Manuel Godoy

Wikipedia, Entziklopedia askea
Manuel Godoy
Manuel Godoy
Francisco Goyak egindako erretratua
Datu pertsonalak
Izen osoa Manuel Godoy y Álvarez de Faria Sánchez Ríos Zarzosa
Ezizena Bakearen Printzea
Jaio 1767ko maiatzaren 12a
Badajoz ( Espainia)
Hil 1851ko urriaren 4a
Paris ( Frantzia)

Manuel Godoy y Álvarez de Faria Sánchez Ríos Zarzosa, Alcúdia eta Suecako duke eta Bakearen Printzea, (Badajoz, Espainia, 1767ko maiatzaren 12a - Paris, Frantzia, 1851ko urriaren 4a) noble eta politikaria izan zen. Karlos IV.a Espainiakoaren begikoa, 1792 eta 1797 artean eta, berriro, 1801 eta 1808 artean, Bulego Unibertsalaren Idazkaria izan zen. Luis XVI.a hil zutenean, osasunezko kordoia ezarri zuen Espainian, Frantzian gertatzen ari zen altxamenduaren modukorik gerta ez zedin.

Godoyren erretratua, Agustín Estevek egina.

Bizitza

Karlos IV.aren eta Maria Luisa haren emaztearen erreinaldian, kargurik gorenak izan zituen: 1792rako Bulegoko lehen idazkari, gutxi gorabehera lehen ministro zen, Arandaren ordez. 1808ra arte zuzendu zuen Espainiako gobernua (1798-1800 urteen arteko tartean izan ezik). Godoyren jokabidea, despotismo ilustratuko gobernatzaile batena izan zen; batetik, iraultzaren beldur zen eta, bestetik, hezkuntzaren eta ekonomiaren berrikuntza egiteko neurriak bultzatu zituen. Gortean arrotzat jo zuten beti eta berdin-berdin gorrotatu zuten Frantziako Iraultza miresten zutenek eta Fernando printzearen inguruan bildurik zebiltzan erreakzionario absolutistek.

Espainiaren eta Frantziako errepublikaren arteko gerrari (1793-1795) Godoyk amaia eman zion Basileako Hitzarmenaren bidez (1795), eta Bakearen Printze titulua eman zion erregeak. Frantziako despotismoari jarraituz antolatu nahi izan zuen Espainia, baina 1798an kargua utzi behar izan zuen. 1800ean berriro aginpidean zela, Portugalen kontrako gerra egin zuen.

Godoyk bere egin zituen ideia ilustratuak, erreinuaren betidaniko osaera bai politikoa bai ekonomiko-soziala ukitzen ez zutenak soilik, baina hazkuntza ekonomikoan eta herriaren kultur maila igotzen lagunduko zutenak onartu zituen, egitura tradizionalen aurka jotzen ez zuten heinean. Godoyren jarrerarik ausartenak Elizarik kontserbadoreenarekin izan zituen gorabeherei dagozkie. Estatuaren agintea Elizarenaren aurretik jarri zuen. Hezkuntza eta era guztietako ezaguera zientifikoak babestu eta zabaldu zituen. Mezenasgo politikoa izan zuen hainbat arlotan hala nola, lehen Albaitaritza Eskola; Medikuntza, Kirurgia eta Zientzia Fisiko Osagarrietako Errege Kolegioa; Lan Hidrografikoetako Zuzendaritza; Bide, Zubi eta Galtzadetako Ingeniari Eskola...

1796tik aurrera Frantziarekin hitzarturik zegoenez, Ingalaterraren kontrako gerran parte hartu behar izan zuen 1804an. 1805ean Trafalgarren hondamena izan zuen. Napoleonen kontrako koalizio bat bultzatu ondoren, Ienako garaipenaren berri izan bezain laster, Napoleonen mende jarri zuen Espainia. Herriak gorroto zion, eta Godoyk errege-erreginak Mexikora eraman nahi izan zituen. Muraten oste frantsesek Espainia hartu zutenean, Aranjuezko matxinada izan zen (1808) eta Godoyren asmoak ustel atera ziren. Godoy atxilotu egin zuten, eta Muratek askatu eta Baionara eraman zuen. Han Karlos IV.aren dimisioa prestatu zuen, Josef Bonaparteren mesedetan.

Errege-erreginekin bizi izan zen erbestean, eta azkenik Parisen hil zen. Memoriak idatzi zituen (1836-1838).


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Manuel Godoy


Erreferentziak