Jaguar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jaguar
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaFelidae
GeneroaPanthera
Espeziea Panthera onca
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia99 egun
Koloreabeltz eta hori
Masa800 g (pisua jaiotzean)
Haginkadaren indarra137
Kumaldiaren tamaina2
Genomaren kokapenadnazoo.org…

Jaguarra panthera generoko panterinoen azpifamiliako felido haragijalea da, genero honetako espezie guztietatik Amerikan bizi den bakarra da. Amerikako felidorik handiena eta munduko hirugarren handiena da (Tigrea eta lehoiaren atzetik). Katu handi honen hedapena Estatu Batuetako hegoaldetik Argentinako iparralderaino doa, Ertain Amerika osoa zeharkatuz. Arizonako populazio urri batzuk izan ezik, espezie hau 1900. urteko hamarkadatik Estatu Batuetatik iraungitua dago, eta Puma da Ipar Amerikan presentzia handia duen felido handi bakarra. Lehoinabarrarekin lotura estua du, eta fisikoki oso antzekoak izan arren, tigrearekin lotura estuagoa du portaeran eta habitatan. Ohian berde eta hezeak (zingirez beteak) gogokoago badu ere, baso lehorrago eta irekiagoetara ere erraz molda daiteke. Felido hau urarekin estu erlazionatuta dago, eta tigrearekin batera, igerilari aparta izanagatik ezagutu ohi da. Felido bakartia da eta harrapakina zelatatuz enboskada bitartez ehizatzen du, horretarako garezurrean edo lepoan hozkada bakarti eta zital bat emanez (felidoen hilketa mota ohikoena ere erabiltzen du bere hozkada bereiztuaz gain). Jaguarra IUCN-ren arabera ia arriskuan dagoen espezie bezala sailkatuta dago, bere kopuruak behera egiten jarraitzen duen bitartean. Horren guztiaren arrazoi nagusiak bere habitataren desagerpen azkarra eta legez kanpoko ehiza dira, animalia hau legez babestua izan arren, sarritan nekazari eta abeltzainen kontrako gatazketan tiroz eta ehizatua bukatu ohi da.

Ezaugarrriak

Jaguarra (panthera onca) Ertain-amerikatik Hego-amerikaraino hedatzen den katu handi edo felido handiena da, eta munduko hirugarren handiena, tigrea eta lehoiaren atzetik, hurrenez hurren. Katu handi honek gorputz sendoa du eta proportzionalki (kiloz kilo) felido guztien artean indartsuena eta gihartsuena da (tigrea eta lehoiaren aurretik), baita hozkadarik indartsuena duena ere. Animalia honek 360 kiloko zezen bat arrastaka eraman dezake ohian hostotsuenatik zehar eta bera baino 4 aldiz astunagoak diren harrapakinak uretatik garraiatu eta ur-ertsetako lurrezko horma naturalak harrapakinarekin eskalatu ditzakete uretatik atera ahal izateko. Era berean, bera baino 3 bider pisutsuagoak diren harrapakinak zuhaitz baten goiko adar lodietara garraiatu ditzake (lehoinabarra bezala, baina pisu handiagoarekin), nahiz eta lehoinabarrek ez bezala, jaguarrek hori egiteko beharrik ez izan (bere habitataren elikadura-katearen goiko partean dagoelako). 70 kilo inguruko aleak 35 kilo pisatzen zituzten itsas dortokak eta kaimanak ohian hostotsuetan 100 metro inguru garraiotzen ikusi dira. Katu honen azala laranja-orixka kolorekoa da eta orban edo pikartadura beltz handi eta ugariez beteta dago, bere sabel ingurua eta lepoaren barnekaldea zuria da (baita orbanez edo pikartadurez betea ere). Melanismoa oso egoera arrunta da jaguarretan, eta maiz jaguar beltzak ikusten dira ohianetan zehar, baita mundu osoko zoologikoetan ere. Albinismo kasu arraroagoak ere gertatzen dira (gainontzeko felidoetan bezala), pantera zuriak izenaz ezagutzen direnak.

Tamaina

Bere tamaina 56 kg-tik 130 kg-ra aldatu daiteke arren kasuan, emeak 10-20% txikiagoak dira, aztertuta dago Brasilgo lur-zingiratsuenetako zonalde irekietan katu hauen tamaina handiena dela, bertako batez besteko pisua 100 kg-koa da eta sarritan 130 kg-ra heltzen dira (158 kg-ko arrak ere topatu dira), seguruenik harrapakin ugariko gunea delako azal daiteke hau dena, eta beraz, elikadura falta ez dutenen tamainean hazten dira. Bere luezeera 163-183 cm bitartekoa da, 75 cm-ko buztana erantsiz eta bere altuera sorbaldetaraino 67-76 cm bitarteraino doa.

Hozkada

Felidoen artean ez ezik, munduko ugaztun guztien artean hozkadarik indartsuenetarikoa ere badu, ikerketa batzuk ugaztunen artean bigarrena jartzen dute hiena pikartaren atzetik (hauxe da daturik fidagarriena), beste ikerketa batzuk hienen aurretik lehenengo postuan jartzen dute, beraz, sailkapen horretan zein postuan sailkatzea zaila egiten da ( dena dela, hiena pikartaren atzetik jartzen duen ikerketa fidagarriagoa da). Argi dagoena ugaztunen erreinuan hozkadarik indartsuena ematen duten bi animalien artean dagoela terminu absolutuetan, hienarekin batera (proportzionalki, hots, terminu erlatiboetan, Tasmaniako deabruak du hozkadarik indartsuena).

Portaera eta habitat

Katu honi, tigreei gertatzen zaien moduan, ura asko gustatzen zaie eta bere bizitzaren hazkundea ur gune handiei esker ematen da, uretan bizi diren harrapin askok osatzen baitute bere elikadura, eta beraz, bere habitat gehienak lur-zingiratsuek osatzen dituzte, urez beteta daudenak (Amazonako baso tropikaletan ugari daude), arrazoi horien guztiengatik igerilari eta urpelari aparta da (Tigrea bezala).

Hedapen geografikoa

Jaguarra Amerika kontinenteko erdialdetik ia hegoalde osora hedatuta dagoen felidoa da, katu hau Ertain-amerikako habitat lehorragoetara (beti ere ur-gune nahiko badaude ) zein Hego-amerikako zonalde eta habitat heze eta basotxu zein ureztatuenetara (lur-zingiratsuz beterikoak adibidez) moldatuta dago.

Elikadura eta ehiza

Katu hau bere hozkada bortitzaz baliatzen da bere harrapakin ugariak ehizatzeko, normalean, beste katu handiek egiten ez duten bezala (lepoan edo muturrean hozkada egin harrapakina aire eta odol fluxurik gabe uzteko) katu honek sarritan buruan hozkada indartsu batekin hiltzen ditu bere harrapakinak, buruezurra eta burmuina zulatuz. Baita kaimanen, dortoken eta armadiloen azal gogorra edota oskola zulatu eta apurtzeko ere baliatzen dira arazo handiegirik gabe. Aipagarria da bere izenak "jauzi batez hiltzen duena" esan nahi duela bertoko tribuen hizkeraz. Bere elikadura osatzen duten 80 harrapakin espezie ezberdin ehizatu ditzake, igeletatik hasita eta zerbido handi, basurde, kapibara, tapir, pekari eta kaiman edota anakonda suge erraldoietaraino, hegazti (arrano handiak barne) eta narrasti mota guztietatik igarota.

Ugalketa

Emeak 12-24 hilabeteen tartean heltzen dira heldutasunera, arrek sexu-heldutasunera iristeko 24-36 hilabete artean itxaron behar duten bitartean. Emeak heldutasunera azkarrago heltzea ugaztun guztien ezaugarrienetako bat da. Ugalketa urte osoan zehar eman daiteke, baina urtaro euritsuan areagotzen dira erditzeen kopuruak, harrapakin ugariago dauden urtaroan. Emeen araldiak 6-17 egun artean dirau, eta emankor dagoela usaingarriak diren txisa-marken eta hotsekin adierazten du. Gorteiatze garaian bai arrek bai emeek beraien lurraldea handiagotzen dute. Ugaldu ondoren, bikoteak banatzen dira berriro ere eta emeak dira kumeen zaintzaz arduratuko diren bakarrak. Ernaldiak 93-105 egun artean irauten du eta 1-4 tarteko kumeak erditzen ditu, sarriena bikote bat izanik. Kumeen jaiotza ostean, emeak ez du jaguar arren presentziarik onartzen, kanibalismoa saiesteko bide bat izanda (tigreek ere portaera hori erakusten dute). Kumeak erabat itsu jaiotzen dira, eta amaren zaintzaren beharra dute. Poliki-poliki ikusmena garatzen hasten dira eta 3 hiletan amak titiak kentzen dizkie haragia apurka jaten hasteko. 5-6 hilabetetan jada amaren ehizara joaten dira, gutxinaka ehizatzeko behar duren doaiak bereganatzen joateko. Bizitza askean 11-12 urtez bizi dira, gatibutasunean 25 urtez bizi daitezke eta 32 urtez bizi zen eme baten erregistroak daude, felidoen artean bizitza luzeenetarikoa duenen artean sailkatuz.


Garrantzia kate trofikoan

Bere habitat guztien superharraparia da, beraz garrantsi zenbaezina duen animalia da kate trofikoan eta bere biziguneen zikloetan. Animalia hau, bere habitateko kate trofikoan berebiziko garrantzia eta ardura du, belarjale ororen (batez ere ertain eta handien) populazioak orekatzeko ardura ekologikoa du. Harrapari honen desagerpenarekin, bere habitataren oreka eta habitat bera desagertuko zen, kate bateko oinarrizko osagaia kenduko zen bezalaxe. Belarjaleak neurririk gabe ugaldu, biderkatu eta ohian guztiarekin (bertako landare eta animaliak barne) amaituko zuten.


Kontserbazioa

Populazioaren bilakaera

Felido miresgarri honen populazioak beherantz doaz etengabe, animalia hau ia arriskuan gisa sailkatuta dago IUCN-ren eskutik, baina bere kopuru eta populazioen beherakada dela eta, laster arrisku ahulean gisa (ia arriskuan baino postu bat larriago) sailkatua izan daitekela iragartzen dute. Hau ere animalia honen aldeko babes neurriak areagotzeko estrategia ona izan daitekeela diote, arriskuan sailkatuta ez dauden animaliek babes-neurri eskasagoak (batzuetan neurririk ez) eta arreta gutxiagoa izaten dutelako. Aurreko hamarkadetan bortitzki ehizatua izan zen felidoa da, batez ere bere larruagatik. 1960. urteko hamarkadan 15.000 jaguar hil zituzten bere larruagatik bakarrik, hori dela eta bere hedapen historikoko %37-ko lurraldea galdu izan zuen. Hortik aurrera neurriak hartu izan zuten eta animalia babestutzat hartuta bere lurraldea eta kopurua berreskuratzen joan da. Datu baikor bat jartzearren, egungo etorkizunerako bizirauteko probabilitate ikerketek, jaguarrak etorkizunean bizirauteko %70 probabilitateko aukerak dituela diote. Horretarako, ezinbestekoa da bere habitata babestea eta legez kanpoko ehiza guztiak etetea, baita abeltzainen arteko gatazkei irtenbide bat ematea.


Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jaguar Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Panthera_onca


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.