Pedro Roldán
Pedro Roldán (Sevilla, Espainia, 1624 - Sevilla, Espainia, 1699) espainiar eskultore barrokoa izan zen.
Biografia [aldatu]
Alonso de Menaren ikasle izan zen Granadan, 1646an Sevillan bizitzen jarri zen arte. Han ezagutu zituen Montañes zaharra eta Jose de Arce eskultore flandriarra. 1666an agertu zen egilearen lehen obra handia, Sevillako Sagrarioko Elizako erretaula. 1670-1673 bitartean, Karitatearen Erietxeko Elizako erretaula nagusia ere egin zuen hiri berean.
1675etik 1690era, erretaulak alde batera utzi, eta estatuak egin zituen, batik bat. Garai hartakoak dira Jaengo Katedraleko aurrealde barrokoko eskulturak. Aipagarriak dira, halaber, Montillako Santa Ana Komentuko erretaula nagusiko eskulturak eta Sevillako San Bizente Elizako San Migel goiaingerua, Ecijako Santiagon dagoen Hoben Ordainaren gurutziltzatua (1680), Tenerifeko La Orotavako San Joan Elizan dagoen Kristo zigortua eta, batez ere, Sevillako Nuestra Señora de la O Parrokiako Jesus Nazaretarra.
Sevillako Eskolako azken eskultore handia izan zen Pedro Roldán.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.