Michael Brownen hilketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Michael Brownen hilketa
Map
Motagiza hilketa
shooting (en) Itzuli
Poliziaren gehiegikeria Ameriketako Estatu Batuetan
Honen izena daramaMichael Brown
Data2014ko abuztuaren 9a
KokalekuFerguson (Missouri)
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Parte-hartzaileak
Honen ondorioa2014 Ferguson unrest (en) Itzuli
BiktimaMichael Brown
Pertsona hilak1

Michel Brownen hilketa 2014ko abuztuaren 9an gertatu zen Fegursonen (Missouri, AEB), San Louis hiritik gerti. Brown, 18 urteko arraza beltzeko gazte bat, arraza zuriko Darren Wilson poliziaren ofizialak tirokatu ostean hil zen. Brownek ez zeraman armarik eta ez zuen delituetan aurrekaririk.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ferguson hirian biztanleriaren gehiengoa beltzek osatzen zuten; Polizian ordea zuriak ziren gehienak. Tentsioa areagotuz joan zen azken hilabeteotan hiritarren eta poliziaren artean[1]. Fergusoneko populazio datuak: 21.205 biztanletik, %65 ziren beltzak. Agintari gehienak, ostera, zuriak ziren. Polizien artean %6 ziren soilik beltzak. Gainera, biztanleen %21 pobrezian bizi zen[2].

Poliziak hildako beltzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010-2012 artean, 15-19 urte arteko milioi bat beltzeko batez beste 31,17 hil zituzten; zuriak, berriz, 1,47. Beraz, beltz batek zuri batek baino 21 probabilitate gehiago ditu poliziak hiltzeko[3].

Gertaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

18 urteko Michael Brown gaztea abuztuaren 9an hil zen, Darren Wilson agentearen tiro batzuk jasota. Hori gertatu aurretik, eztabaidatu egin zuten. Lekuko batek eta Brownen familiak esan zuten gaztea errenditzen ari zela eta desarmatuta zihoala Wilsonek tirokatu zuela[4].

Gertaeren ondorengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 12an, Saint Louis konderriko Ferguson hirian (Missouri, AEB), istilu larriak piztu ziren. Berehala hasi ziren protestak auzoan, eta egunak joan ahala hiri osora zabaldu ziren. Hirugarren egunez, Poliziak hiria hartu zuen, eta gogor erantzun zien manifestariei, negar gasarekin eta egurrezko balekin. Zenbait iturriren arabera, Poliziak bi manifestariri egin zien tiro abuztuaren 13ko goizaldean[1].

Abuztuaren 13an, negar gasa eta gomazko balak jauritu zituen Fergusongo (Missouri, AEB) Poliziak manifestarien aurka. Ehunka lagun bildu ziren Eskuak gora, tirorik ez lelopean hiriko hainbat puntutan egin ziren protestetan. Hiria poliziaren kontrolpean egonik, ordea, liskarrak lehertu ziren haiek manifestazioak desegitera joan zirenean. Kongresuko diputatu talde batek eskatu zion Justizia Departamentuari gaztearen heriotza ikertzeko. [5].

Abuztuaren 15ean, liskarrak izan ziren berriz Fergusonen, ustez hildako gaztea ageri zen bideo bat Poliziak zabaldu eta gero. Seigarren egunez protesta egitera kalera atera ziren ehunka lagun Fergusonen. Darren Wilson gisa identifikatu zuen Poliziak Browni tiro egin ziona. Ehunka lagun elkartu ziren seigarren egunez jarraian, eta Fergusonen 01:00 inguru zirela hasi ziren liskarrak[6].

Abuztuaren 16an, Poliziak gas negar-eragileak bota zituen Ferguson hirian, kalean zeuden manifestarien kontra, Missouriko gobernadoreak etxeratze-agindua ezarri eta gero. Agindua gauerdian hasi eta 5:00eta bukatu zen. Gutxienez pertsona bat zauritu zen eta beste zazpi atxilotu zituzten, dozenaka pertsonak agintariek ezarritako etxeratze-aginduari jaramonik ez egin ostean. Zenbait agentek protestan parte hartzen ari zen gizon baten kontra tiro egin zuten, eta larri zegoen. Bitartean, AEBeko Fiskal Nagusiak gaztearen gorpuari bigarren autopsia bat egin ziezaiotela eskatu zuen[7].

Abuztuaren 17an egindako autopsiak erakutsi zuenez, Michael Brown afroamerikarra sei tiro jasota hil zen. Autopsiaren arabera, ez zuten distantzia motzean tirokatu. Egun berean, pertsona bat larri zauritu zen eta Poliziak zazpi atxilotu zituen. Dozenaka pertsonak hautsi zuten abuztuaren 16ko iluntzean etxeratzea, astebetez protesta eta arpilatze ugari izan eta gero[8].

Abuztuaren 18an, Poliziak 31 lagun atxilotu zituen eta bi pertsonak bala zauriak izan zituzten. Protestak lasaiak izan ziren arratsaldeko lehen orduetan, baina gauean istiluak izan ziren, nahiz eta Guardia Nazionala bertan izan. Poliziak Michael Brown gaztea tiroz hil zuenetik Ferguson herrian izan ziren istilu larrienak izan ziren. Jay Nixon Missouri estatuko gobernadoreak Guardia Nazionala mobilizatu zuen Fergusoneko istiluei aurre egiteko. Bestalde, Ku Klux Klan (KKK) eskuin muturreko taldeak diru-bilketa bat jarri zuen martxan, Brown hil zuen poliziari laguntzeko helburuarekin[8].

Abuztuaren 19an, AEBko Poliziak 23 urteko gizonezko beltz bat hil zuen Sant Louisen, ustez lapurretan ari zela. Berriro ere indarra neurri gabe erabiltzea leporatu zioten Poliziari[9].

Abuztuaren 20ko goizaldean, dozenaka manifestari atxilotu zituzten Fergusonen. Ehunka manifestarik hiriko kale nagusiak hartu zituzten beste behin, eta istiluak piztu ziren segurtasun indarrak oldartu zirenean. Segurtasun indarrek negas gasarekin, gomazko balekin eta ur kanoiekin sakabanatu zituzten Fergusongo kale nagusian bildutako ehunka manifestariak. Gutxienez dozenaka lagun atxilotu zituzten, eta bi pertsona eraman zituzten balaz zaurituta erietxera. Poliziak ukatu egin zuen inori tiro egin izana[10].

Abuztuaren 21ean, Jay Nixon Missouriko estatuaren gobernadoreak Fergusonetik Guardia Nazionalaren irtetzea agindu zuen[4]. Egun horretan, egoera baretu zen Fergusonen (Missouri) AEBetako fiskal nagusia tokira bertaratu eta herritarrekin bildu ostean. Aurreko egunetako istiluen erdigunea izan zen West Florissant etorbidean pertsona gutxi bildu ziren eta lehenago bueltatu ziren etxera. Hala, gau lasaia bizi izan zuten, istilurik gabekoa, baina sei atxilotuekin[11].

Abuztuaren 24ean, Michael Brownen aitak 'isiltasun egun bat' eskatu zuen hileta egiteko. Saint Louis plazan egin zituen adierazpenak Brownen aitak, Bakearen Jaialdian parte hartu zuten 600 pertsonen aurrean. Al Sharpton apaiza ere Brownen eskaerarekin bat etorri zen[12].

Abuztuaren 25ean, milaka pertsona gerturatu ziren Saint Louisera (Missouri), Michael Brown gazte afroamerikarraren hiletara. Friendly Temple Missionary eliza baptistan izan zen elizkizuna. 2.500 pertsonarentzat lekua zegoen bertan, baina ehunka lagun kanpoan gelditu ziren, ezin sartuta[13].

Azaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 24an, hilketaz leporatutako polizia ez inputatzeko erabakiak haserrea piztu zuen eta istiluak izan ziren Fergusonen hilketaren hirian, eta baita AEBetako beste zenbat hiritan ere. 29 lagun atxilo hartu zituzten, eta dozena bat eraikini kixkali zituzten. New York, Los Angeles, Chicago eta Washington hirietan izan ziren istiluak[14].

Azaroaren 25ean, Barack Obamak lasaitasuna eskatu zuen Fergusonen tentsioa baretzeko. Aitortu egin zuen auzi honek azaleratu egin zuela historia arrazista zuen herrialdeak konpontzeke zituen erronkak[15]. Egun berean, Brown hil zuen poliziak berretsi zuen berdin jokatuko zuela berriro horrelakorik gertatuko balitz. "Kontzientzia lasai" zuela eta bere burua salbatzeko hil zuela gazte beltza esan zuen[16].

Egun berean, bigarren gauez, istiluak izan ziren Fergusonen eta 45 lagun atxilotu zituzten. Manifestariak banatzeko negarra eragiteko gasa erabili behar izan zuen Poliziak, baina, hala ere, aurreko gaua baino lasaiagoa izan zen[17]. Istiluak AEBetako 170 hiritara zabaldu ziren[18].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Liskarrak piztu dira Missourin, gazte beltz baten hilketaren ostean», Berria, 2014-08-13
  2. Bidatz Villanueva Etxague, «Michael Brown sei aldiz tirokatu zuen Poliziak, autopsiaren arabera», Berria, 2014-08-19
  3. «31», Berria, 2014-11-26
  4. a b «Fergusonetik Guardia Nazionala irteteko agindu dute», EiTB, 2014-08-21
  5. «Brownen hilketa ikertzeko eskatu diote AEBetako Justizia Departamentuari», Berria, 2014-08-14
  6. «Liskarrak Fergusonen, ustez hildako gaztea ageri den bideo bat Poliziak zabaldu eta gero», Berria, 2014-08-16
  7. «Gas negar-eragileak bota dituzte Fergusonen etxeratze-agindua eta gero»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-08-19
  8. a b «31 atxilotu eta bi zauritu Brownen heriotza salatzeko protestetan», EiTB, 2014-08-19
  9. «AEBko Poliziak beste gazte beltz bat hil du, 'lapurretan ari zela'», EiTB, 2014-08-19
  10. «Dozenaka manifestari atxilotu dituzte Fergusonen bart», Berria, 2014-08-20
  11. «Lasaitasuna Fergusonen, AEBetako fiskal nagusiaren bisitaren ondoren», EiTB, 2014-08-21
  12. «Michael Brownen aitak 'isiltasun egun bat' eskatu du hileta egiteko», EiTB, 2014-08-25
  13. «Milaka pertsona bildu dira St. Louisen, Michael Brownen hiletan», EiTB, 2014-08-25
  14. « Michael Brown hil zuen polizia ez dute inputatuko, eta erabakiak haserrea piztu du», Berria, 2014-11-25
  15. «Obamak lasaitasunerako deia egin du Fergusonen tentsioa baretze aldera», EiTB, 2014-11-25
  16. «Brown hil zuen poliziak esan du berdin jokatuko lukeela berriro», EiTB, 2014-11-26
  17. «45 lagun atxilotu dituzte Fergusonen, istiluen bigarren gauean», EiTB, 2014-11-26
  18. « Fergusonen piztutako istiluak AEBetako 170 hiritara zabaldu dira», Berria, 2014-11-27

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]