ortodoxoa. Eta alemaniar kulturaren gailentasunaren ideia ordurako sartuta zegoen nazionalismo germaniarrean; orain, ideia hori autonomo bihurtzea izan zen hurrengo pausoa, eta antisemitismora jotzea. Aldaketa hori erabakigarria izan zen Alemaniako nazionalismoan.

Egiten hasitako bideari jarraituz, teoria arrazista bat landu zuen, “gizarte-darwinismo” deitzeko moduko eskema batez. Haen funtsezko ideiak hauek ziren: indarraren gorespena, eta senarena, bortxa selektiboarena eta arraza arioaren gailentasunarena.

Eta antisemitismoa ez da, inondik ere, bazterreko kontu bat. Betekizun erabakigarriak ditu. Alde batetik, nazionalismo erradikalari aukera ematen dio kapitalismoaren kontrakotzat agertzeko, industrializazioak ekarritako gaitz guztiak juduen kapitalismoaren ondorioa direla esanez (edonola ere, XIX. mendeko nazionalismo askotan jasota dagoen ideia da); hau da, akats eta gaitz hitzen sinonimotzat hartzen du judu izatea, eta halatan, huraxe izango da kontu guztietarako biktimarik egokiena. Eta bestetik, aukera ultranazionalista antisemitismoan oinarrituko da sozialismo iraultzaileari aurre egiteko, iraultza hori juduen iraultza delako, teoria honen argitan; beraz, eta bide horretatik, iraultzaren kontrakotzat ere agertuko da faxismoa.

Italian, ordea, bestelakoak izan ziren kontuak. Faxismoa ekarri zuten aurreko ideien sorrera nazionalismo erradikalak eta sindikalismo iraultzaileak bat egitean gertatu zen; hala, elementu proletario batzuk eta industrializazioaren aurreko sektoreei lotuta zeuden burgesia txikiko beste batzuk elkartu ziren. Alemanian, faxismo aurreko ideia horiek klase zuzendariak landuko zituen, antisemitismoaz baliatuz. Eta fraseologia antikapitalista baliatu zuen, langile-sektoreak eta erdi-mailakoak proiektu berean biltzearren, aldi berean amets inperialista pangermaniko bat planteatuz, inondik ere, alemaniar nazioarentzako biziespazioaren aitzakian.

«Jakin behar duzu faxistak, eta batez ere milizianoak, ez duela betirako bakean sinetsi behar.

Espetxeko egunak ongi merezitakoak dira beti.

Aberriari mesede egiten dio baita gasolina-ontzi bat zaintzen ari denak ere.

Zure kideak anaiak dira. Lehenenik, zurekin bizi direlako, eta gero, zuk bezala pentsatzen dutelako.

Mosketoia, kartutxoentzako uhala, etab. ez zaizkizu eman astialdian hondatzeko, baizik eta gerrarako gordetzeko.

Sekula ez duzu esango «Gobernuak ordaintzen badu!», zu zeu zarelako ordaintzaile, zuk nahi zenuen gobernua duzulako eta zuk babesten duzun gobernua delako.

Diziplina da armadaren eguzkia: diziplinarik ezean, ez dago soldadurik, nahasmendua eta hondamena baizik.

Mussolinik beti dauka arrazoia.

Boluntarioak ez du aitzakiarik, eta beti betetzen du agindua.

Gauza bat preziatu behar duzu ororen gainetik: Duce-aren bizia»

Faxista gazteen 1928ko dekalogotik ateratako aipamena.

Boterea eskuratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemanian eta Italian, modu bertsuan agertu zen ideia faxista. Boterea hartzeko moduak, ordea, oso desberdinak izan ziren.

Kasu biotan, oso lotura estua du Lehen Mundu Gerrako emaitzekin.

Italian faxismoaren ezaugarri politikoei, neurri batean behintzat, 1915ean dagoeneko antzematen zitzaien. Orduan baziren nazionalismo erradikala bultzatzen eta bortxaren apologia egiten zuten talde txikiak.

Gerra izan zen abiapuntua, kontsentsurik gabe eta herritarren iritziaren kontra sartu baitziren hartan, baina, edonola ere, faxismoaren arrakastaren giltza gerrak berak eragindako kontraesan ekonomikoak izan ziren. Izan ere, gizarte barneko tentsioak areagotu egin ziren, eta halako frustrazio-sentimendu bat sortu zen, garaipenean parte hartuagatik inolako saririk ez baitzen izan.

Halatan, nazionalismo erradikala oso bandera erakargarria izan zen aurrerantzean.

Gerraren prezioa izugarri handia izan zen Italian, eta ezin ongi eraman; Frantziaren aurka borroka egiteko prestatu ondoren, azkenean Austria izan zuten etsai, bai maila ekonomikoan bai demografikoan.

Hala, industrialari handiek, azkenean, estatu demokratiko liberala hartu zuten bere arazoen erruduntzat. Osterantzean, burges txikiek eta errentadunek bere aurrezki guztiak galdu zituzten (gogoan izan 1919ko urtarrilean % 471koa izan zela inflazioa), eta pobretzean proletario bihurtu ziren.

Borrokan aritutakoen artean ere gauza bera gertatu zen, eta proletarizazio hori berdin-berdin heldu zitzaien armadako ofizialei; ekintza gogorren bat egiteko prest zirela, berehala sartu ziren alderdi faxistaren talde paramilitarretan. 1919-20 ingururako, erdi-mailako klasea prest zegoen faxismoarekin buru-belarri aritzeko. Horrekin batera borrokatuko zen estatu liberalaren aurka, nozitutako pobretzearen errua leporatzen baitzion hari.

Esandakoaren argitan ikusten denez, 1919ko egoeraz iraultza ateetan zen. Gainera, Errusiako iraultzaren arrakasta eredugarria zen iraultza borrokari ekiteko grinaz zeuden industriako langileentzat eta nekazarientzat.

1919an hasi ziren lurrak eta lantegiak hartzen, halako mailan non Florentzia, 3-4 bat egunez, errepublika sobietarra izan baitzen.

Hurrengo urtean, 1920an alegia, faxismoa mugimendu populista gisa agertu zen, eskuin tradizionaletik urrun, baina lantegiak hartzen zituztenei eta, batik bat, lurjabeen sailak hartzen zituzten nekazariei aurre eginez.

1921ean dagoeneko masa-alderdi bat zen, 700.000 militante ingururekin. Greba iraultzailea egiteko azken ahalegina 1922an izan zen, baina atarramentu txarrez amaitu zen, ez estatuaren ekintzengatik, baizik eta alderdi faxistaren eraso-eskoadren jardueragatik.

Une horretatik aurrera, patronalak bat egingo zuen alderdiarekin.

Faxismoa boterean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1922ko urriaren lehen egunetan, faxistek, alkandora beltz deitu haiek, milaka, Italiako hainbat eskualde hartu zituzten. Gobernuak setio egoera aldarrikatu nahi zuen, baina erregeak ez zuen sinatu nahi. Gobernuak dimisioa emanik, erregeak Mussoliniri eskatu zion gobernu berria eratzeko.

Eta hark horixe egin zuen.

24ko hauteskundeetan, faxistek bost milioi boto lortu zituzten, guztira ziren zazpietatik, baina faxismoaren aurkako erresistentziak gora egin zuen, hauteskunde-prozesuan izandako gorabeherengatik. Alderdi sozialistako idazkaria, Matteotti, hil egin zuten, eta oposizioak, protesta gisa, parlamentua utzi zuen. Erregeak ez zion Mussoliniri aurre egiten, eta italiar askok eta askok jo zuten erbestera (Parisen bakarrik, 300.000 baziren). Halatan, Mussolinik eskuratu zuen boterea, estatuaren eta alderdiaren aginte osoaz eskuratu ere. Erregimen totalitarioa jarri zuen, alderdi faxistaren eta Mussoliniren beraren kontrolpean.

Alemania[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniako prozesua Italiakoa baino konplexuagoa da. Weimarko errepublikan, nazionalsozialismoa ahula zen, kopuruz, ez ordea erakusten zuen propagandarako gaitasunari begiratuta. Eta demokraziak ez zuen tradiziorik.

Gerra amaitu zenean, Alemania ez zuen inork inbaditu, alemaniar armadaren frontea erortzean errendizioa heldu baitzen. Armadaren barneko sektore indartsu batzuk ez zetozen bat planteamendu horrekin, artean irabazteko aukera bazutela uste zuten eta. Hau da, haien iritziz inork ez zituen garaitu maila militarrean; oso bestela, traizio politiko baten biktima izan ziren.

Horrekin batera, hiri nagusietan hainbat ahalegin izan zen iraultza sozialista gauzatzeko, monarkia erbestean zen, eta Weimarko errepublika demokratikoa sortu zuten, oso ahula lehen unetik beretik. Erdi-mailako klaseak oso bizkor pobretu ziren 1921etik 1923rako epean, Italian izandakoa baino pobretze latzagoa izan zen gainera, zeren inflazio-puntuak milaka kontatu behar ziren, hilean.

1924-25etik aurrera, ekonomiak halako suspertze bat izan zuen, Estatu Batuetatik heldutako maileguei esker batez ere, baina 1929ko krisialdiak izugarri laztu zituen Estatu Batuekiko mendekotasun horren ondorioak, eta langabeak milioika ziren. Iraultza proletarioa gertatuko ote zen beldurra zabaldu zen. Gauzak horrela zeudela, alderdi nazionalsozialistak epe laburrean gauzatzeko moduko irtenbidea zuela adierazten zuen, eta asko hazi zen horrenbestez. Alderdi naziak 1931n eskuratu zuen boto-kopururik handiena, eta 1932ko azaroko hauteskundeetan, eskuinak masa-alderdi faxistari iritzi zion egokien, egoera kontrolatzeko; Hitlerri aginpide mugatua ematea pentsatu zuen eskuinak, kontrolatuko zuela uste zuen eta. Aitzitik, 1933tik aurrera diktadura heldu zen, eta demokrazia arrasto oro aienatu, bide batez. Sei hilabete besterik ez zituen behar izan alderdiak, oposizioa zeharo desegiteko. Apirilean naziek Gestapo sortu zuten, polizia politikoa alegia. Eta 1934ko hauteskundeetan dagoeneko kandidatura bakarra izan zen. Erresistentzia-mota guztiek errepresio latza pairatu zuten, eta estatua erabat zentralizatu zen. Hurrengo urtean, 1935ean, lege berriak iritsi ziren, “alemaniar odola eta ohorea babesteko”. Horixe izan zen herri juduak kontzentrazio-esparruetan jasandako errepresio eta sarraski edo erabateko suntsitze-politikaren, munduak inoiz ikusi duen izugarrikeriarik bortitzenaren, abiapuntua. 1939ko irailean, alemaniar espantsionismoak Polonia inbaditu zuen, eta Ingalaterra eta Frantzia haren kontrako gerran sartu ziren. Ekainean dagoeneko mendean zuen Frantzia, eta Vichyko erregimena ezarri zuen. 1941eko otsailean, Errusiaren inbasioa abiatu zen. Eta Afrikako iparraldera ere ailegatu zen gerra. 1943an aldatu egin zen gerraren martxa. 1945eko maiatzaren lehen egunetan, estatubatuarrak, ingelesak eta errusiarrak Berlinen sartu ziren. Hitlerrek bere buruaz beste egin zuen maiatzaren 8an, eta Alemaniaren errendizioa heldu zen.

Faxisten indarra horrela amaitu zen, baina ezin da ahantzi, inolaz ere, Europan gertatzen ari diren berpizte saioak. Arrazakeria eta bizi-eremua, dotrina nazionalsozialistan, Hitlerren ideia politikoak darwinismotik datoz, Alan Bullock-en iritzian: haren politikaren oinarri nagusiak borroka (Kampf-ek «borroka» baino askoz ere esanahi gogorragoa dauka), arraza eta desberdintasuna dira –bakezaletasunari, nazioartekotasunari eta demokraziari kontrajarririk–. Aurretik ere aurkeztu izan ziren arrazakeriari buruzko zenbait teoria, besteak beste Vacher de Lapougeren eskutik (Arioa eta haren zeregin soziala, 1899), Gobineauren eskutik eta Houston Stewart Chammberlainen eskutik (XIX. mendearen oinarriak, 1899). Baina arrazakeria nazionalsozialista, Mein Kampf obraren XI. atalean («Volk und Rasee») ageri den moduan, edo Alfred Rosenberg-ek XX. mendeko mitoa obran azaldu zuen moduan, ideia berria izan zen: «Beren arrazaren garbitasunari uko egiten dioten herriak beren arimaren batasunari ere uko egiten diote aldi berean… Odol-garbitasunaren galerak barne-zoriona deuseztatzen du, betiko gutxiesten du gizona, eta galera horrek betiko aztarnak uzten ditu gorputzean zein moralean». Ordu arte sekula ez zen azaldu antisemitismoa halako indar eta bortxaz. Eta, batez ere, estatu bat sekula ez zen saiatu arraza garbikotzat hartzen ez zirenak sistematikoki suntsitzen.

Inperialismo faxista antzinako joeretatik eta Italiaren eskumena zabaltzeko grinatik sortua zen bezala, «bizi-eremuaren» dotrina (Lebensraun) herriaren eta arrazaren ideiei loturik dago. Alemaniako herriak, organismo bizia izaki, bizitzeko eremua behar du.

Pangermanismoaren helburuak biltzen dituen alemaniar asmoak geopolitika du aldeko.

Baina Hitlerren pangermanismoa ez dator 1914 aurreko urteetako pangermanismoarekin bat. Gilen II.aren garaiko Alemanian, pangermanismoaren helburua merkatu berriak eta salgaientzako irteerak bilatzea zen, ekonomia nazionalen arteko lehia bizia zela eta. Hitlerren pangermanismoa, aldiz, ez dago errealitate ekonomikoen azterketa sakonean oinarriturik; politikoa da ekonomikoa baino gehiago, autarkikoa da, eta ez du zabalkundea ekonomiaren bidez bilatzen. Hitlerrek 1932an esan zuenez, mundua ez da ekonomiaren bidez konkistatzen; estatuaren boterea da merkataritzarako baldintzak ezartzen dituena, eta ez merkataritza zabalkunde politikoa bideratzen duena. «Bizi-eremuaren» dotrina politiko, militar, mistikoa, antiekonomikoa da: Reichean sartu nahi ditu haren parte izan behar duten kide guztiak, baita pobreak badira ere, nahiz eta norberaren bizi-mailak behera egin dezakeen horren eraginez. Kopurua garrantzizkoagoa da ongizatea baino, eta boterea aberastasuna baino.

Hala, Hitlerren garaiko Alemania gerra-ekonomian sartu zen. Sistemaren logikak gerra eskatzen du, eta Hitlerren erregimenak, hainbat garaipen handiren ondoren, gerran amore eman zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Faxismo Aldatu lotura Wikidatan