Klorofila

Wikipedia, Entziklopedia askea
Klorofila kloroplastoetan dago (berde koloreko esferetan).

Klorofila fotosintesian funtsezko zeregina betetzen duen pigmentu berdea da, landareen kloroplastoetan dagoena. Pigmentu honi esker landareek eguzkitik jasotzen duten argi-energia energia kimiko bihurtzen dute. Landareek ez ezik, algek eta zianobakterioek ere klorofila dute (nahiz eta azken hauetan kloroplastorik ez egon).


Egitura kimikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

a, b eta d klorofilen egitura
c klorofilaren egitura


Klorofila molekulak bi osagai ditu: porfirina-eraztuna eta fitol izeneko kate luzea.

Porfirina-eraztuna tetrapirrolikoa da, zitokromo eta hemoglobinaren antzekoa, baina porfirina horrek magnesio atomoa du eraztunaren erdian, burdina atomoa izan beharren (irudia). Magnesio hori lau nitrogeno atomoei lotuta dago.

Fitola metilo (-CH3) zatiak dituen kate hidrokarbonatu luzea da. Hidrofoboa da, hots, ez du urarekiko afinitaterik. Fitol horri esker lipidoekin eta fotosintesi-mintzetako proteina hidrofoboekin elkartu daiteke klorofila.

Klorofila-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura eta propietate desberdinetako klorofilak daude; a, b, c eta d dira garrantzitsuenak, eta hainbat bakteriok ere bakterioklorofilak dituzte.

a eta b klorofilen xurgapen-espektroa


Klorofilarik arruntenak landareetan eta alga berdeetan dauden a eta b klorofilak dira. Alga arretan c klorofila dago, eta alga gorrietan d motakoa.

Klorofila horietako bakoitzak uhin-luzera desberdineko argia xurgatzen du. A klorofilak, esaterako, argi gorria eta urdina xurgatzen ditu, eta berdea isladatu (horregatik da berde kolorekoa). B klorofilak ere argi urdina xurgatzen du (460 nm-koa) gehienbat.


Funtzio biologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klorofilak fotosintesiaren argi-fasean parte hartzen du, eguzkitik datorren argi-energia energia kimiko bihurtzen lagunduz.

Fotosintesi oxigeniko izeneko prozesuak bi fase ditu: argitakoa eta ilunpekoa. Argi-fasean argi-energia hartu eta energia kimiko sortzen da (ATP eta NADPH2). Ilunpeko fasean sortutako energia kimikoa konposatu organikoen sorreran (glukosa) parte hartzen du.

Klorofilak berezitasun bat du: argiaren aurrean elektroiak erraz galtzen ditu. Galdutako elektroiak elektroi-garraiorako kate batean sartzen dira, non molekula bat erreduzitzen da (NADP) eta ATP eratu egiten da. Ilunpeko fasean bi molekula horiek, hain zuzen, CO2 glukosa bihurtzeko erabiliak izanen dira.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argiarekiko duen portaera kimikoari esker erraz antzeman daiteke klorofila. Neurketa optikoaren bidez erraza da ur-lagin batean klorofila-maila jakitea. Honek fitoplanktonaren kontzentrazioaren informazioa ematen du, eta baita ere jarduera biologikoarena. Beraz, klorofilaren neurketak ekosistema baten eutrofizazioari buruzko informazioa eskura jartzen du.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]