Iparraldeko suge leun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iparraldeko suge leuna
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaSquamata
FamiliaColubridae
GeneroaCoronella
Espeziea Coronella austriaca
Laurenti, 1768
Banaketa mapa

Iparraldeko suge leuna (Coronella austriaca) ipar eta erdialdeko Europan bizi den Colubridae familiako sugea da[1]. Euskal Herrian aurki daiteke.[2]

Iparraldeko suge leunak sabelalde gris edo gorrixka eta orban beltzez betetako bizkarralde marroi-grisaxka du. Buruaren alde bietan, sudurrean hasi eta leporaino iristen den marra ilun bana ditu eta begi-niniak biribilak ditu. Leku harritsu, heze eta eguzkitsuak atsegin ditu eta sugandilak jaten ditu batez ere. Ez da pozoitsua eta obobibiparoa da. Euskal Herrian, eskualde atlantikoan bizi da.[3]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina txikiko ofidioa da, 80 cm baino luzeagoa izan ohi ez dena; normalean ikusten direnak 60 cm ingurukoak izaten dira eta bere isatsak luzera osoaren bostena izaten du. Lirain samarra da eta buru txikia du. Bizkarraldeko ezkatak leunak dira eta 19 ilaratan daude gorputzaren jiran. Sabelaldean 153 eta 182 artean dauzkate; subkaudal-en kopurua, aldiz, beste sugeetan bezala bikoitzak dira, 43 eta 67 artean dauzkate. Begiak 3. eta 4. ezpain gaineko ezkaten artean daude, eta xehetasun honek genero bereko beste espeziarekin bereizten du. Bizkarraldea arre-grisaxka du eta bertan sakabanatuta orban beltz batzuk ditu, batzuetan tonu gorrixkekin, eta normalean parez pare jarrita. Buruaren alde banatan, jatorria sudurzuloan duela, zerrenda ilun bat dauka, leporaino heltzen dena eta begia zeharkatzen duena; mozorro hau suge leunen bi espeziek dute, nahiz eta batean eta bestean zertxobait desberdina izan. Sabela kolore uniformekoa da, grisaxka edo gorrixka, eta ezkaten erdian orban txiki argiak izan ditzake.

Bereizgarriak: Bizkarraldeko ezkatak, leunak; 3. eta 4. ezpain gaineko ezkatak begien azpian. Sudurretik leporaino doan marra ilunak; sabela uniformea.

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko suge leuna lurreko espezie bat da, ilunabarrean da aktiboena naiz eta egunean zehar ere ikusten den. Leku hezeak gustatzen zaizkio, baina eguzkitan. Oharkabean pasatzen saiatzen da, eta landarediaren artean eta harkaitz ugari dagoen lekuetan erdi ezkutuan bizi izan ohi da; harritzarrak eta hormak dira espezie honen lekurik gogokoenak. Ihintza dagoen goizetan aktibitate handia izaten du, eta berotu ondoren janari bila hasten da, ia sugandilak soilik jaten ditu. Horretarako, arin lerratzen da hormetako arrakalen artetik, eta normalean sugandilak harrapatu egiten ditu. Ziraunak ere harrapatzen ditu, eta saguez edo horien kumeez ere elikatzen da noizean behin. Espezie iheskorra da, baina arriskuan ikusten bada hozka egiten du eta oldarkorra da. Ez da kaltegarria.

Udaberriaren hasieran izaten da estalketa, eta borrokak ere bortitzak izaten dira; buruak lurretik 10 bat cm altxatuta, gorputzean jo eta hozka egiten dute. Estalketak hainbat ordu iraun ohi du; arrak emearen kloakan , dituen bi hemipenetako bat baino ez du sartuko. Hau suge guztietan gertatzen da. Obobibiparoa da, arrautzak emearen barruan hazten dira; irailean izaten dira erditzeak; emeak mintz fin batean bildutako gazteak kanporatzen ditu. Mintz horretatik azkar askatzen dira eta modu independentean bizitzen hasten dira. 20 cm inguru neurtzen dute eta sugandilez elikatzen dira. Eme bakoitzak 2 eta 15 gazte artean erditzen ditu. Harrapakinak estutuz hiltzen dituzte, gorputzaren erdiko eraztunez estutuz. Datu hauek kontuan hartuta, ez da pentsatu behar inolako arriskuren mende dagoenik, ez bada giza jazarpena, suge guztien aurka orokortua.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko suge leuna Europa eta Asia txikiko espeziea da, banaketa zabalekoa. Penintsulan Iberia hezea deritzona hartzen du eta mendebaldetik Sistema Zentraleraino hedatzen da.

Gure lurraldean, ia azalera osoa hartzen du, eremu mediterraneoa eta Ebro ibaiaren eragin-eremua izan ezik. Ez da baztertzen talde txikiren batzuk eskualde horretako leku oso hezeen batzuetan babestuta egotea. Bere eremuan, han-hemenka, modu etenean agertzen da, itsasoaren inguruetan, mendi inguruetan eta baita Arabako barnealdean ere. Aipu-eskasia espeziaren ohitura isil eta iheskorrak eta honen eguneroko jarduera-aldiei egotzi behar zaie, behatzeko oso egokiak ez baitira. Beti aurkitu izan dira ale isolatuak eta, batzuetan, urte bat edo biko gazteak. Behaketak itsas mailatik 1600 metroko kotaraino egin dira.

Behaketak landazabalean egin dira batez ere (behaketa guztien %33), landa atlantikoetan (%25), eta harizti atlantikoetan (%20,8) ; beste habitat batzuetan gutxiago daude. Habitat guztiak gutxi-asko higrofiloak dira, eta Iparraldeko suge leunak hezezaleak dira.[4]

Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiespezie Aditua Hedapena
Coronella austriaca austriaca Laurenti, 1768
Coronella austriaca acutirostris Malkmus, 1995
Coronella austriaca fitzingeri Bonaparte, 1840 Mezzogiorno

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Steward JW. 1971. The Snakes of Europe. Cranbury, New Jersey: Associated University Press (Fairleigh Dickinson University Press). 238 pp. LCCCN 77-163307. ISBN 0-8386-1023-4.
  2. «Euskal Herrian dauden 11 espezietatik hamar atzeman dituzte Aranzadiren 'Sugebizi' proiektuko 'sugezainek'» Berria 2021-07-16 CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  3. Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 53 or. ISBN 84-87114-09-1..
  4. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 134 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]