Johann Stamitz
Johann Wenzel Anton Stamitz —jaiotza izena: Jan Václav Antonín Stamic (Deutschbrod, Bohemiako Erresuma, 1717 - Mannheim, Palatinatua, 1757) txekiar musikagilea eta biolinista izan zen. Aitarekin ikasi zuen biolina jotzen. 1745. urtetik aurrera Mannheimgo gorteko musika-zuzendaria eta orkestrako zuzendaria izan zen. "Mannheimgo Eskola" izenekoaren sortzaile izan zen. Eskola horren bitartez XVIII. mendeko orkestrarako musika-moldaketa eta sinfoniaren aurrerabidea bultzatu zituen. Sinfoniagile eskola horrek eragin handia izan zuen Mozartengan. Berrogeita hamar sinfonia, hamabi kontzertu biolinerako, eta sonatak biolinerako idatzi zituen, besteak beste. Stamitzen semeak ere, Karl Philip eta Anton Thadäus, musikagileak eta biolin-jotzaileak izan ziren.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.