George Foreman

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
George Foremanen erretratua

Estatubatuar boxeolaria (Marshall, Texas, 1949). Pisu astunen munduko txapelketa lortzeko inoiz borrokatu den boxeolari zaharrena. Bi aldiz izan da munduko txapeldun: lehenengo aldiz 24 urte zituela; bigarrena, 45 urterekin. Houstongo aldirietan hazi zen, eta beste irtenbiderik ezean, gaizkiletzan hasi zen gaztetan. Houstongo poliziak Lan Brigadetara bidali zuen, Oregonera lehenbizi, eta Pleasantonera gero. Pleasantonen gudarosteko sarjentu ohi bat ezagutu zuen, Charles Doc Broadus, Foremanen boxeorako dohainez ohartu zena. Broadusen ardurapean, Foreman boxeolari amateur hasi zen, eta borroka gutxi batzuen ondoren, Estatu Batuetako boxeoko olinpiar taldean sartu zen. Mexikoko Olinpiar Jokoetan, 1968an, txapeldun atera zen. Urtebete geroago, profesionaletan hasi zen. 1973an, munduko txapeldun atera zen, Joe Frazier mendean hartuta, baina hurrengo urtean, Muhammad Alik (Cassius Clay) menderatu zuen bera. 1977an, erretiratu egin zen, eta kristau elkarte bat sortu zuen gazte behartsuei laguntzeko. Bere ongintzako obra finantzatzeko diru premian zegoela, 1987an boxeatzen hasi zen berriro. 38 urte zituen. Jende askok publizitate bila besterik ez zebilela uste izan bazuen ere, eta beste batzuek boxeolari ohi baten berragerpen tristetzat jo bazuten ere, Foremanek oraindik boxeolari handia zela erakutsi zuen. 1994an, 45 urte zituela, aho bete hortz utzi zuen boxeolarien mundua, Michael Moore K.O. utzi zuenean. Titulua ostera galdu ondoren, erretiratu egin zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: George Foreman Aldatu lotura Wikidatan