Irlandar Alderdi Sozialista Errepublikazalea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irlandar Alderdi Sozialista Errepublikazalea
Datuak
Motaalderdi politikoa
Ideologiakomunismoa
Historia
Sorrera1896
OndorengoakIrlandako Alderdi Komunista

Irlandar Alderdi Sozialista Errepublikazalea (ingelesez Irish Socialist Republican Party edota ISRP) Irlandako ezkerreko alderdi politiko bat da. Bere sortzailea eta kiderik ospetsuena inongo zalantzarik gabe, James Connolly iraultzailea izan zen.

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlandar errepublikanismoaren usadiozko Irlandako Errepublika baten ezartzearen helburuaz gain, alderdi honetako helburu nagusia Irlandako Langileen Errepublika bat ezartzea zen, alegia, maila edo klase sozial ezberdinik egongo ez zen Errepublika Sozialista bat, hiritar guztiak langile mailakoak izanez, eta inongo ingeles edo irlandar ugazaba edo nagusirik gabekoa.

Bitxikeria bada ere, azken helburu hau ez zen eskuineko irlandar errepublikazaleen batere gogokoa, Irlandako Errepublika eta independentzia nahi izan arren, asko lurjabeak, oso elizkoiak eta eliza katolikoak bere jabetzak inorekin banatzearen aurkakoa baiziren, hots, ingelesen antzera Irlandako lursailak jende aberatsaren eskuetan jarraitzea nahi zuten, ezberditasun bakarra britainiarrek Irlandako lursailak britainiarren eta angloirlandar lurjabeen eskuetan egotea nahi zutela da, aldiz, eskuineko irlandar errepublikazaleek Irlandako estatu berriko lursailak irlandar lurjarbeen eta eliza katolikoaren eskuetan egotea nahi zuten. Irlandar Alderdi Sozialista Errepublikazaleak aldiz, lursailak irlandar nekazari, baserritar eta langileei banatzea nahi zuen, horrela, britainiarrek mende luzeetan zehar eta usadioz ezarritako klase sozialen eta lurjabeen sistema ezabatuz. Gaur egun eskuineko irlandar errepublikazale horien ondorengo historiko eta politiko nagusia Fine Gael alderdia da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1896an James Connolly irlandar iraultzaile sozialistak sortu zuen. Beti alderdi txikia izan zen, izan ere, Dublingo saila bakarrik izan zuen, Cork, Belfast, Limerick eta Naas udalerrietan, edota irlandar etorkin eta langile ugari bizi ziren Ingalaterrako iparraldera hedatzen ere saiatu zen, baina arrakastarik gabe. Alderdi honetako beste buruzagi nabarmenak William X. O'Brien, E. W. Stewart eta P. T. Daly izan ziren, bai eta Con Lehane, Robert Dorman eta Tom Lyng ere.

Halere, 1916ko Pazko Matxinadan berebiziko garrantzia izan zuen Irlandako Armada Hiritarra talde sozialista armatua eta alderdi honetako adar militarraren sortzailea izan zen. Talde armatu honen garrantzia matxinadan parte hartu zuten beste talde batzuk ez bezala Irlandako Armada Hiritarra oso ongi antolatua eta prestatua zegoelakoan zetzan, nagusiki aurrez grebetan eta kale istiluetan jasotako eskarmentuari esker. Aldiz, matxinadan parte hartu zuten beste taldeek borondate asko baina eskarmentu gabezia handia zuten. James Connolly matxinada hartako buruzagi nagusienetakoa izanik britainiarrek fusilatu egin zuten. Alderdia 1921an desegin zen.

Gaur egun 1974an Ipar Irlandan sortutako Irlandar Alderdi Errepublikazale Sozialistak bere burua alderdi historiko honen ondorengotzat jotzen du.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]