Germaine Greer

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Germaine Greer

Germaine Greer (Melbourne, 1939ko urtarrilaren 29) idazle australiarra, akademiakide, kazetari eta idazlea. XX. mendeko ordezkari feminista garrantzitsuenetakoa izateagatik ezaguna.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen. Gaztetandik kezkatu du emakumeak gizartean betetzen duen paperak. Doktoregoa lortu ondoren (1967), Warwickeko Unibertsitatean eskolak ematen hasi zen. Garai hartan, Ingalaterrako kontrakulturak eta rock musikak erakarri zuen. 1970ean Emakume eunukoa argitaratu zuenean emakumearen askapenari buruzko eztabaidetako abangoardian jarri zen. Liburuan familia tradizionalaren mekanismoak kritikatzen ditu, eta boterea emakumeen eskuetan uztea proposatzen du; izugarrizko arrakasta izan zuen, eta hizkuntza askotara itzuli zen. 1970eko hamarraldian, liburuaren irabaziekin, Asian eta Afrikan zehar bidaiatu zuen. Bidaian bildutako materiala baliatuz, emakume margolariei buruzko liburu bat idatzi zuen: Arrazazko eragozpena: emakume pintoreen fortuna eta haien obra (1979). 1979an, Tulsako Unibertsitatean (Oklahoma), poesia-irakasle gisa hasi zen lanean. Emakumeek idatzitako literatura aztertzeko zentro bateko zuzendari ere izan zen, baina iritzi-gorabeherak zirela-eta, lan hura utzi eta idazteari ekin zion berriro. Sexua eta patua: emankortasunari buruzko politika liburuan, mendebaldeak erosotasunaren eta indibidualismoaren ikuspegitik begiratuta eta mundua jendez gainez dagoela aitzakiatzat hartuta, garatze bidean diren herrialdeetako jaiotzak kontrolatzeko ezarritako metodoak kritikatu zituen. Feminista asko sutan jarri zituen liburuak, feminismoaren aurkako mezua zabaltzen ari zelakoan, baina idazleak gaizki ulertu zutela adierazi zuen. Beste lan batzuk: Aita, ia ezagutu ere ez zaitugu egiten (1989), Aldaketa garaia: emakumeak, zahartzaroa eta menopausia (1992).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Germaine Greer Aldatu lotura Wikidatan