Lankide:Leirem12/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea


Howl no Ugoku Shiro (El Castillo Ambulante)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Howl no Ugoku Shiro (ハウルの動く城, , gazteleraz El Castillo Ambulante) Ghibli Estudio Japoniarraren 2004ko animaziozko filma da. Animaziozko luzemetrai hau Hayao Miyazaki zuzendariaren zortzigarren filma da, eta ekoiztetxearen hamabostgarrena. Bere pelikula famatuenen artean: Mononoke Printzesa (1997), Chihiroren Bidaia (2001) edota Totoro Nire Auzokoa (1988) dauzkagu. Estreinuko urte berean 78. Oscar Sarien Animaziozko Film Onenari Aipamena jaso zuen, Wallace & Gromit: The Curse of the Were-Rabbit filmaren aurrean galduz. Film hau Diana Wynne Jones idazle Britaniarrak idatzitako, izen bereko, 1986ko eleberrian dago oinarrituta.

Ghibli Estudioa Koganei, Tokyon (Japonia), kokatutako Animazio Estudio bat da, 1985. urtean zabaldua. Ekoiztetxe hau Anime estiloko film luzeen eta zenbait laburrengatik da famatua. Horiez gain, telebistarako iragarpen eta bideo-jokoentzako diseinu eta ideien garapenean ere egin du lan. Estudio hau Hayao Miyazaki, Isao Takahata eta Toshio Suzuki ekoizlearen artean sortutako Ekoiztetxea da. Japonian eginiko 10 anime film arrakastatsuen artean, 6 Ghibli Estudioaren kreditupean daude; Howlen Gaztelu Ibiltaria hirugarrena izanik[1].

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingaryko eskualdean, Sophie Hatter izeneko neska gazte bat bizi da. Bere bi ahizpa gazteagoekin batera kapela-denda batean egiten du lan. Alaba zaharrena izanik, Sophiek bere bizitza herriko dendan emango duela onartuta dauka, bizitza zoriontsuagoa, familiaren onerako eskainiz. Sophiek bizigabeko objektuei bizia emateko ahalmena dauka. Gau batean, Basamortuko Sorgina kapela-dendan agertzen da, Sophie amona batean bilakatuz. Madarikazioak lotsatuta, Sophiek etxetik alde egiten du, Howlen Gaztelu Ibiltariarekin topo eginez. Bere garbiketa zerbitzuak Howl magoari eskaini ondoren, aztiaren Su-Deabruarekin (Calcifer),  akordio batera iristen da: Sophiek Calcifer eta Howl lotzen dituen hitzarmenetik askatzen baditu, Calciferrek bere itxura gaztea itzuliko dio.

Howl mago xarmangarriaren laguntzarekin, Sophie magiaz beteriko mundu batean murgilduko da. Non Ingaryk bizi duen gerraren aurka egin beharko duen, Gazteluko ateek irekitzen dizkioten hamaika misterioek, bere burua aurkitzera daramaten bitartean.

Eleberria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Howl´s Moving Castle Diana Wynne Jonesen Howl-Sailaren lehen eleberria da: Castle in the Air eta House of Many Ways liburuekin batera. Liburu trilogia hau Jonesen obra zabalean mugarri bilakatu zen; Worldcat liburutegi katalogoak, idazlearen munduan gehien zabalduriko eleberria estimatu zuelarik[2]. Arrakasta honen atzean, hainbat sari eta aipamen ere jaso zituen Fantasiazko Eleberri honek: Phoenix Saria (Haurren Literatur Elkartea, 2006) eta Boston Globe-Horn Saria [3](1987) hauen artean.

Diana Wynne Jones idazle emankorra izan zen. Bere 113 obren artean haur zein helduentzako fikzioa, Zientzia-Fikzio eta Fantasia generoak eta Ez-Fikzioa landu zituen. Hiru bider izan zen Carnegi Literatur Dominaren finalista eta 1978. urtean The Guardian Haurrentzako Fikzio Sariaren irabazle izan zen.

Jonesen lanetan fantasiazko beste hainbat lanen influentzia nabaria da. Hau, Oxfordeko St Anne Unibertsitatean jaso zituen eskolei egotzi daiteke. C.S Lewis edota J.R.R Tolkien idazleen irakaskuntzapean egon baitzen 1956. urtean[4]. Autore hauek Narniako Kronikak eta Eraztunen Jauna (1954) klasikoengatik dira ezagutuak. Jones bera ere beste Fantasia generoaren idazle ezagunen ikur bilakatu da, batik bat: Neil Gaiman, J.K Rowling, Philip Pullman eta Terry Pratchett.

D.W Jonesek 2004ean, DVD argitalpen berezirako elkarrizketa batean aitortu zuen, Sophiren pertsonaia bere bizipen pertsonaletan oinarrituta zegoela[5]. Horrez gain Miyazakiren lana ere goraipatu zuen:

“Ezagutu nuenean konturatu nintzen, Miyazaki Jaunak nire liburuak ulertzeko modu berezia duela. Beste inork ez bezalakoa”[6]

Jones oso balioetsia izan zen bere obran egindako kontaketa feminista dela eta. Maiz protagonistak emakumeak izateaz gain, hauek betetako rolak Fantasia eta Zientzia-Fikzio generoan sustraitutakoen kanpo daude. Burujabeak, indartsuak eta argiak, D.W. Jonesek protagonista kanonikoak baztertzen ditu istorio eta pertsonai berritzaileen aldera. Maria Turtschaninoff idazleak The Guardian egunkarian mirestu zuen Howl´s Moving Castle eleberriko protagonista: Sophie Hatter; Fikzioan 10 heroi feminista garrantzitsuenen artean, lehenengo bezala aipatuz[7].

"Duela hainbat urte, mutilak emakumezko heroi baten liburuak irakurtzeko prest ikusi ziren. Errazago egiten zitzaidan, orduan, zergatia edo nolakoa ez jakitea. Emakumezkoak ez ziren koldarrak izan behar eta horregatik izan zitezkeen istorioen protagonista. Momentu horretantxe konturatu nintzen emakume izateak ez zidala dagoeneko erazgozten - iraultza berdinaren parte izan ziurrenik - eta askatasuna izan zen".[8] - Diana Wynne Jones

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo zerrendan, istorioan aipagarrienak diren pertsonaiak dauzkagu:

  • Sophie Hatter: Hemezortzi urteko neska gazte, lotsati eta bihotz oneko bat da. Bere bi ahizpekin batera, Ingary eskualdeko herri batean bizi da. Familiako kapela-dendan egiten du lan, Basamortuko Sorginak madarikatzen duen arte, 90 urteko andre bat bilakatuz. Howl Aztiarekin egiten du topo, gutxinaka maitasunezko eta magiazko munduan murgilduz. Sophie gazteari Emily Mortimer aktoresak ipintzen dio ahotsa, eta Sophie zaharra Jean Simmons 50. hamarkadako izarrak.
  • Howl Jenkins Pendragon: 27 urteko azti harro eta bitxia da. Sophieren herrian bere Gaztelu Ibiltari famatua begiztatzean, bere ospe misteriotsua Sophieren belarrietara iristen da: emakume gazteak bahitu, eta bere bihotz eta arimak jaten dituela. Maiz koldarra eta iheskorra, Howlek bere izaera eskuzabala eta arduraduna erakusten dio Sophieri, Basamortuko Sorginaren aurka egiteko biltzen direnean. Ingelesezko bertsioan Christian Bale aktore sarituak bikoizten du.
  • Calcifer: Su-deabru maitagarria da, Howlen kide banaezina. Calciferren egiteko nagusia Gaztelu Ibiltaria mugimenduan eta bizirik mantentzea da. Sarkastiko eta bromazalea, Calcifer da filmari ukitu umoretsuena ematen dioen pertsonaia. Bere beldur nagusiak, noski, ura eta enbor gabe geratzea dira. Ingelesezko bertsioan Billy Crystal Estatu Batuar komedianteak bikoizten du.
  • Basamortuko Sorgina: Ingaryko sorgin boteretsuenetarikoa da. Basamortuko Erregeak herrialdetik erbesteratu ondoren, Howlekin topatzen da. Hau, bere maitasuna itzultzen ez duenean, madarikatuz.
  • Arbi-aza: Sophiek botata topatzen duen Txorimaloa da. Sophiek bizitza ematen dio, eta ordutik bere bidai laguna bilakatzen da. Jatorriz, Basamortuko Sorginak madarikatutako Justin Printzea da, istorioaren amaieran bere jatorrizko gorputzera itzultzen dena.
  • Markl: Howlen ikasle gaztea da, Gaztelua zaintzen du eta Howlen izenean enkargu txikiak burutzen ditu. Tripontzia eta burugogorra da askotan.
  • Sulimann Anderea: Azti Erreala, Ingaryko Erregearen kontseiluko aholkatzaile nagusia da. Erregearen esanetan, Azti eta Sorginak ehizatzen ditu, eta piztietan bilakatzen ditu gerra militarrean zerbitzatzeko.

Gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghibliren hainbat filmen moduan, Howlen Gaztelu Ibiltarian ere Gudak protagonismo berezia dauka. Eleberrian D.W. Jonesek bizi behar izan zuen Bigarren Mundu Gerrarekin lotu daitekeen arren, filmean Miyazakik 2003ko Iraken Inbasioari egiten dio zeharkako kritika. Ghibli Estudioaren hainbat filmek guda zuzenki jorratzen dute: Ipurtargien Hilobia (1988) aipagarriena izanik. Miyazakiren filmetan, guda ez da alderdien arteko borrokatzen oinarritzen. Erdigunean topatzen diren gizabanakoen ikuspuntutik baizik. Hau topatzen dugu, esaterako, Mononoke Printzesan (1997).

Zahartzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sophieren ibilbideari lotuta, zahartzaroa, filmaren gai nagusienetariko bat da. Sophie filmaren hasieran madarikazio baten ondorioz 90 urteko emakume batean bilakatzen da. Eta honek, gaztaroan sentitzen zituen lotsa, ahulezia eta ziurtasun-gabezia desagerrarazten ditu. Elizabeth Parsonen arabera: “Miyazakiren egitekoan adineko emakumeak boteretsuak eta ahulak izan daitezke, baikor eta ezkorrak, eskuzabal eta berekoiak, maltzurrak eta maitatuak, laburbilduz. Ezin daitezke estereotipatu edota sailkatu”.

Talde Teknikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzendari eta gidoilaria Hayao Miyazaki Veneziako Mostra, 2008

Hayao Miyazaki Japoniako Zinemagile eragile garrantzitsuenetariko bat da, maiz Yasujiro Ozu, Akira Kurosawa eta Masaki Kobayashiren autoreen mailara ipini dute[9]. 2002an, Roger Ebert zinema kritikoak Miyazaki historian egondako animatzaile onenetarikoa zela adierazi zuen. Miyazakik Japoniar zineman egondako film arrakastatsuenen autoreetako bat da[10].Ghibli Estudioaren sortzailea izan zen, Isao Takahata zuzendariarekin batera (1985). Bere filmek, maiz, gizakiak naturarekin duen harremanaz; teknologiaz eta izaera pazifistaz hitz egiten dute. Askotan protagonistak emakume gazteak izaten dira, eta aurkariak moralki zalantzagarriak diren pertsonaiak.


Miyazakiren filmek Zinema Japoniarra eta nagusiki Animearen kultura mendabaldera zabaldu izanaren erantzuleetako bat da. Japoniaz gain, Mendebaldean ere arrakasta handia izan dute bere filmek, lau bider Oscar Sari prestigiotsura Aipatua izanik, eta horietatik bi irabaziz: Chihiroren Bidaiak Animazio Film onenari (2001) eta Ohorezko Oscarra (2014). Miyazaki Walt Disney-ekin batera animazioaren ikurretako bat bilakatu da. Oscarraz gain, mundu mailako hainbat sarietan goraipatua izan da; Berlineko Nazioarteko Zinemaldiko Urrezko Hartza eta ibilbide profesionalari Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia ere irabazi ditu (2005). Mendebaldean izandako arrakasta 1997ko Mononoke Printzesari esker eman zen. Hau izan baitzen Film Onenari Japoniar Zine Akademia Saria irabazitako lehen animaziozko filma. Miramax Films ekoiztetxeak filma Amerikako Estatu Batuetan zabaltzeko eskubideak erosi zituen. Eta 3 milioi dolarreko irabaziak soilik eduki zituen arren[11], Ghibli Estudioa nazioartera zabaltzeko ezinbesteko pausoa izan zen.

Bere ibilbide luzean, 36 produktu ekoitzi zaizkio idazle moduan; 29 zuzendaritzat; 29 animatzaile departamentuan eta 12 ekoizle moduan. The Guardian egunkariak munduko 40 zinemagileen artean kokatu zuen[12] eta IMDb datu-baseak munduko zuzendari onenen artean sailkatu zuen[13] . Miyazakik bere inspirazio moduan aitortu ditu hainbat zinemagile eta idazle, haien artean: Shanpei Shirato; Lewis Carrol; Roald Dahl; Ursula K. Le Guin edota Ardman Animazio Estudioa.

Kaze Tachinu (2013) filma burutu ondoren erretiroa iragarri zuen, baina 2016ean Ghibli Estudioarekin batera lanera itzuli zen. Egun Kimitachi wa dô ikiru ka animaziozko filmean ari da lanean, oraindik aurre-produkzio prozesuan dagoena.

Joe Hisaishi Musika Konpositorea, 2011
Toshio Suzuki ekoizlea, Veneziako Mostrako estreinuan, 2004

Musika Konpositorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joe Hisaishi Japoniar konpositore bat da, 100 film baino gehiagorentzat musika sorturikoa. Harreman gertukoa du Ghibli Estudio eta Hayao Miyazakiren obrarekin. Bere musika hainbat generoren barruan kokatua izan da, batik bat: minimalismoa, Japoniar musika Klasikoa, Europear Klasikoa eta Elektroniko Experimentala. Bere instrumentu nagusia pianoa da.

Hisaishik 7 bider irabazi du Japoniar Zinema Akademiaren Saria Soinu-Banda onenari. Eta 2005. urtean Los Angeleseko Zinema Kritikoen Saria irabazi zuen Howlen Gaztelu Ibiltariaren soinu bandari esker.

Soinu banda aipagarrienen artean: Chihiroren Bidaia (2001); Mononoke Printzesa (1997); Howl no Ugoku Shiro (2004); Porco Rosso (1992); Totoro Nire Auzokoa (1988); Gake no ue no Ponyo (2008); Kaguyahime no monogatari (2013) eta beste asko dauzkagu. Guztira Joe Hisaishik 33 bakarkako diska argitaratu ditu; eta ia 100 soinu-banda kopilazio[14].

Ekoizlea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toshio Suzuki Japoniar Animazioko ekoizle garrantzitsuenetariko bat da, Ghibli Estudioaren ekoizlea, eta 2014. urtetik Zuzendari Nagusia. Miyazaki eta Takahatarekin batera Ghibliren izenburu famatuenak ekoitzi ditu: Chihiroren Bidaia (2001); Nausicaä eta Haizearen Harana (1984); Mononoke Printzesa (1997); Totoro Nire Auzokoa (1988) eta beste 28 izenburu. Guztira 32 ikus-enntzunezkoetan izan da ekoizle.


Bere azken lana Ghibli eta Wild Buchen koprodukzioan eginiko Dordoka Gorria (2016) da. Oscarren 89. urtean Animaziozko Film Onenari Aipamena izandakoa. Honetan ere Ghibliren animazio estiloan burutu da: eskuz eginiko 2D animazioa.


Animazio Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghibli Estudioaren animazioak Anime estiloan du oinarri. Azken hamarkadetako animazioek 3D eta ordenagailuz sortutako produktuak ekoizten dituzten heinean, Miyazaki eta Ghibli Estudioa eskuzko animazio tradizionalaren azken ereduetako bat bilakatzen ari da.

Estudioak bere jaiotzatik eskuz eginiko animazioa egin izan du. Totoro Nire Auzokoa (1988), Mononoke Printzesa (1997) eta Howl no Ugoku Shiro (2004) ordengailuaren erabilera eskuz planteatutako marrazkien garbitze eta hobetzean mugatzen zen. Gake no ue no Ponyo -ren (2008) produkzioarekin batera Miyazaki jatorrizko animazio tradizionalera itzuli zen, ordenagailua alde batera utziz.

Ghibli Estudioaren baitan ehundaka animatzailek egiten dute lana. Veneziako Mostran 2008. Hayao Miyazakik Gake no ue no Ponyo filmaren prozesuaren inguruan laburki hitz egiten zuen. 170.000 frame segunduko filma izanik, haietariko bakoitza eskuz eginiko marrazkiekin burutu zen. Miyazakiren arabera "animatzaileen indarra eskuz eginiko lanean datza" eta azken urteetako digitalizazioak lan hori mugatzen du[15].

"Filmeko ikusizko elementu bakoitza oinarritik sortua izan behar da. Marraztu baino lehen ez dago bizirik. Ghibli bikaina da honetan. Animatzaile guztiek eszenen xehetasun txikienetan egiten dute lan, kontaketa hori Miyazakiren garunetik benetako mundura ekarriz. Fantasiazko mundu irudimenentsuenean ere, Ghibliren munduak errealista mantentzen dira beti". - Asher Ishbrucker [16]

"Animeak fikziozko munduak erakusten ditu, baina mundu guzti hauen muinean errealismoa ziurtatu behar da. Erakusten den mundua gezurrezkoa den arren, hau egiazko bilakatzean datza trikimailua. Animatzaileak errealista den gezur bat ekoitzi behar du, non ikusleak benetan existitzen denaren zalantza izan behar duen. - Hayao Miyazaki[16]

Miyazakiren filmak animatzerako orduan prozesu luze eta errepikakor bat burutzen da. Hasteko, animazio guztiak sketx moduan arkatzez zirriborratzen dira, mugimendua duten ziurtatzeko. Ondoren, ikatz-ziriaz birpasatu eta orri gardenetan burutzen dira. Mugimendua eta marra orokorrak finduta daudenean, kolorea gehitzen zaio akuarelaz. Alde batetik pertsonaiak gehitzen dira, eta hondoak bestetik. Lan hauetariko bakoitzerako produkzio-kate bat burutzen da. Bai hondoak zein pertsonaiak batu egiten dira orri berean eta banaka filmatzen dira, mugimendua eskainiz. Soinua zein aktoreen bikoizketak gehitzen dira ondoren. Hauek animazio prozesua hasi baino lehen, edo amaitutakoan grabatzen dira; animatzaileei ere lagungarri egiten baitzaile aktoreen mugimenduak eta espresioa marrazkiari gehitzea. Musika eta dialogoa irudiarekin bat nahasterakoan, irudiak filmean bilakatzen da, ondoren zinema emanaldietan ikusgarri egon dadin. [17]

Harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filmak arrakasta izugarria izan zuen, Veneziako Mostran estreinua izan ondoren, bai Japonian zein nazioartean guztira 235 milioi dolarretako irabaziak lortuz[18]. Lehen astean, 14.5 milioi dolar eskuratu zituen Japonian [19].Rotten Tomatoes gunean %87ko onarpena dauka, eta ikusleen %93ak gustoko duela adierazi du. David Ansen zinema kritikoak hurrengo hitzekin balioesi zuen: "Howl no Ugoku Shirok amets baten logika jarraitzen du: ate bakoitzaren atzean errealitate anitzak topatzen ditugu, bata hurrengoa baino txundigarriagoa". USA Today egunkariko Claudia Puigek filmaren indargunea "haurren irudimenezko mirarian, eta emozio eta gai sofistikatuetan" datzala adierazi zuen.

IMDb film datu-basean Miyazakiren lana ere positiboki baloratua izan da. "Familian ikusteko Animazio Onenen Zerrendan" TOP 15ean Miyazakiren 4 obra topa daitezke: hamargarren postuan Howl no Ugoku Shiro dagoelarik, eta Chihiroren Bidaia (2001) lehen postuan, Lehoi Erregearen (1994) aurretik. "Estudio Ghibliren Filmen Zerrendan" sartuko bagina ia 280.000 bozka eskuratu ditu Howl no Ugoku Shirok, zerrendan bigarren filmik bozkatuena bilakatuz. 8,2/10ko puntuaketarekin, Ghibliren filmen artean laugarren filmik gustokoena da IMDb erabiltzaileen artean.[20]

Sariak eta Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte Saria Kategoria Emaitza Jaso
2004 Veneziako Mostra 61. Urrezko Lehoia Film Onenari Galdu Howl no Ugoku Shiro
Osella Saria Efektu Tekniko Onenari Irabazi Howl no Ugoku Shiro
Sitgeseko Zinemaldia Film Onenari Galdu Hayao Miyazaki
Publikoaren Saria Film Onenari Irabazi Hayao Miyazaki
Mainichi Film Sariak Japoniar Film Onenari Saria Irabazi Howl no Ugoku Shiro
Japan Media Arts Jaialdia Bikaintasuna Animazioan Irabazi Howl no Ugoku Shiro
2005 Tokyo Anime Saria Urteko Animazio Onenari Irabazi Howl no Ugoku Shiro
Zuzendari Onenari Irabazi Hayao Miyazaki
Musika Onenari Irabazi Joe Hisaishi
Maui-ko Zinemaldia Publikoaren Saria Irabazi Howl no Ugoku Shiro
Seattle-eko Nazioarteko Zinemaldia Golden Space Needle Award Lehen Aukera Howl no Ugoku Shiro
2006 Oscar Sariak 78. Animazio Onenari Galdu Howl no Ugoku Shiro
Saturn Sariak Animazio Onenari Galdu Howl no Ugoku Shiro
2007 Nebula Saria Gidoi Onenari Irabazi Hayao Miyazaki (gidoia)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Highest Engrosing Anime Films. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  2. (Ingelesez) Worldcat - Howl´s Moving Castle. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  3. (Ingelesez) Boston Globe Horn Saria - Howl´s Moving Castle. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  4. (Ingelesez) Goodreads - Dianne Wynne Jones. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  5. (Ingelesez) Diana Wynne Jones - Interview. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  6. (Ingelesez) Bradshaw, Nick. (2005-09-23). «'He saw my books from the inside out'» The Telegraph (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  7. (Ingelesez) Turtschaninoff, Maria. (2016-01-14). «top 10 feminist heroes in fiction» The Guardian (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  8. (Ingelesez) Karlson, Henry. Diana Wynne Jones - New Feminism. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  9. (Ingelesez) Best Japanese Movies. (Noiz kontsultatua: 2019-03-5).
  10. (Ingelesez) IMDb - The Greatest Japanese Films Ever. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  11. Cavallaro, Dani. (2006-01-24). The Animé Art of Hayao Miyazaki. , 121 or. ISBN 978-0-7864-2369-9...
  12. (Ingelesez) «40 best directors» The Guardian (Noiz kontsultatua: 2019-02-23).
  13. (Ingelesez) IMDb - Best DIrectors of all time. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
  14. Txantiloi:Japoniera Joe Hisaishi - Official Site. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  15. Txantiloi:Ingelesa (itzulia, Japoniar eta Italiar) (.mov) Hayao Miyazaki Talks Hand Drawn Animation at Venice. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  16. a b (Ingelesez) Cafolla, Anna. Dazed Digital - What Makes Ghibli so magically immersive. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  17. (Ingelesez) Behind the scenes at studio ghibli. (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  18. (Ingelesez) Box Office Mojo - Howl´s Moving Castle. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  19. (Ingelesez) Talbot, Margaret. (2006). The Auteur of Anime. Japan Focus.
  20. Txantiloi:Gaztelera IMDb - Howl´s Moving Castle. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).

[1][2][3]

  1. (Ingelesez) Howl´s Moving Castle. (Noiz kontsultatua: 2019-02-13).
  2. (Ingelesez) Roger Ebert - Howl´s Moving Castle Review. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).
  3. (Ingelesez) Rotten Tomatoes - Howl´s Moving Castle. (Noiz kontsultatua: 2019-03-05).