Glukosa

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Glukosaren formula lineala (Fisherren proiekzioa)

Glukosa (C6H12O6) formula duen gluzidoa da, "mahatsaren azukrea" izenarekin ere ezagutzen dena. Fruta askotan dago, eta eginkizun garrantzitsua betetzen du landare zein animalien metabolismoan. Gizakiaren odolean eta gibelean agertzen da, odoleko kontzentrazio normala 0,8-1,1 gramo litroko izanik.

Eduki-taula

[aldatu] Formula kimikoa

Glukosa hexosa bat da, 6 atomo karbono duen gluzidoa, alegia. Fruktosaren formula bera du, baina egitura kimiko desberdina (glukosa aldosa baita, eta fruktosa zetosa bat).

Glukosaren transformazioa: Fisherren proiekziotik (lineala) Haworthen proiekziora.

Eskuineko irudian glukosaren formula lineala ikus daiteke. Ur-disoluzioan, berriz, hexosa guztiek egituraz aldatzen dute, molekula bereko aldehido eta alkoholaren arteko erreakzioa dela eta. Horrela, molekula barnean hemiazetal bat sortzen da, eta molekulak egitura ziklikoa hartzen du. Haworthen formularen bitartez marrazten dira egitura zikliko hauek.

[aldatu] Funtzioak

Haworthen irudia

Glukosa erreserba energetiko garrantzitsua da, animalietan glukogeno moduan eta landareetan almidoi moduan metatzen dena. Zelularen energia-iturri nagusia da, bere katabolismoan izaki bizidunek behar duten energia askatzen baita.

Bakterioetatik gizakiarengana glukosaren bide katabolikoak oso antzekoak dira, bizidun guztien jatorri berdina agerian uzten duena.


[aldatu] Metabolismoa

Glukosaren oxidazio osoa arnasketa aerobikoaren bitartez gauzatzen da. Arnasketaren ekuazioa honako hau da:


C6 H12 O6 + 6O2 → 6CO2 + 6H2O + energia (ATP)

Arnasketa aerobikoa hiru etapatan osatzen da: glukolisia, Krebs zikloa eta arnas-katea.

Landareen fotosintesiak, aldiz, glukosa sortzen du molekula inorganikoak eta argi-energia erabiliz:


6 CO2 + 12 H2O + argia → C6H12O6 + 6 O2 + 6 H2O

[aldatu] Gluzemia

Gluzemiak glukosak odolean duen kontzentrazioa adierazten du. Gluzemia maila normala 0,8 eta 1,1 gr/litroko artekoa da. Gibelak eta areak kontrolatzen dute maila hori. Glukosa glukogeno moduan metatzen da gibelean, eta gluzemia maila asko jaisten denean hormona batek (glukagoiak) glukogenoa glukosa bihurtzen du, odolera pasatuz. Aitzitik, gluzemia handia bada areak sortzen duen beste hormona batek (intsulinak) glukosa maila jaisten du. Intsulina-gabeziak diabetea eragiten du, hipergluzemia agertuz.