Nekazaritza Politika Bateratua (Europar Batasuna)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Nekazaritza Politika Bateratua edo NPB[1] Europar Batasunaren baitan nekazaritza gaiei buruz hartutako erabaki eta neurrien multzo koordinatua da, 1957an Erromako Itunaren baitan erabaki eta 1962 urtean ofizialki abiarazitakoa. Politika komun horren helburua Europar Batasuneko herrialdeek behar duten elikagaien hornikuntza ziurtatu, ustiapenak berritu, nekazarien ongizatea hobetu, merkatuak modu koordinatuan erregulatu eta laboreen prezio egokiak ezarriz. Laboreen hazkuntza eta elikagaien eraldaketarako ingurumen eta osasun-baldintza zorrotzak ere ezarri ditu. Nekazaritza-prezioen subentzio-politika aski kritikatua izan da garapen bidean dauden herrialdeen aldetik, labore batzuetan Europar Batasunak prezio finko batez nekazariei erosi eta Europaz kanpoko produktu horien sarrera galarazi izan baititu. Subentzioen banaketa ere asko kritikatu da, lurjabe handiak aberasteko balio iza duela argudiatuz. Ildo horretatik, nabarmendu behar da gainera subentzio politika honek Batasunaren aurrekontu osoaren ia erdia xahutu izan duela.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako Ekonomia Erkidegoa sortu zuen Erromako Itunean (1957) jasotzen zen nekazaritza politika bateratu bat ezarri beharra. Itun horretan helburu hauek ezartzen zitzaizkion politika horri: nekazaritza produktibitatea areagotzea; Europako nekazarien bizitza maila duina ziurtatzea; merkatuen egonkortasuna bermatzea; elikagai soberakinen zenbateko finkoa bermatzea; eta, azkenik, kontsumitzaileek elikagaiak prezio arrazoizkoetan eskura izango dituztela ziurtatzea. Helburu horiek lortu ahal izateko, 1958. urtean oinarrizko hiru printzipio ezarri ziren: nekazaritza merkatu bateratua (produktuek batetik bestera eramateko oztoporik eza), elkarteko nekazari produktuek kanpokoen aldean lehentasuna izatea eta finantza elkartasuna (Nekazaritza Politika Komunaren kostuak kide guztien artean ordaindu beharra).

Nekazaritza Politika Komuna 1962. urtean jarri zen indarrean. Politika hori, errealitatean, merkatuetan parte hartuz eta zuzeneko diru laguntzen bidez gauzatzen da. Nekazaritza Ministro Kontseiluak erabakitzen du, urtero, Europako Batzordeak egindako proposamenaren arabera, nekazaritza produktuen prezioei ezarri beharreko laguntza. Era berean, muga zergak ezartzen dira Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik inportatzen diren produktuek lehia abantailarik izan ez dezaten.

Nekazaritza Politika Komunaren ondorioz, asko hazi zen nekazaritzaren ekoizpena (diru laguntzez gainera, teknologia berrikuntzek eta ongarri kimiko eta pestiziden erabilpenaren areagotzeak produktibitatea izugarri handitu zuelako), eta elikagaien kontsumoak, berriz,bere horretan, egonkor jarraitu zuen Europan. Hala, 1980. urtearen hasieran, oso handiak ziren saltzen ez ziren produktu kopuruak, eta nekazaritza politikak Europar Batasuneko aurrekontua izugarri murrizten zuen (hamarkada horretan aurrekontuaren bi heren nekazaritza gastua babesteko erabiltzen ziren). Horregatik, 1984, 1988, eta bereziki, 1992. urtean, erreforma sakona egin zen, gehiegizko ekoizpenak zekartzan arazoak ekiditeko. Besteak beste, prezio bermatuetan eta produkzio osoa erosteko bermean oinarrituriko babes erregimena bertan behera uztea erabaki zen, eta nekazariei produkzioarekin lotutako laguntzen ordez zuzeneko laguntzak ematea. Era berean, emankortasun apaleko lursailak ez lantzea sustatu zen, horretarako eman ziren laguntzen bidez. Eskariari hobeto erantzuteko ekoizpenaren desberdintzea eta ingurumena zaintzen zuten nekazaritza teknikak erabiltzea ere bultzatu ziren. Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Komuna beti egon izan da nazioarteko merkataritza trukeekin loturik. Hala, GATT erakundearen Uruguaiko Errondaren ondoren, eta Munduko Merkataritza Erakundearen ezarpenarekin, 1995. urtean Europar Batasunak sei urteren buruan nekazaritza produktuen inportazioei ezartzen dizkion muga zergak eta barne laguntzaz lagundutako nekazaritza produktu zenbatekoa murrizteko konpromisoa hartu zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]