Letra maiuskula karratu monumental

Wikipedia, Entziklopedia askea

Letra maiuskula karratu erromatarrak Antzinako Erroman erabili ziren letra lapidarioak (harrian idatzitakoak) dira. Maiuskula monumentalak, eta Maiuskula epigrafiko latinoa[1] ere esaten zaie eta latinez, escriptura monumentalis[oh 1].

Antzinako Erromatar kulturaren kaligrafia da, eta gaur egungo letra larriak sortu zituen. Letra larriak deitzen hasi ziren, ondoren, Erdi Aroan merovingiarra, karolingiarra eta beste idazkera nazionaletatik bereizteko, azken horiek, letra xehea erabiltzen baitzuten.

Monumentala eskuz idatzitako material bigunetara eraman nahi zutenean (vittelatan[oh 2] idazteko, adibidez), bertsio quadrata edo maiuskula dotorea erabiltzen zuten. Hau da, Maiuskula karratu letra lapidarioa da, eta quadrata libraria (liburuetan idazten direnak).

Forma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agripparen panteoiaren inskripzioa.
Titoren arkuan ikusten diren maiuskula karratuak. K.o. 81. Brontzez beteta zeuden eta oraindik nabari dira letren barruan egin ziren zulotxoak brontzeari eusteko.

Letra maiuskula karratuek forma bereizgarria dute, batez ere angelu garbiko lerro zuzenez marrazten dira eta bukaerako serifa txikiak dituzte. Bere kurbak leunak dira, ia zirkularrak. Marra lodiak eta estuak tartekatzen ditu, bai gurutzatzen diren zuzenetan, bai marra kurboetan. Letrek altuera eta zabalera bera izan ohi dute, eta horregatik deitzen zaie karratuak.

Kaligrafia mota horretan lerro zuzen ugari daude eta ez dago letren arteko loturarik, tintaz idatzitako idazketa orokortu aurretik diseinatu zirelako. Letra horiek buztinezko edo argizarizko oholtxoetan inskribatzeko sortu ziren, edo harriaren edo beste edozein material gogorren gainean grabatzeko, non zuzenen trazadura bihurguneena baino azkarragoa eta errazagoa baita.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Monumentuetan, hilobietan, estautuetan eta aldareetan erabiltzen zen letra mota hau batez ere, bai eta brontzezko inskripzio publikoetan, adibidez, Klaudioren tauletan. Gutxiago erabili ziren liburuetarako. Behin betiko forma hartu zuten eta maizago erabili ziren I. mendearen bigarren erditik III. mendera bitartean, hau da, Augusto, Tiberio, Trajano, Adriano eta Marco Aurelioren agintaldietan. Maiuskula karratuen erabileraren adibide nabarmenak Agriparen panteoiko frisoan , Trajanoren zutabean eta Titoren arkuan, guztiak Erroman.

Klaudioren taulak; brontzean idatzitako I mende erdialdeko ediktu publikoa. Lyongo museo galo-erromatarrean.

Eguneroko idazketarako, erromatarrek maizago erabiltzen zituzten letra etzana, adibidez argizarizko taulatxoetan estilus bat erabiliz .

Inskripzioetan, garrantzi gutxiagoko dokumentuetan idazteko zirenean, letra larri aktuarioak (rustica edo capitalis rustica ere izendatua) erabil zitezkeen, idazkera ez hain zainduarekin eta pintzelez marraztutako letren itxurarekin, estuagoak eta altuagoak.

K.o. IV. mendea baino lehen, maiuskula karratuek autore klasikoen, bereziki Virgilioren, lanen luxuzko kopiak idazteko balio zuten. Lan horiek dira, hain zuzen, kaligrafia horretan bizirik geratu diren garai hartako hiru eskuizkribuak. K.o. V. mendearen ondoren, kaligrafia hori apurka albo batera usten da, eta liburuen portadetako edo kapituluen goiburuko izenburuen letretarako baino ez zen geratu; horren ordez, beste batzuk jarri ziren, hala nola, kaligrafia untziala.

Erdi Aroan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Letra maiuskula erromatarra “latindarrak” izeneko letra mota guztien jatorria izango da, Erdi Aroaren amaierako letra gotikoen konplexutsuegia egin arte. Pizkundean, mugimendu humanista antzinatera itzuli eta erromatar maiuskulak berreskuratu zituen. Bitartean, idazketak, bere bilakaeran, bereizi egin ditu «letra larriak» (askotan kapitalekin parekatuko direnak) eta «xeheak».

XX. mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Felix Titling, Monotype Type Drawing Office markakoa, 1934an sortu zen. Maiuskulak ditu bakarrik, zenbakiak eta puntuazioa markak. Felice Feliciano kaligrafo eta margolari veroniarrak garatutako alfabetoan oinarritzen da. 1463an agertu zen estreinakoz inskripzio erromatarrei buruzko tratatuan. Jatorrizko idazlana Vatikanoko liburutegian gordetzen da[2].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hizkuntza ezberdinetan eta egilearen arabera izendapen ezberdinak aurkituko ditugu. Gainera, lettera capital, letra larria esan nahi du, eta beraz, edozein letra larriri aplika dakioke itzultzen badugu. Quadrata, Karratua esan nahi du, eta erromatar letra larri askoren joerazko forma da.
  2. Jaio gabeko behi edo zezenen larruarekin egindako idazteko orriak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Documento sin título» www.ub.edu (Noiz kontsultatua: 2023-09-22).
  2. (Ingelesez) alib-ms. (2022-03-30). «Felix Titling font family - Typography» learn.microsoft.com (Noiz kontsultatua: 2023-09-19).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]