Likert eskala

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Likert eskala psikometrian eta soziologian erabili ohi den galde sorta mota bat da. Rensis Likert psikologo amerikarrak proposatu zuen lehen aldiz. Likert eskala batean, galderak erantzuten dituenak hainbat baieztapenekiko adostasun maila adierazten du, eskuarki 5 mailako eskala batean. Adibidez, Likert eskala bat honelako galderek osatzen dute:

Zinema atsegin dut.
1. Ez nago batere ados.
2. Ez nago ados.
3. Zertxobait ados nago.
4. Ados nago.
5. Erabat ados nago.

Likert eskalako galdera bakoitzari Likert motako item, elementu edo galdera deritzo. Galderetako puntuazioen baturak aztertu beharreko ezaugarria behar bezala neur dezan, galderek norabide berean erakutsi behar dute ezaugarriarekiko egokitasuna. Galdera bakoitzeko emaitzak banaka edo beraien arteko korrelazioa neurtuz azter daitezke. Galde sortaren fidagarritasuna ere azter daiteke, Cronbachen alpharen bitartez esaterako.

Likert eskaletan arruntena 5 aukerako galdera da, baina 7 eta 9 puntuko galderako Likert eskalak ere erabili ohi dira. Eskuarki iritziaren neutraltasunaren adierazpena erdiko erantzunaren bitartez onartzen den arren, batzuetan adostasuna edo ez adostasuna adieraztera behartzeko 4 puntuko galderak ere erabili izan dira.

Beti erabateko adostasuna edo ez adostasuna adierazteko joera duten pertsonak direla eta, Liker eskalek izan dezaketen adierazgarritasun eza dela eta, aztertu beharreko ezaugarria norabide ezberdinetan azaltzen duten galderak ezar daitezke, pertsona hauek antzemateko, baina puntuazio hauen batuketa egiterakoan, norabide ezberdina duten galderen erantzunen alderaketa egin beharko da aurretik.

Likert eskalak aldagai ordinala osatzen duela pentsatu ohi da. Hau dela eta, azterketa estatistikoa egiterakoan, metodo ez parametrikoak erabili beharko dira (adibidez, Kruskal-Wallis froga erabili ahal izango da emaitzak aztertzeko, baina ez ordea ANOVA bariantza analisia. Halaber, mediana eta moda kalkulatu ahal izango dira galdera bakoitzeko erantzunak aztertzeko, ez ordea batez bestekoa.