Li Peng
Li Peng txinatar politikaria izan zen (Ch´eng-tu, Szechwango herrialdea, 1928). Txinako Errepublikako lehen ministroa 1988tik 1998ra. 1930ean Chiang Kai-sheken nazionalistek hil zuten Li Shuo-hsun idazlearen semea da. Moskun ikasi zuen 1948tik 1955era bitartean, eta handik aurrera, Txinako politika-proiektu nagusietan parte hartu zuen. 1979tik 1982ra Industriako ministrorde eta ministro izan zen, 1982an Alderdi Komunistako zuzendaritzan sartu zen, eta 1985ean Hezkuntzako ministro aukeratu zuten. Deng Xiaopingek egin zuen lehen ministro 1988an. Ekonomian merkatu askeko sistemarako hurbiltze-prozesuaren aldeko izan da, eta barne-arazoei begira, zentralismoa eta kontrol estua erabili ditu. 1989ko maiatzean militarren aginpidea aldarrikatu zuen Txinako hiri nagusietan, gobernuaren aurka matxinatu ziren ikasle manifestarien aurka, eta urte bereko ekainean, ikasleen mugimendua zapal zezan baimena eman zion Txinako gudarosteari. Ehunka manifestari hil zituen Txinako gudarosteak Pekinen ekaineko egun horietan (Tiananmen plazako protestak). Gertakizun horien ondoren, Li Peng berriz hautatu zuten bere karguetarako. 1998an, ordea, lehen ministro kargua utzi behar izan zuen. Kargua Zhu Rongji utzi ondoren, Herri Batzar Nazionalaren presidente hautatu zuten.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.