Albert Einstein

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Albert Einstein 1947 urtean

Albert Einstein (Ulm, Baden-Württemberg, 1879ko martxoaren 14an - Princeton, New Jersey, 1955eko apirilaren 18an) alemaniar-suitzar-estatubatuar fisikari eta matematikari nabarmena izan zen. Askoren ustez inoizko zientzialari handienetariko bat, handiena ez bada, izan da. Fisikaren alorrean bezain sakona izan ez bada ere, filosofian ere eragin handia izan du: alde batetik Kantek denborari eta espazioari buruz zituen iritziak zalantzan jarri zituen; bestetik, jakintzen arloan egiten diren lorpenak behin betikoak ez direla, aldiz jakindakoaren antolaketa berria etengabe egin behar dela erakutsi zuen.

1905ean Erlatibitatearen teoria berezia argitaratu zuen eta 1915ean Erlatibitatearen teoria orokorra, fisikan berebiziko iraultza ekarri zutenak, mekanika newtondarra hausten baitzuten; bertan ordurarteko espazio eta denboraren kontzeptuak guztiz berritu zituen. 1921. urtean Fisikako Nobel Saria jaso zuen, baina ez bere ekarpen nagusiagatik, efektu fotoelektrikoa esplikatzeagatik baizik.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Einsteinen aita ingeniaria zen, eta, arazoak zituelarik negozioetan, familiak sarritan mugitu behar izan zuen herri batetik bestera. Matematiketan larri zebilela-eta, behar baino beranduago, 17 urterekin, sartu zen Züricheko Teknologia Institutu Federalean; graduatu zenean, Suitzako hiritar bihurtu zen, eta lan bila hasi zen unibertsitatean, eta baita eskoletan ere. Aurkitu ezinda, Suitzar Patente Bulegoan hasi zen lanean, Bernan. Ondo atera zitzaion: patente aztertzaile ona zen, eta aski denbora libre geratzen zitzaion bere ikerketak egiteko. 1903an, lankide bat, Mileva Maric fisikaria, esposatu zuen. Alaba bat izan zuten, eta bi seme gero. 1919an, ordea, dibortziatu egin ziren, eta Einstein bere lehengusu Elsarekin ezkondu zen; Elsak bi haur zituen bere aurreko senarrarengandik. Patente bulegoan zela, 1905ean, hiru artikulu argitaratu zituen, oso garrantzitsuak hirurak: mugimendu browndarra, efektu fotoelektrikoa eta erlatibitate berezia lantzen zituzten, hurrenez hurren.

Unibertsitateko aurreneko postua 1909an hartu zuen, Zuricheko Unibertsitateko irakasle laguntzaile gisa; ondoren, irakasle osoa izan zen Pragan (1910) eta Zurichen (1912). 1913an, Berlinen, Fisikako Institutuko Zuzendari izendatu zuten, Gilen Kaiser Institutuan. Lehen Mundu Gerraren urteetan osatu zuen erlatibitatearen teoria orokorra, eta argitaratu zuenean (1915), Fisikako Nobel saria eman zioten (1921), 1905ean egindako lanagatik.

Mundu guztian hitzaldiak ematen hasi zen, eta Kalifornian zen Hitler agintera iritsi zenean, 1933an. judua zenez, ez zen Alemaniara itzuli; Berlinen dimisioa eman ondoren, Princentonen hasi zen lanean. Einstein gogor saiatu zen grabitazio indarra eta indar elektromagnetikoa eta nuklearra ekuazio sail batean bateratzen, baina ez zuen lortu. Garai hartan politikan ere aritu zen, lehen bonba atomikoa prestatzen lagundu baitzien aliatuei (Manhattan proiektua), eta, 1939an, Roosevelt presidenteari jakinarazi zion, gutun baten bidez, horretan ari zirela alemaniarrak.

1952an Israelgo presidentzia eskaini zioten, baina ez zuen onartu, fisikan politikan baino ekarpen handiagoak ekar zitzakeela erantzunez. Hiroshima eta Nagasakiko leherketen ondoren, gerra nuklearren erabat aurka azaldu zen, eta bakearen alde egin zuen beti. Bizimodu soila egiten zuen, eta arrantza eta musika zituen lanaz kanpoko zaletasun nagusiak.

Ekinbide zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Besteak beste, argiaren ibilbidean grabitazioak duen efektua aztertu zuen Einsteinek.

1905eko lehen artikuluan, partikula txiki eskegien zorizko mugimendua aztertu zuen (Brownen higidura, 1828an aurkitua). Jariakari batean dagoen partikula txiki-txiki bat molekula inguratzaileez bonbardatzen baldin bada, norabide gabe mugitzen hasten da, eta Einsteinen kalkuluek molekulen existentziaren froga zuzenak eman zituen, Jean Perrinek esperimentu bidez baieztu zuenean (1908).

Einsteinen hurrengo artikuluak efektu fotoektrikoa lantzen zuen, irradazio fotoelektrikoa aztertuz, Maxwellen ekuazioen arabera normalean uhin gisara ulertzen zena. Einsteinen aburuz, argiaren energia sortetan bakarrik igor daiteke, alegia, Planckek erabilitako quantum direlakoetan.

Einstein orduan gai izan zen Lenarden teoria (1902) esplikatzeko: haren arabera, gainalde metaliko batetik egotzitako elektroien energia, hura jotzen duen argiaren uhin luzeraren araberakoa da, baina ez intentsitatearen araberakoa. Horren emaitza teoria kuantikoaren oinarriak jartzea izan zen, eta Max Plancken quantumak fisikako interpretazio batez osatzea.

Azkenik, erlatibitatearen teoria berezia osatu zuen Einsteinek (elkarri buruz abiadura uniformez mugitzen diren gorputzetara mugatua), hirugarren artikuluan. Maxwellen uhin elektromagnetikoaren argiaren teoriak adierazten zuen argi uhin baten abiadura ez dela iturburuaren edo behatzailearen lastertasunaren araberakoa, eta, era horretan, kontra egiten zion mekanika klasikoari. Lorentz, Fitzgerald eta Poincarék transformazio bat aurkitu zuten Maxwellen ekuazioko mugimendu uniformeko parte batean, zeinak argiaren abiadura bere horretan uzten baitzuen, espazioaren eta behatzailearen lastertasun erlatiboak aldatu gabe alegia (Lorentz transformazioa).

Einsteinek proposatu zuen, zuzen proposatu ere, argiaren abiadura berbera dela elkarri buruz mugitzen diren parametro guztietan; berak jakin gabe, Michelson-Morley esperimentuak agertu zuen hori (1881, 1887); erlatibitatearen printzipioa aurreratu zuen, hau da, lege fisiko guztiak berdinak direla elkarri buruz mugimendu uniformea duten parametro guztietan. Einsteinek ateratako beste ondorio bat da, ezen gorputz baten energia E kopuru batez aldatzen baldin bada, orduan haren masak E/c2 aldatu behar du (c argiaren lastertasuna izanik).

1907tik aurrera, erlatibitatearen teoria elkarri buruz azeleratzen ari diren parametroetara zabaltzen saiatu zen Einstein. Grabitazio azelerazioa eta mugimendutik datorrena, azeleratzen ari den parametro batean behatuz gero, guztiz baliokide direla zen hastapen nagusia (baliokidetasunaren hastapena). Hortik, iragarri zuen grabitazio erakarpenak argi izpiak makurraraziko zituela. 1911n iragarpen zehatz bat egin zuen: Eguzkia doi-doi ukitzen duen izar baten argiak arkuko 1,7´´ desbideratu behar du. 1919. urtean eguzki eklipse oso bat izan zenean, Eddingtonek neurtu zuen fenomeno hori Afrika Mendebalean, Principén, eta aurkitu zuen arkuko 1.6´´; zela. Froga ikusgarri horrek berehala famatu zuen Einstein mundu osoan, eta argi utzi zuen fisikaren oinarriak mugiarazi zituela.

1915ean osorik argitaratu zuen erlatibitatearen teoria, Riemannen geometria eta matematikako beste ideia batzuk erabiliz, hala Hermann Minkowski (1864-1909) (1907an), Riemann (1854) eta C. Riccirenak (1853-1925) (1887an). Masa hartu zuen espazio-denboraren ‘lautasuna’ itxuraldatzeko, eta espazioan elkarri buruzko bide makurretan zehar mugitzen diren gorputzak sorrarazteko. Hortik sortzen den ‘grabitazio’ erakarmena Newtonen legeak iragarritakoaren oso antzekoa bada ere, badira zuzenketa txiki batzuk. Einsteinek eta Marcel Grossmannek (1878-1936) egindako kalkuluen arabera, Merkuriok Eguzkiaren inguruan egindako elipseak arkuko 43´´ errotazio handiagoa behar zuen izan gizaldiko, Newtonen teoriak zioena baino. Hala esan zuen orduan Einsteinek: Nire onetatik aterea nengoen, estasiaren estasiz, garai hartan.

Erlatibitate orokorrak beste iragarpen harrigarri asko ekarri zituen, hala adibidez grabitazio eremu batetik bestera igarotzen den argiak aldaketa bat izango zuela bere uhin luzeran. Ortzian, 1925an aztertu zen hori, eta Lurrean, Robert Pound eta Glen Rebkak ikusi zuten, 23 metroko dorre batekin, Mossbauer efektua erabiliz, 1959an. Uhin luzera handiagoa zutela aurkitu zen dorreko behealdetik goraino mugitzen ziren gamma izpiek.

Era berean, munduaren eredu kosmologikoak erabat aldatu zituen erlatibitate orokorrak; hala, Friedmannek (1922), espantsioan ari den unibertso bat irudikatzen duen eredu bat proposatu zuen, Einsteinen ekuazioen araberakoa.

1920 eta 1930 ondoko hamarraldietan, teoria kuantikoari buruzko eztabaidetan jardun zuen Einsteinek, Bornen probalitatearen kontzeptuari uko eginez (Jainkoa izan daiteke burutsua, baina maltzurra ez da). Grabitazio eta elektromagnetismo alorretako legeak eskema geometriko bakar batera bil zitzakeen teoria sortzen saiatu zen: ahalegin honetan erabat asmatu ez bazuen ere, gerora erabili diren matematika lan handiak egin zituen. Garai hartan, Otto Hahn eta Fritz Strassmann alemaniar kimikariek egin zituzten uranioaren fisioaz berak proposatutako teoriak (1939), eta Enrico Fermi italiar fisikariak metal honen deuseztatze etengabearen ondoko erreakzioek sortarazten duten energia kopuru gaitzaren erabileraren balizko ondorioak utzi zituen agerian. Hala esan zuen 1921ean: Munta handiko aurkikuntzak gazteen gauza dira…, eta, hortaz, horiek iraganeko kontuak dira niretzat.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Annalen der Physik aldizkarian egin zituen argitalpenez aparte, beste lan batzuk argitara eman zituen: Mugitzen diren gorputzen elektrodinamikaz (1925), Erlatibitate berezi eta orokorrari buruzko teoriaren oinarriak (1916), Eterra eta erlatibitatearen teoria (1921), Lau hitzaldi erlatibitatearen teoriaz (1921), Ideien garapena fisikan (1938) eta bi saiakera: Nola ikusten dudan mundua (1934) eta, Sigmund Freudekin batera, Zergatik gerra (1933).

Bere esanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Bi modutara bizi zaitezke: miraria ezertxo ere ez dela pentsatuz edota den-dena miraritzat hartuz".

"Bi gauza bakarrik dira infinituak: unibertsoa eta giza ergeltasuna. Lehenengoaren inguruan zalantzak ditut, baina, bigarrenarekiko ziurtasum osoa dut nolako gogoa dagoen jendea gerretan hil boterea lortzearren".

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Albert Einstein
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Albert Einstein

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]