Lewis Carroll

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Lewis Carrollen argazkia, berak ateratakoa

Lewis Carroll Charles Lutwidge Dodgsonen (Daresbury, Cheshire, Ingalaterra, 1832ko urtarrilaren 27 - Guildford, Surrey, Ingalaterra, 1898ko urtarrilaren 14) goitizena da. Dodgson idazle, matematikari eta argazkilari britainiarra izan zen. Dudarik gabe, mundu osoan ezaguna izan bazen Alice's Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian) bere idazlanagatik izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dodgsonen arbasoak Ingalaterrako iparraldekoak ziren. Horietako gehienak armadan eta elizan hartu zuten lanbidea. Bere birraitona apezpikua izan zen; bere aitona, armadako kapitaina. Hau gerran hil egin zen bere seme-alabak txikiak zirenean.

Charles Dodgsonen aitak, Charles ere zuena izena, elizako karrera aukeratu zuen. 1827an bere lehengusinarekin ezkondu zen eta herri txiki bateko parrokoa izan zen.

Honen seme Charles Cheshireko Daresbury parrokia txikian jaio zen. Dodgson bikotearen seme-alabetarik hirugarrena izan zen eta mutiletarik lehena. Gero beste zortzi seme-alaba etorri ziren –zazpi neska eta lau mutil, guztira- eta denak bizi ziren helduak izan arte, garai horretan oso arraroa izan zena. Charlesek zazpi urte zituenean bere aita Ipar Yorkshireko Croft-on-Teesko parroko izendatu zuten. Beraz, familia osoa hango erretoretxe handira joan zen eta han bizi ziren 25 urtez.

Charles gazteak bere etxean bertan jaso zuen hezkuntza. Bere haurtzaroko irakurketek adimenez aurreratua zela erakusten dute: zazpi urterekin John Bunyanen The Pilgrim’s Progress liburua irakurri zuen. Minusbalia bat eduki zuen: totela zen, eta honek eragin kaltegarria zekarkien bere gizarte-harremanei. Gorreria ere zuen eskuineko belarrian gaixotasun baten kariaz. Hamabi urterekin eskola pribatu batera bidali zuten Richmondera, non oso pozik egon baitzen, eta 1845ean Rugby Schoolera lekualdatu zuten, non txartoago egon baitzen.

Lewis Carroll bere argazki kamaren lentea garbitzen. Oscar Gustav Rejlanderren argazkia.

Rugby School utzi zuen 1850ko amaieran eta 1851ko urtarrilean Oxfordeko Unibertsitatera joan zen, non bere aitaren “college”an sartu baitzen, Christ Church-en. Hala ere, bigarren egunean etxera itzuli behar izan zuen, bere amaren heriotza dela eta. Izan ere, meningitis batek ama eraman zuen berrogeita zazpi urte zituenean.

Amaren heriotzak sortu zizkion sentimenduak zirenak zirela, ez zuten aldendu Oxfordera eraman zuen helburutik. Charles oso adimentsua zen eta emaitza bikainak lortu zituen. 1857an matematiketako irakasle postu bat lortu zuen Christ Churchen. Hogeita sei urtez jardun zuen horretan. 1861ean diakono ordenatu zuten.

Oxforden epilepsia diagnostikatu zioten, zeina estigma gogorra zen garai horretan. Hala ere, Illinoiseko (Chicago) Unibertsitateko zuzendariak, John R. Hughes, akats bat izan zela aldarrikatu du.

Argazkigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1856an Lewis Carrollek beste arte bat aurkitu zuen: argazkigintza, hasiera batean, bere osaba Skeffington Lutwidgen eraginez, eta gero Oxfordeko bere lagun batena, Reginald Southeyrena, eta Oscar Gustav Rejlanderena (argazkigintzaren aitzindariarena). Dodgsonek berehala lortu zuen bikaintasuna arte honetan, bere barruko filosofiaren adierazpena bihurtu zuena: jainkotasunaren sinesmena, kontuan harturik jainkotasuna edertasuna zela berarentzat. Bere ustez, edertasuna zen hobezintasun moral, estetiko edo fisikoa. Argazkigintzaren bidez, Carroll saiatu zen bateratzen askatasunaren eta edertasunaren ereduak Edeneko errugabetasunarekin, non gorputza eta gisa harremanak goza daitezkeen erru sentimendurik gabe. Heldua zenean ideia hori edertasunaren bilaketa bihurtu zen, grazia egoera baten gisa: galdutako errugabetasuna berreskuratzeko bidea. Aurrekoak, antzerki zaletasunarekin batera, arazoak eragin zizkion viktoriar moralarekin, baita bere familiaren jatorri anglikanoekin. Bere biografo nagusiak, Morton Cohenek, esan zuenez, Carrollek uko egin zion bekatu orijinalari buruzko jatorri kalbinistari eta bere lekuan ipini zuen berezko jainkotasunarena.

Alice Liddellen argazkia, Lewis Carrollek aterata. (1858)

Bere argazkilari-jarduerari buruzko libururik zehatzenak (Lewis Carroll, Photographer, Roger Taylor (2002)), geratu diren Carrollen argazki guztiak sailkatzen ditu. Taylorrek kalkulatu du Carrollen argazkien erdia baino gehiago neskatoen erretratoak zirela. Modelo gisa gehien aritu zena Alexandra Kitchin («Xie») izan zen, Winchesterreko katedraleko deanaren alaba. Lau urtetik hamasei urtera arte, berrogeita hamar aldiz atera zizkion argazkiak. 1880an argazkia bainujantziz ateratzen saiatu zen, baina ez zioten utzi. Dodgsonek biluzien argazkiak itzultzen zizkietela familiei edo apurtzen zituela suposatu da. Pentsatzen zen horrelako argazki guztiak galdurik zeudela, baina biluzien sei argazki aurkitu dira. Seietatik lau argitaratuak izan dira eta beste biak ia ezezagunak dira. Argazki horiek eta beren zirriborroek Dodgson pedofiloa zelako zurrumurrua sortarazi zuten. Goi mailako pertsonaien erretratuez gain, paisaiak eta anatomiari buruzko ikasketak ere egin zituen maiz.

Argazkigintzak erraztu zion bere garaiko gizartearen goiko mailetan sartzea. Bere estudioa eduki zuenean goi mailako pertsonaiei egin zizkien erretratuak: John Everett Millais, Ellen Terry, Dante Gabriel Rossetti, Julia Margaret Cameron eta Alfred Tennyson. Paisaiak ere egin zituen maiz.

Ekoizpen aipagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazkigintzan aritzeari utzi zion bat-batean 1880an. Hogeita lau urte pasa eta gero arte hori menperatzen zuen eta Christ Church Oxfordeko elizako Tom Quad eremuan zeukan bere estudioa. Hiru mila argazki inguru sortu zituen. Mila baino gutxiago gordeta daude, besteak galdu edo apropos apurtu egin ziren. Arduraz erregistratzen zituen argazkien sorketaren gorabeherak, baina bere erregistroa suntsitu zuten. Hil eta gero, bere argazkilari-lanak jaso zuen onarpena Julia Margaret Cameronenarekin batera, argazkilari piktoralisten errebindikazioei eta Bloomsbury taldearen laguntzari esker (talde horretan zegoen Virginia Woolf idazlea). Gaur egun, viktoriar garaiko argazkilaririk onenetakoa izan zela onartzen da, eta ziur aski gaur egungo argazkigintza artistikoan eragin handia izan zuena.




Literatur karrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dodgsonek olerkiak eta ipuinak idatzi zituen. Aldizkarietara bidaltzen zituen eta arrakasta apala lortu zuen. 1854 eta 1856 artean, bere idazlanak The Comic Times eta The Train estatu-mailako aldizkarietan agertu ziren, baita hedapen txikiagoko Whitby Gazette eta Oxford Critic agerkarietan ere. Idazlan horiek gehienak umorezkoak eta satirikoak dira.

1856an ospetsu egingo zuen goitizenarekin argitaratu zuen bere lehen idazlana The Train aldizkarian: "Solitude" izeneko olerki erromantikoa, Lewis Carrollek sinatutakoa. Goitizena bere amaren izen-abizena latinera lehenik eta ingelesera gero itzultzean asmatu zuen: Lutwidge Charles Ludovicus Carolus bihurtu zen, eta hau Lewis Carroll.

[[1856]an ere, Henry Liddell, dean berria heldu zen Christ Churchera bere emazte eta alabekin batera. Carrolek adiskidetasun handia egin zuen emazte eta hiru alabekin: Lorina, Alice eta Edith. Sarritan eraman zituen neskak ibaiara picnic bat egitera, Godstowen edo Nunehamen.

Alicen irudia, John Tennielek eginda.

Horretako txango batean, 1862an uztailaren 4an, Dodgsonek ospetsu bihurtu zuen istorioa asmatu zuen. Robinson Duckworth bere lagun apaizarekin batera, hiru ahizpak (Lorina, hamahiru urtekoa, Alice, hamar urtekoa, eta Edith, zortzi urtekoa) eraman zituen Tamesis ibaitik txalupan ibiltzera. Dodgsonek bat-batean asmatu zuen neskak liluratu zituen istorioa. Txangoa amaitu eta gero, Alicek eskatu zion istorioa idaztea. Gau osoa pasatu zuen eskuz idazten eta hurrengo Gabonetan Alice Liddelli oparitu zion. Eskuko idazlanak Alice's Adventures Under Ground (Aliceren lurpeko abenturak) izenburua zuen eta idazlearen marrazkiak zituen. Istorioaren protagonista Alice Liddell bera zela pentsatu zen, baina Dodgsonek hori ukatu zuen.

Hiru urte geroago, bere eskuko idazlanak irakurleen artean arrakasta izan zuenez gero, Dodgsonek Macmillan argitaldariari eraman zion, istorioa doitu eta gero. 1865ean argitaratu zen Alice's Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian) izenburuarekin, Lewis Carrollek sinatuta. Lehen argitalpenaren marrazkiak John Tennielek egin zituen.

Lortutako arrakasta eskergak bigarren zatia idaztera behartu zuen: Through the Looking-Glass and what Alice Found There (Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena).

Eztabaidak eta zalantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Drogen kontsumoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asko hitz egin da Dodgsonek drogak hartzen zituen gaiari buruz. Ez dago froga argirik, baina gehienek uste dute noizean behin laudanoa hartzen zuela. Laudanoa bere garaian oso erabilia izan zen analgesikoa da eta ziur aski Dodgsonen artritisaren minaren aurka lasaigarri izan zitzaion. Ludanoa opiotik eratortzen da eta dosi handietan hartzen bada eragin psikotropikoak izan ditzake. Hala ere, inork ez du uste Dodgsonek abusatu zuenik.

Beste aldetik, batzuek uste dute Alicek sufritzen dituen aluzinazioak substantzia psikodelikoen erreferentzia direla. Adibidez, Amanita Muscaria zizak makrostesia eta mikrostesia dakartza eta hori da Aliceri gertatu zitzaiona zizak jatean.

Apaizgoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dodgsonek nahitaezkoa zuen apaiza izatea, Christ Churcen bizi zelako. Hala ere, ideia hori ukatzen hasi zen eta diakono bihurtzea atzeratu zuen 1861era arte. Urte bat geroago, apaiz bihurtu behar zuen, baina uko egin zion apaizgoari. Henry Liddelli jakinarazi zion bere erabakia eta honek esan zion Christ Churchetik alde egin beharko zuela, baina, hala ere, eta ez dakigu zergatik, iritziz aldatu zuen eta utzi zion Christ Churchen geratzen.

Inork ez daki zergatik uko egin zion apaizgoari. Batzuek uste dute bere toteltasunagatik izan zela. Hala ere, Dodgsonek jendaurrean hitz egiten zuen arazorik gabe, baita ipuinak kontatu ere. Gainera, bere azken urteak, nahiz eta apaiza ez izan, predikatzen zuen. Beraz, hori ezin da izan zergatia.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1845 - Useful and Instructive Poetry
  • 1848 - The Rectory Magazine
  • 1850-1853 - The Rectory Umbrella
  • 1855-1862Mischmasch
  • 1856-1857 - The Train, (aldizkaria)]] - kolaborazioak
  • 1858 - The Fifth Book of Euclid Treated Algebraically
  • 1860 - A Syllabus of Plane Algebraic Geometry, Systematically Aranged with Formal Definitions, Postulates, and Axioms
  • 1860 - Notes on the First Two Books of Euclid, Designed for Candidates for Responsions
  • 1864 - Alice's Adventures Under Ground (1886an argitaratua)
  • 1865 - Alice's Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian)
  • 1866 - Condensation of Determinants, Being a New and Brief Method for Computing their Arithmetic Values
  • 1867Russian Journal
  • 1867 - An Elementary Treatise on Determinants with their Application to Simultaneous Linear Equations and Algebraic Geometry
  • 1867 - Bruno's Revenge (1924 argitaratua)
  • 1868 - The Fifth Book of Euclid Treated Algebraically, so far as it Relates to Commensurable Magnitudes.
  • 1869 - Phantasmagoria and Other Poems
  • 1872 - Through the Looking-Glass, and what Alice found there (Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena)
  • 1873 - The Enunciations of Euclid I-VI, Together with Questions on the Definitions, Postulates, Axioms, &c.
  • 1873 - The Vision of the Three T's
  • 1875 - The Hunting of the Snark
  • 1876 - The Game of Logic
  • 1879 - Euclid and His Modern Rivals
  • 1882 - Euclid, Books I, II
  • 1883Rhyme and Reason
  • 1885 - Supplement to Euclid and His Modern Rivals
  • 1885 - A Tangled Tale'
  • 1889 - The Nursery Alice
  • 1889 - Sylvie and Bruno
  • 1893 - Sylvie and Bruno Concluded
  • 1896 - Symbolic Logic, Part I
  • 1898 - Three Sunsets and Other Poems

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Lewis Carroll Aldatu lotura Wikidatan