Giulio Alberoni
Kardinal italiarra, Espainiako Filipe V.aren lehen ministroa (Fiorenzuola d´Arda, 1664 - Piacenza, 1752). Vendômeko dukeak, frantses osteen buruzagiak, berekin eraman zuen Espainiara, eta haren karrera moldatu zuen han. Elisabet Farnese eta Filipe V.aren ezkontza negoziatu zuen. Erreginak aholkulari gisa harturik, frantsesak gortetik egoztea lortu zuten bien artean. Kardinalgoa eta lehen ministroaren kargua batera eskuratu zituen, eta espainiar politikaren zuzendaritzaren jabe egin zen. Utrechten Espainiak galduriko abantailak berreskuratzen saiatu zen, eta diplomazia-ekintza ugari garatu zituen, Frantziako erregeordearen aurka bereziki. Aliantza Laukoitza eratu zela-eta eta frantses armadaren mehatxuak zirela-eta, Filipe V.ak amore eman behar izan zien Alberoniren etsaien eskariei, eta kardinala kargutik kendu eta Espainiatik egotzi zuen (1719). Italiara joanik, Inozentzio XIII. aita santuarentzat lan egin zuen.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.