Lehen hizkuntza
Gizabanako baten lehen hizkuntza (jaiotzetiko hizkuntza edo ama hizkuntza izenez ere ezaguna) gizabanako horrek jaiotzetik ikasi duen hizkuntza da,[1] edo gizabanako horrek hobekien hitz egiten duen hizkuntza. Askotan, kultura nortasun soziolinguistikorako oinarri izaten da.[2]
Gizabanako batek, beraz, lehen hizkuntza bat baino gehiago izan ditzake; oso ohikoa dugu euskal herritar batek Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusietatik (euskara, frantsesa eta gaztelania) bi lehen hizkuntzatzat izatea.
Eduki-taula |
Ikasketa[aldatu]
Oro har, haur batek bere familiaren bitartez ikasten ditu bere lehen hizkuntzaren oinarriak. Lehen hizkuntzarekin lortzen duen gaitasuna oinarrizkoa du ondorengo ikasketetarako, lehen hizkuntza pentsamenduaren oinarria dela uste baita. Lehen hizkuntza ondo-ondo ez ikasteak bigarren hizkuntza batzuk ikastea zailtzen du, eta horrenbestez berebiziko garrantzia du gizabanako baten hezkuntzan.
Elebitasuna[aldatu]
Pertsona batek bi hizkuntza edo gehiago lehen hizkuntzatzat dituenean, elebiduna dela esaten da. Hizkuntza horien ikasketa ordenak ez du zertan horietan duen jakintza maila adierazi. Adibidez, litekeena da pertsona batek euskara ikasi izana lehenengo, baina ondoren Ingalaterrara bizitzera joan izanak ingelesez maila altuagoa izatea ekar lezake.
Elebitasuna oso zabalduta dago munduan. Esate baterako, Euskal Herrian; Hego Euskal Herrian ohikoa da euskara eta gaztelania izatea lehen hizkuntza; eta Ipar Euskal Herrian, euskara eta frantsesa.
Bitxikeriak[aldatu]
Noam Chomskyren azken teoria onartuenaren arabera, lehen hizkuntza bat 12 urte izan arte ikas daiteke. Adin horretatik aurrera, gizabanako batek hizkuntzaren ikasketan nekez lortuko du hain maila altua, eta adin horretara ezkero ikasitako hizkuntzak bigarren hizkuntzatzat hartu ohi dira, salbuespenak salbuespen.
Erreferentziak[aldatu]
- ↑ Leonard Bloomfield (1933): Language. ISBN 81-208-1196-8.
- ↑ Alan Davies (2003): The native speaker: myth and reality. Bilingual Education and Bilingualism bilduma, 38. zenbakia, Multilingual Matters argitaletxea. ISBN 1-85359-622-1.
Kanpo loturak[aldatu]
- «Lehen hizkuntza (> = 16 urte), adinaren arabera (Euskal Herria)» taula, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.
- Bernardo Atxaga: «Nire lehen hizkuntza».
- Andoni Barreña, Iñaki Garcia eta beste: «Euskararen garapena lehen hizkuntza legez eta morfologiaren agerrera mailakatuaren inguruan». Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria, ISSN 1130-5738, 60. zenbakia, 2007, 67-87. orrialdeak.