Ilargi urdin

Wikipedia, Entziklopedia askea
2018-01-30eko super Ilargi urdina

Ilargi urdina (ingelesez: Blue moon) urte bateko banaketa batean agertzen den ilargi bete gehigarria da, hau da, urtaro batean lau ilargi-bete daudenean, hirugarrengoan hartzen duen izena. Maiz, eta akatsa bada ere, hilabete batean ematen den bigarren ilargi beteari erreferentzia egiten dio. Gutxi gora behera bi urte eta erdiro gertatzen den fenomenoa da.[1]

Izenak hala dioen arren, Ilargiak ez du kolore urdina hartzen, nahiz eta batzuetan lor daitekeen ilargi bete urdin bat ikustea atmosferaren egoeraren arabera, adibidez sumendi batetik argi gorria sakabanatzen duten partikulak askatuko balira[2]. Kolore horrek, hala ere, ez du zerikusirik egutegiaren antolaketarekin.

Definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioz, Maineko Maine Farmer's Almanacean terminoa ilargi "estra" bat izendatzeko erabili da. Normalean 12 ilargi bete dituen urte batek 13 dituenean erabiltzen da. "Ilargi urdina"ren erreferentzia lau ilargi beteko urtaro batetako hirugarren ilargiari aplikatzen zaio, eta, hala, urtaro baten azken hilabeteko egutegia zuzentzen da, goizegi gertatuko liratekeen ekintzak atzeratuz. Egutegian egin beharreko zuzenketa hau bi edo hiru urtean behin gertatzen da (zazpi aldiz 19 urteko ziklo metonikoan)[3]. 1946ko martxoan Sky & Telescopen argitaratutako artikulu baten egilea Maine Farmers' Almanacen editoreen ohiko praktika argitzen saiatu zen, almanakeko zenbaki zaharrak aztertuz. Patroi zuzena ikusteko behar beste almanakerik ez zegoenez, "ilargi urdinetarako" arau oker bat asmatu zuen, eta, horren ondorioz, gaizki-ulertu modernoa sortu zen: ilargi urdina eguzki-egutegiko hilabete batean bigarren ilargi betea da, urtaro batean gertatzen den ordenarekin zerikusirik ez duena.

Ilargialdi batek (ilargi-ziklo arrunta) 29,53 egun irauten du. Urte tropikal batek 365,24 egun ditu. Beraz, urte tropikal batean 12,37 ilargialdi inguru izaten dira (365,24 egun 29,53 egunez zatituta). Egutegi gregoriarrean, erabiliena munduan, 12 hilabete daude urtebetean, eta normalean ilargi bete bat egoten da hilero. Ilargi betearen eguna ia egun bat atzeratzen da hilabete natural bakoitzean. Urte natural bakoitzak 12 ilargi-zikloetako egun-kopurua baino 11 egun gehiago ditu, gutxi gorabehera. Aparteko egunak metatu egiten dira, eta, beraz, bi edo hiru urtean behin (zazpi aldiz 19 urteko ziklo metonikoan), ilargi bete bat gehiago izaten da urtean. Aparteko ilbetea lau urtaroetako batean erortzen da nahitaez, eta urtaro horrek lau ilargi bete izango ditu, ohiko hiruren ordez, eta gehigarri hori izango da ilargi urdina

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz ez da egon ohiturarik ilargialdi gehigarri honi urdin deitzeko, ingelesezko Blue moon termino folklorikotik itzulia izan baita. Ingelesez erregistratutako lehenengo aldia 1528ko Rede me and be not wrothe, for I say no thynge but trothe testuan adtor, William Roy eta Jerome Barlow fraide ohiek argitaratutako panfleto antiklerikala. Bertan honakoa esaten da[4]:

« O churche men are wyly foxes [...] Yf they say the mone is blewe / We must beleve that it is true / Admittynge their interpretacion. »

[5]


Ez dago argi, hala ere, fenomenoari buruz hitz egiten duen, edo, sinpleki, fenomeno absurdotzat duen Ilargia urdina izatea.

"Ilargi traidorearen" espekulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an Joe Rao kazetariak adierazi zuen Natural History aldizkarian proposatu zuela "blue" hori belewe hitzatik erator zitekeela, Ingeles zaharrean traizionatu esan nahi duena, ilargi behigarri horrek hilabetero ilargi bete bat dagoenaren ideia traizionatzen duelako. Hala ere, berak onartu zuen bertsio hau okerra dela[6]. 2009an Farmers' Almanacek bertsio hau ere argitaratu zuen.

Ilargiak kolore urdina duenean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilargi urdinaren esanahirik literalena da ilargiak (ez nahitaez ilargi betea) benetan kolore urdina duenean, eta hori ez da oso ohikoa. Eragina atmosferako ke- edo hauts-partikulek eragin dezakete, 1950 eta 1951n Suedia eta Kanadako baso-suteek[7] eta 1883ko Krakatoaren erupzioak (Ilargia ia bi urtez urdin agertu zen) eragin duten bezala. Indar gutxiagoko beste sumendi batzuek ere urdin bihurtu dute Ilargia. Jendeak ilargi urdinak ikusi zituen 1983an Mexikoko El Chichón sumendiaren erupzioaren ondoren, eta Saint Helens mendiak 1980an eta Pinatubo mendiak 1991n sortutako ilargi urdinen informazioak daude. Robert Falcon Scotten Antartikari buruzko egunkarian, 1911ko uztailaren 11n, hauxe irakur daiteke: "... elurrezko aire lodia eta urdin ahul koloreko ilargia"[8].

Kolore urdineko ilargi baten gakoa da partikula asko argi gorriaren uhin-luzera baino handixeagoak izatea (0,7 mikrometro), eta beste tamaina batzuk ez izatea. Arraroa da, baina sumendiek batzuetan horrelako hodeiak sortzen dituzte, basoetako suteek bezala. Suteek eta ekaitzek atmosferara botatako errauts- eta hauts-hodeiek tamaina askotako partikulen nahasketa izaten dute, gehienak 1 mikrometro baino txikiagoak, eta argi urdina sakabanatzeko joera dute. Horrelako hodeiek Ilargia gorri bihurtzen dute; horregatik, ilargi gorriak urdinak baino askoz arruntagoak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Blue Moon» NASAren webgunea (Noiz kontsultatua: 2018-01-31).
  2. «Why is the sky blue?» math.ucr.edu (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  3. (Ingelesez) Plait, Phil. (2012-12-28). «Today’s Full Moon is the 13th and Last of 2012» Slate ISSN 1091-2339. (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  4. (Ingelesez) ajeyaseelan. (2022-06-25). «§ 14. German influence on English literature» Collection at Bartleby.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  5. Roy, William; Barlowe, Jerome; A Lollard, 1450; Arber, Edward. (1871). Rede me and be nott wrothe, for I say no thynge but trothe. Birmingham (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  6. (Ingelesez) published, Joe Rao. (2007-05-25). «The Truth Behind This Month's Blue Moon» Space.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  7. Minnaert, Marcel Gilles Jozef; Seymour, Len. (1993). Light and color in the outdoors. Springer ISBN 978-3-540-97935-7. (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).
  8. «Scott's Last Expedition - Chapter 12 - AWAITING THE CROZIER PARTY - The Journals of Captain R. F. Scott, R.N., C.V.O.» www.coolantarctica.com (Noiz kontsultatua: 2023-08-30).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]