Alga

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alga zelulanitzaren adibidea.
Laurencia alga mota.

Alga (Algae) organismo autotrofo talde zabal eta askotarikoa da, forma zelulabakarrak eta zelulanitzak batzen dituena. Fotosintesia egiteko gai dira eta uretan edo ingurune nahiko hezeetan bizi dira.

Alga izenak ez du balio taxonomikorik baina horren dago zabaldua ze, gainerako talofitoetatik banaturik ikasten diren. Denbora askoan zehar landareekin batera sailkatu ziren. Gerora ordea, desberdintasun morfologikoengatik talofitoen taldean sailkatu ziren, onddoekin batera. Goi mailako landareak, berriz kormofitotzat hartzen dira. Izan ere, algen ehunak talokarak diren bitartean, goi mailako landareetan sustraiak, zurtoinak eta hostoak sailkatzen dira, hau da, kormoa.

Oso talde heterogeneoa osatzen dute. Gehienak itsastarrak dira eta hondoari lotuta edota uretan esekita bizi dira. Asko eta asko zelulabakarrak dira, beste batzuek koloniak osatzen dituzte eta beste asko zelulanitzak dira. Alga arreetan gertatzen den bezala, gainera, zenbait algatan anatomia konplexuak ere garatu dituzte. Bai morfologia zein fisiologia aldetik ere, aldakortasuna oso handia da. Hala ere, 10.000 makroalga inguru existitzen dira, lurrean dauden 230.000 landare espezieekin alderatuta oso kopuru txikia.

Landareen ezaugarri diren egitura ugariren falta dute algek, hala nola, hostoak eta sustraiak. Gehienak fotoautotofroak dira, nahiz eta talde batzuk mixotrofoak izan, energia fotosintesitik eta karbono organikotik lortuz, osmotrofia, mizotrofia eta fagotrofia bidez. Espezie zelulabakar batzuk kanpo energia baliabideetan oinarritzen dira, eta fotosintesi gaitasun mugatua edo falta dute.

Algak aztertzen dituen biologiaren atalari fikologia izena ematen zaio.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Algek talde polifiletikoa osatzen dute, eta hainbat talde taxonomikotako izakiak sailkatzen dira izen honen azpian. Polifiletismo honen adibiderik garbienak domeinu ezberdinetako izakiak aurki daitezkeela dira, izan ere, algen barruan prokarioto zein izaki eukariotoak aurki daitezke.

  • Prokariotoak: Algen barruan prokarioto talde bakarra sailkatu izan da, zianobakterioak (Cyanobacteria), hain zuzen ere. Izaki hauei alga urdin-berde izena ematen zaie. Beste hainbat izaki prokariotok ere fotosintesia gauzatzen duten arren, zianobakterioak dira fotosintesi oxigenikoa burutzen duten bakarrak eta alga kontsideratzen direnak, honenbestez.
  • Eukariotoak: Eukariotoen artean, hainbat taldetako izakiak kontsideratzen dira alga, gehienak Protista erreinukoak. Kasu gehienetan, forma heterotrofoekin elkarbanatzen dituzte kladoak, tradizionalki protozoo edo onddo moduan sailkatu direnekin. Honako dibisioak jotzen dira algatzat:
    • Euglenofitoak (Euglenophyta): Plasto berdez hornituriko ur gezako izaki zelulabakarrak dira. Heterotrofoak diren kinetoplastidoekin estuki loturiko taldea da hau.
    • Dinoflagelatuak (Dinogflagellata): Normalean beste alga zelulabakar batzuen endosinbiosiaz lorturiko kolore ezberdinetako plastoak dituzten organismo zelulabakarrak dira.
    • Heterokontofitoak (Heterokontophyta): protisten barruko hainbat izaki sailkatzen diren talde oso heterogeneoa da. Alga marroi moduan ere ezagutzen dira, eta egitura anatomiko konplexuenak dituzten algak aurkitzen dira talde honetan.
    • Haptofitoak (Haptophyta): geruza karbonatudun organismo zelulabakarrak dira.
    • Kriptofitoak (Cryptophyta): itsasoko ur hotzetan aurkitzen diren forma zelulabakar flagelatuak dira.
    • Glaukofitoak (Glaucocystophyta): zianelak izateagatik bereizte diren ur gezako organismo zelulabakarrak dira. Zianelak, zianobakterioen ezaugarri tipikoak dituzten plastoak dira, gainerako alga eta landaretan aurki ezin daitezkeenak.
    • Rodofitoak (Rhodophyta): alga gorriak sailkatzen dira talde honen barruan.
    • Klorofitoak (Chlorophyta): alga berdeak dira. Lurreko landareak talde honetako algen eboluzioz sortu ziren.

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kelp basoa, hiru dimentsioko talo zelulanitza (Monterey Bay Aquarium).

Algak mikroskopiko zein makroskopikoak izan daitezke. Zelula zein egitura zelulanitz mailan hainbat ezaugarri bereiz daitezke.

Maila zelularrean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde batetik, alga guztiek partekatzen dituzten hainbat ezaugarri zelular daude, zelula horma, flageloak, plastoa eta pigmentuak, esate baterako.

  • Zelula horma: alga gehienek izan ohi dute, nahiz eta badiren periplastoa besterik ez duten alga biluziak ere. Pareta pektazelulazkoa izan ohi da eta batzuetan metaketa ez-organikoak izan ditzake, hala nola, kaltzioa eta silizioa.
  • Flageloak: talde gehienetan zelula higikorren presentzia dago, gorputz begetatibo edo ugal egituran.
  • Plastoa: plastoen kopurua aldakorra alga taldeen artean, eta algen sistematikan garrantzia handia duen ezaugarria da. Alga gorri eta berdeek pareta bikoizdun plastoa dute, dinoflagelatuek hirukoitza eta alga arreek, aldiz, laukoitza. Tilakoideen metaketari dagokionez, gorrietan isolatuta ageri dira, arreetan hirunaka pilatuta eta berdeetan 3-9naka.
  • Pigmentuak: a-klorofila alga talde guztietan agertu ohi da, eta b, c eta d klorofilak, aldiz, talde batzuetan. Karotenoideoei dagokionez, b-karotenoa ia talde guztietan agertzen da eta zianofizeetan fikozianinak ere garrantzia handia du.

Maila makroskopikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alga makroskopiko gehienetan hainbat ezaugarri morfologiko komun existitzen dira.

  • Errizoideak: alga makroskopikoak substratu bati itsatsirik egon ohi dira errizoide izeneko egitura batzuen bitartez. Landareen sustraien antzekoak diren arren, beren funtzio bakarra alga eustea da eta ez dute inolako xurgapenik burutzen. Zenbait kasutan, errizoide hauen ordez, disko basala egon ohi da, sargazoaren (Sargassum muticum) kasuan gertatzen den moduan. Aipatzekoa da, zenbait algaren substratua beste alga bat izaten dela, edota kasu batzuetan, baita animalia bat ere.
  • Estipea: oinarria eta laminaren artean, hainbat milimetrotik hasi eta zenbait metroko luzera izatera iritsi daitekeen egitura aurkitzen da. Laminaria hiperborea eta L. ochroleuca-ren kasuan, esaterako, estipeak 2 metro izan ditzake, eta maiz, algak eta animaliak bizi ohi dira bertan.
  • Lamina: algaren zatirik nabarmenena da, askotariko formak izan ditzakeena.

Alga sinbiotikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alga espezie zenbait harreman sinbiotikoak dituzte beste organismo batzuekin, algek fotosintatuak (sustantzia organikoak) hornituz eta organismo ostalariek babesa emanez. Ostalariek energia guztia edo zati bat algetatik jasotzen dute.

Likenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Liken
Likenak haitz batean.

Likenak onddo eta alga baten arteko elkarte sinbiotikoak dira, egitura espezifikoa duten gorputz begetatibo iraunkorra eratuz[1]. Onddoak Ascomycota dira gehienetan, edo Basidiomycota beste batzuetan. Naturan ez dira bakarturik aurkitzen, baina ez dakigu noiz hasi ziren elkartzen[2].

Koral uharriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Koral uharri
Floridako koral uharria

Koral uharriak Scleractinia ordenako itsas-ornogabeen karezko exoeskeleto pilaketak osatzen dute. Animaliak izanik, azukrea eta oxigenoa metabolizatzen dute energia lortzeko, zelula eraikuntza prozesuan beharrezkoa. Alga dinoflagelatuak sarri itsas-ornogabeen zeluletan endosinbiotikoak dira, non ostalariaren metabolismoa azeleratzen duten azukrea eta oxigenoa eratuz fotosintesi bidez.

Itsas belakiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Belaki

Alga berdeak belaki batzuen azaleratik hurbil bizi dira, adibidez Halichondria panicea belakitik. Horrela, algak harraparietatik babestuta daude eta belakiak azukrea eta oxigenoa jasotzen ditu algetatik, belaki espezie batzuetan %50-80 izateraino[3].

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Algak uretan edota ingurune hezeetan bizi dira, hala nola, leku laiotzetan, ibaietan, itsasoan... Hala ere, bereziki aberatsak dira marearteko gunean. Marearteko zonaldea ez da batere homogeneoa bi ingurune guztiz ezberdinen arteko gunea baita eta aldaketa oso bortitza baita. Hala ere, bertako biztanleak ongi egokitu dira ingurunera eta leku oso aberatsa da itsasoa eta lur lehorrak bat egiten duten leku hori.

Marearteko zonak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gunea hainbat zatitan banatu daiteke, batez ere urak duen eraginagatik. Alde batetik supralitorala dago, bertara olatuen indarrez iritsitako ur zipriztinak besterik iristen ez direlarik. Apur bat beherako gune mesolitorala edo intermareala kokatzen da, gune honetan egunero bi aldiz urak goia eta behea jotzen dituelarik. Zonalde honetan beste bi gune berezi aipatu behar dira, goi-gerrikoa, marea biziak direnean soilik uretan murgildua gertatzen dena, eta behe-gerrikoa, marea biziak direnean soilik uretatik at gelditzen dena. Aipaturiko zonalde honen azpian sublitorala kokatzen da, hau da, beti ur geruza jakin batez estalitiko gunea.

Bada marearteko gunean aipatu beharreko gune berezi bat, putzua. Putzuak, marea jaistean urez beteta gelditzen diren guneak dira, ziurrenik marearteko gunerik aberatsenak.

Aipatutako gune guzti hauetan inguruaren ezaugarriak oso desberdinak dira, eta honexegatik bizidun ezberdinek kolonizatuak izan dira, ingurune horretara hobekien egokitu direnak, hain zuzen ere.

Mareartekoan eragiten duten faktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eragiten duten faktoreak hainbat dira. Faktore hauek bi taldetan bana daitezke. Alde batetik, faktore abiotikoak, hots, ingurune fisikoak ezartzen dituenak, eta beste alde batetik faktore biotikoak.

Faktore abiotikoei dagokienez, garrantzitsuena aurrez aipaturiko uraren presentzia da. Marearteko gune ezberdinetan uraren presentzia-denbora ezberdina da, eta honegatik, deshidratazio-arriskua aldakorra da. Arazo honi aurre egiteko alga batzuek deshidratatuta bizirauteko ahalmena garatu dute, jarduera guztiz minimizatuz berriz ere ura itzuli arte.

Gazitasuna ere faktore oso garrantzitsua da. Algek oreka osmotikoa mantendu beharra dute, eta ur asko galduz gero, gorputzean gatz kontzentrazio handiegia gelditzea ez da batere lagungarria. Hau ekiditeko babeserako hainbat moldaera lortu dituzte bertako algek.

Eguzkiztapena ere aipatu beharra dago, ez baita gauza bera egun guztia eguzki izpien azpian edo itzaletan egotea. Eguzkiaren azpian egon beharra dutenek talo kaltzifikatuak, firukarak edota zilindrikoak garatu dituzte intsolazioa ahalik eta txikiena izateko.

Honekin lotuta tenperatura dago, nahiz eta txoko ekologiko berean garrantzia handiegia ez duen faktorea den.

Azkenik hidrodinamismoa aipatu behar da. Alga askok golpe bortitzak jasan behar izaten dituzte olatuen partetik, eta substratuari itsatsita jarraitzeko hainbat moldaera jasan dituzte.

Faktore biotikoei dagokienez, aldiz, bi aipatu behar dira. Alde batetik lehiakidetza, bai espezie bereko kideen artean eta baita espezie ezberdinen artean ere. Bestalde herbiborismoa, algez elikatzen diren animalia andana bizi baita gune honetan.

Algak erregai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Alga erregai

Petrolioaren erreserbak gutxitzen doazen heinean, bioerregai alternatiboen beharra areagotzen ari da. Erregai hauen artean algetatik eratorritakoa urte gutxi batzuetan errealitate bihurtu daiteke. Mundo osoko hainbat enpresa eta ikerlari taldek algetatik hidrogenoa edo biodieselerako olioa ateratzen dute sistema esperimentaletan lan egiten ari dira. Hauek gainera zentral termikoetan emitituriko CO2 eliminatzen dute. Guzti honek ostera erronka garrantzitsu bat dauka, erregai fosilekin lehiakor izatea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)  Brodo, Irwin M; Sharnoff, Sylvia Duran; Sharnoff, Stephen; Laurie-Bourque, Susan (2001), Lichens of North America, New Haven: Yale University Press, 8. orrialdea, ISBN 0300082495, 9780300082494 .
  2.   Pearson, Lorentz C (1995), The Diversity and Evolution of Plants, CRC Press, 221. orrialdea, ISBN 0849324831, 9780849324833 .
  3. http://uwsp.edu/cnr/UWEXlakes/laketides/vol26-4/vol26-4.pdf

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  •  

Alberdi Estibaritz, Antton, Zer dira algak, EuskalNatura.net. CC-BY-SA lizentzia., http://www.euskalnatura.net/index.php?option=com_content&task=view&id=192&Itemid=5 .

  •  

Alberdi Estibaritz, Antton, Algen morfologia, EuskalNatura.net. CC-BY-SA lizentzia., http://www.euskalnatura.net/index.php?option=com_content&task=view&id=193&Itemid=5 .

  •  

Alberdi Estibaritz, Antton, Algen bizilekua, EuskalNatura.net. CC-BY-SA lizentzia., http://www.euskalnatura.net/index.php?option=com_content&task=view&id=194&Itemid=5 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alga Aldatu lotura Wikidatan