Manuel Ponce
Manuel María Ponce Cuéllar (Fresnillo, Zacatecas, 1882 - Mexiko Hiria, 1948) Mexikoko musikagilea izan zen. Mexikon, Berlinen eta Bolonian egin zituen musika-ikasketak. Mexiko Hiriko Kontserbatorio Nazionaleko irakaslea izan zen (1909-1915 eta 1917-1922), eta 1934-1935 urteetan, kontserbatorio horretako zuzendari. Mexikar kutsuko erritmoz eta harmoniaz betetako musika-lanak idatzi zituen: pianorako kontzertu bat, eta Estrellita eta La pajarera kantuak, adibidez. Geroago, Paul Dukas frantses musikagilearekin ikasi ondoren, Ponceren musika aldatu egin zen, eta zertzelada inpresionistak erabiltzen hasi zen. Musika-lan nagusiak Parisen egindako egonaldiaren ondoren idatzi zituen. Garai hartakoak dira Chapultepec (1929) eta Ferial (1940) orkestrarako, eta Andrés Segoviari eskainitako Concierto del sur (1941), gitarrarako eta orkestrarako. Beste obra batzuk: 24 preludio gitarrarako, 5 sonata gitarrarako, 2 piano-kontzertu, biolin-kontzertu bat, eta ehundik gora kantu eta pianorako lan.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.