Palestinar hikaye

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hikaye (arabieraz: حكاية) edo Palestinar hikaye ahozko literaturaren genero bat da, Palestinako emakumeek (hakawati, kontalariak) kontatzen dituzten narrazioek osatua.

2008an UNESCOren Kultura Ondare Immaterialaren zerrendan sartu zen[1], zenbait erakundek sustatuta, ­besteak beste, Arabiar Emakumeen Batasunak, Insha al-Usra Elkarteak eta Qattan Fundazioak[2]. Zoritxarrez, tradizioa azkar galtzen ari da, gizartearen aldaketen, hezkuntza formalaren, masako hedabideen eta Palestinako egoera politikoaren ondorioz[3][1].

Palestinako hikaye emakumeek egiten duten kontaera modu bat da, ahozko literaturaren barruan sar daitekeena. Fikziozko kontakizunak dira, Ekialde Hurbileko gizartearen eguneroko kezkez eta familia arazoez mintzo direnak. Hikayen gizartearen kritika dago, emakumeen ikuspegitik, eta historiek deskribatzen dute emakumeekin beraiekin lotura zuzena duten kontuak. Hortaz, askotan protagonistak emakume ausartak dira, egoera zailetan aurrera egiten dutenak trebeziaz eta jakintzaz. Kontakizun askotan emakumeen betebeharren eta nahien arteko gatazka azaltzen da, eta batzuetan eztabaidarako gaiak plazaratzen dira. Memoria gordetzeko zeregina ere betetzen dute[4], bereziki Nakbarena.

Hikaye etxeetan kontatu ohi da, neguko arrats luzeetan batez ere, emakumeak eta haurrak elkartzen direnean familiako bilkura batean edo hala suertatzen denean. Gizonek ez dute parte hartzen, haien presentzia desegokitzat hartzen baita. Gehienetan Palestinako arabieraren dialektoa erabiltzen da, fallahi herrietan edo madani hirietan.[5]

Narrazioaren adierazkortasuna erabiltzen den hizkeran, ebakeran, diskurtsoaren erritmoan eta ahots moldaketetan datza, bai eta narratzailearen trebetasunean ere, entzuleen arreta erakartzeko eta irudimen eta fantasiazko mundu batera eramateko[6]. Kontatzeko teknika eta estiloa hizkuntza eta literatura arau batzuen araberakoak dira, eta bestelako herri kontaeretatik bereizten dute. 70 urtetik gorako palestinar emakume ia guztiak dira hikaye narratzaileak eta batez ere beraiek eusten diote tradizioari.[6] Baina ez da hain arraroa neska-mutikoek elkarri kontatzea horrelako historiak, entrenatzeko edo ongi pasatzeko, besterik gabe.

Hikaye gainbehera dator, tradizioak atzeratutzat hartzera bultzatzen duen pentsamoldearen presiopean. Hori dela eta, adineko emakumeek ere kontakizunen forma eta edukia aldatzeko joera dute. Eta Palestinako egoera politikoa zaila, azkenik, mehatxu handia da haren iraupenerako.

1989an argitara eman zen ingelesez hikaye antologia bat, Ibrahim Muhawik eta Sharif Kanaanak Gazan, Zisjordanian eta Galilean bildutako 45 narraziorekin[7]. 2001ean arabieraz argitaratu zen, baita frantsesez eta gaztelaniaz ere.

Adibide bat: Errauskine

"Lihozko poltsa" izeneko kontakizuna mundu osoan agertzen den “Errauskineren” aldaera bat da. Europako kultur eremuan hedatuta dagoen maitagarrien ipuinean ez bezala, ordea, kontakizun palestinarrean protagonista ez da salbatzen botere magiko misteriotsuei esker, berak egindakoagatik baizik. Eta bere zoritxarraren benetako arrazoia ez da amaorde gaiztoa, bere egiazko aita baizik.[8]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «UNESCO - Palestinian Hikaye» ich.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  2. Badran, Arwa; Abu-Khafajah, Shatha; Elliott, Sarah (2022-11-07). Community Heritage in the Arab Region: Values and Practices. Springer Nature. p. 155. ISBN 978-3-031-07446-2. .
  3. Cintio, Marcello Di (2018-05-21). Pay No Heed to the Rockets: Palestine in the Present Tense. Saqi Books. ISBN 978-0-86356-985-2. .
  4. (Frantsesez) Rivoal, Isabelle. (2001-01-01). «Susan Slyomovics, The Object of Memory. Arabs and Jews Narrate the Palestinian Village» L’Homme. Revue française d’anthropologie (158-159): 478–479.  doi:10.4000/lhomme.6701. ISSN 0439-4216. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  5. Timothy, Dallen J.. (2019). Routledge handbook on tourism in the Middle East and North Africa. Routledge ISBN 978-1-317-22923-0. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  6. a b (Ingelesez) «From martial arts to the majlis: Seven Middle Eastern customs listed by Unesco» Middle East Eye (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  7. Barhoum, Ann; Muhawi, Ibrahim; Kanaana, Sharif. (1990-05). «Speak, Bird, Speak again: Palestinian Arab Folktales» Middle East Report (164/165): 71.  doi:10.2307/3012701. ISSN 0899-2851. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  8. Reynolds, Dwight F.. (2015-03-30). «Folklore» The Cambridge Companion to Modern Arab Culture (Cambridge University Press): 249–267. ISBN 978-1-139-02170-8. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]