Irlandar errepublikanismo
Irlandar errepublikanismoa irlandar nazionalismoaren barneko mugimendu edo ideologia bat da. Bere jatorria XVIII. mendean kokatu ohi da.
Eduki-taula |
Irlandar nazionalismoa eta errepublikanismoa[aldatu]
Sarritan eta batez ere Irlandatik kanpora irlandar nazionalismoarekin nahastu ohi da, bien arteko esberdintasunik egin gabe. Irlandar nazionalismoak Irlanda nazio bat dela baieztatzen duen kultura, hizkuntza, politika eta gizarte mugimendu bat da, historian zehar bere barnean pentsamolde eta ideologia ugari egon direlarik: independentismoa, subiranismoa, erregionalismoa edota autonomismoa.
Aldiz, nahiz eta herrialde hartako nazionalismoaren barnean egon, irlandar errepublikanismoa beti independentismoa eta errepublikanismoaren aldekoa izan da, Erresuma Batuko koroa eta monarkiaren aurkari sutsua. Hots, Irlanda uharte osoaren independentzia eta errepublika baten aldekoa izan da.
Historia[aldatu]
Bere jatorria XVIII. mendean kokatu ohi da, Society of United Irishmen erakundea ideologia honen iturria izan zen eta bere sortzaile gisa Theobald Wolfe Tone, James Napper Tandy eta Thomas Russell izan ziren. Ironikoki, denak ere protestanteak eta Irlanda errepublika independiente batean bilakatzeko alde zeudenak.
Banaketa[aldatu]
1922. urtean Irlandako Estatu Askeak independentzia lortzean baina Ipar Irlanda Erresuma Batuaren barnean gelditzean errepublikanismo historikoak eta Sinn Fein alderdiak banaketa bat pairatu zuen:
- Estatu Aske berriaren eta Itun anglo-irlandarra aldekoak (Michael Collins edo Arthur Griffith buru zituztela), etorkizunean Ipar Irlanda ere hurbilduko zitzaielako itxaropenez. Cumann na nGaedhael alderdi berria sortu zuten, Fine Gael alderdiaren aurrekaria.
- Itun anglo-irlandarraren aurkakoak (Eamon de Valera eta Cathal Brugha buru zituztela), hauek ez zuten akordioa ezta Irlandako Estatu askea inolaz ere onartu. Nahiago zuten independentziarik ez izatea, Irlanda banatu bat izatea baino. Denborarekin alde honetakoek errepublikanismoaren izendapenaz bereganatu egin ziren euren buruei "errepublikarrak" deituz, beste aldekoei izendapen hori ukatuz. Estatu Askearen aldekoek aldiz "irregularrak" deitzen zieten (Estatu Askearen ezarpena onartu ez zutelako).
Azkenean bi alde hauen artean liskarra sortu eta Irlandako Gerra Zibila piztu zen. Bertan bi aldetako jende ugari hil zen, adibidez Michael Collins eta Cathal Brugha berak. Aipatzekoa da Gerra Zibilean aurreko Anglo-Irlandar Gerran baino askoz ere jende gehiago hil zela. Azkenean Estatu Askearen aldekoek gerra irabazi zuten, batez ere Erresuma Batuaren laguntza eta ongi antolatutako gudaroste bat zutelako, aldiz Itunaren aurkakoak gaizki antolatutako talde bakanez osatuak zeuden.
Gerora, errepublikar edo Akordioaren aurkako aldean ere banaketa sortu zen: Eamon de Valerak Estatu Askeko hauteskundeetan parte hartu gabe ezer gutxi lortu zezakela onartu zuen, hortaz Fianna Fáil alderdia sortu, hasierako muturreko pentsamoldeak pragmatismoaren alde laga zituen eta gauzak nahiko ongi joan zitzaizkion: hamarkada luzez Eamon de Valera Irlandako politikako pertsonai garrantsitsuenetakoa bilakatu baitzen.
Gainbehera: desagertzeko zorian[aldatu]
Aldiz, errepublikanismoan gertatutako azken banaketa honetatik ateratako muturreko errepublikarrak piskanaka jendea eta gizartearen babesa galduz joan zen. Sinn Fein alderdia eta IRA desagertzeko zorian egon ziren, jada esker muturreko talde txiki bat besterik ez zen, Irlandako Estatu Askea eta gerora Irlandako Errepublikako gudarostea eta poliziak burututako atxiloketa eta presio izugarriaren ondorioz.
Ipar Irlandako berpizkundea[aldatu]
Gerora, 1970eko hamarkadan eta batez ere Igande Odoltsuari esker Ipar Irlandan Behin-behineko Irlandako Armada Errepublikarra sortu eta Sinn Fein alderdiak sekulako bespizkundea jasan zuen (noski, Irlandako Errepublikan inolako garrantzirik ez zuen alderdi bat izaten jarraitu zuen).