Kloroplasto

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Landare-zelulak, barruan kloroplasto dituztenak

Kloroplastoak landare-zeluletan soilik dauden organuluak dira, fotosintesiaren prozesuan zeregin oso garrantzitsua betetzen dutenak. Izan ere, landareen eta alga eukariotoen fotosintesia kloroplastoetan burutzen da, bertan baitaude prozesu horretan parte hartzen duten funtsezko molekulak, klorofilak, alegia.

5 eta 15 μ bitarteko diametroa dute. Organulu zelularren artean handienetarikoak dira, eta ongi ikusten dira mikroskopio optikoarekin.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kloroplastoek bi mintz dituzte: kanpokoa eta barnekoa, haien artean mintz arteko espazioa dagoelarik. Kanpoko mintza oso iragazkorra da, eta barnekoa iragazgaitzagoa.

Kloroplasto baten barne-egitura

Kloroplastoaren barruko espazioari estroma deritzo, eta bertan tilakoide izeneko disko batzuk daude. Tilakoide multzoa granum da (pluralean grana); grana horiek lamelen bitartez elkarturik daude (ikus irudia).

Estromak gluzido, protido eta lipidoez gain azido nukleikoak ere baditu (DNA eta RNA), eta baita erribosomak ere. Estroma horretan fotosintesiaren bigarren fasea (ilunpeko fasea) burutzen da.

Tilakoideetan fotosintesiaren lehenengo fasean (argi-fasean) parte hartzen duten pigmentoak (klorofila) eta entzimak daude.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kloroplastoen funtzio nagusia materia organikoaren sintesia burutzean datza. Horretarako, lehenengo fase batean argi-energia hartu eta energia kimiko bihurtzen dute (ATP, NADPH2...). Gero, eratutako energia kimiko honekin materia organikoa sintetizatzen dute Calvin zikloaren bitartez, estroman dauden substantziak eta entzimak erabiliz.

Kloroplastoen jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mitokondrioen antzera, kloroplastoek berezko DNA eta erribosomak dituzte, gai izanik zenbait proteina sortzeko. Horregatik, mitokondrioen jatorri bera izan lukeetela pentsatu zuten zientzialariek, hots, garai batean mikrobio autonomoak izango zirela. Mikrobio autonomo horiek sinbiosi bat eratuko zuten landare-zelulekin aspaldian, autonomia zelularra galduz.

Mitokondrioek eta kloroplastoek badute beste antzekotasun nabarmen bat: biek energiaz horniten dute zelula, ATP ekoiztuz.

Teoria endosinbiotikoaren alde zenbait egitate daude:

  • autonomia genetikoa dute
  • kloroplastoen DNA biribila da, bakterioen antzera
  • kloroplastoen erribosomak eta bakteriorenak ia berdinak dira
  • filogenia molekularraren ikerketek (RNAren sekuntziak aztertuz) argi frogatu dute kloroplastoek -mitokondrioek bezala- bakterioekiko ahaidetasun ebolutiboa dutela.


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kloroplasto Aldatu lotura Wikidatan