Lionel Cooper
Jacob Lionel Bakst Cooper (Beaufort West, Cape Province, Hegoafrika, 1915 - Londres, Ingalaterra, 1977) hegoafrikar matematikaria izan zen.
Biografia[aldatu]
Cape Towngo Unibertsitatean matematika- eta fisika-ikasketak egin zituen, eta sari ugari irabazi zituen graduatu baino lehen. Beka baten laguntzaz Oxfordeko Queen's Collegen jarraitu zituen ikasketak 1935ean. Han ere sariak irabazi zituen, bereziki funtzioen teoriaren arloan. Doktoregoa lortzeko asmotan Titchmarshen zuzendaritzapean lan egin zuen eta 1940an eskuratu zuen, Theory and applications of Fourier integrals (Fourierren integralen teoria eta aplikazioak) tesiari esker.
1940-1944 bitartean Bristol Aeroplane Companyn lan egin zuen. Londresko Birkbeck College eta Imperial Collegen eskolak eman ondoren, Cardiffeko matematika-irakasle hautatu zuten 1951n.
1965ean Torontora joan zen eta bi urte geroago Ingalaterrara itzuli zen. Cooperrek arlo ugaritan egin zituen ekarpenak: operatzaileen teorian (operatzaile linealak eta Hilberten espazio erreal eta konplexuak), transformazio-teorian (transformazio integralen bakartasuna eta irudikapena, hurbilketak, transformazio linealak, etab.), termodinamikan, analisi funtzionalean eta ekuazio diferentzialetan. Operatzaileen teoria landu ondoren, Einsteinekin bat etorri zen 1949an, quantumen teoriaren sendotasun logiko falta zela-eta.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.