Mikosi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezkabia besoan, Trichophyton mentagrophytes onddoak sortua.
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Mikosia onddoek eragiten duten infekzioari deritzo. Onddo motaren arabera, infekzio horiek patologia ezberdinak sortuko dituzte.

Orokorrean, bi mikosi mota daude: azalekoak eta sakonak, onddoak infektatzen duen ehunaren arabera (azaleko ehunak ala barneko ehunak, hurrenez hurren). Azaleko mikosiak larruazaleko infekzioak dira, dermatofito izeneko onddoez sortutakoak.

Oso onddo gutxi dira gizakiaren patogenoak. Patogenoak baino gehiago, gaitzak sortzen dituzten onddo horiek oportunistak dira, hots, gaixotasuna sortzen dute immunitate-sistema ahula duten pertsonengan (HIESa edo minbizia dutenak, esaterako) edota tratamendu antibiotiko baten ondorioz flora autoktonorik gabe geratu diren gizabanakoengan (heste-florarik gabe geratu direnengan, adibidez).

Gizakia infektatzen duten onddo asko dimorfikoak dira. Hots, gorputz barnean hazten direnean (37ºC-tan) legamia itxura hartzen dute, baina tenperatura txikiagoetan haziz gero egitura mizeliarra dute.

Garrantzia handikoa da medikuntzan onddo batzuek duten beste ezaugarri bat: mikotoxinak sortzearena. Hainbat janari-intoxikazioren atzean mikotoxinak daude, patologia larriak sor daitezkeenak. Toxina mota horiek landareak infektatzerakoan ekoizten dituzte onddo batzuek, eta gizakia pozointzen da landareak jaterakoan. Sortutako patologia horiek, hala ere, ez dira mikositzat jotzen.

Azaleko mikosien artean ezkabia mota desberdinak daude, larruazaleko gaitzak sortzen dituztenak. Dermatofito izeneko onddoek eragiten dituzte, keratinarekiko afinitate handia dutenak (keratina epidermisean dagoen proteina da). Sakoneko mikosien artean aspergilosia, kandidiasia, histoplasmosia eta kriptokokosia, besteak beste, aipa daitezke.


Onddo eragileak

Tratamendua

Azaleko mikosiak zein barrualdekoak edo sakonak sendatzeko antifungiko izeneko sendagaiak erabiltzen dira, lehenengo kasuan bertan emandako ukendu edo kremekin, eta bigarrenean ahotik hartuta edo zainaren bidez.