Pedro de Alvarado
Espainiar konkistatzailea (Badajoz, 1485 - Guadalajara, Mexiko, 1541). Kubako konkistan esku hartu ondoren, Hernán Cortésen laguntzailerik leialenetako bat izan zen Mexikon. Cortés Pánfilo de Narváezen aurka borrokatzera atera zenean (1520), Alvarado gelditu zen azteken hiriburuko agintari; matxinada prestatzen ari zirenaren susmoak hartuta, izugarrizko zapalkuntza bideratu zuen. Horren ondorioz, aztekak altxatu ziren; Cortés itzulirik, bien artean menderatu zituzten indiarrak, baina hiritik alde egitea erabaki zuten Gau Ilun famatuan (1520ko ekainaren 30a). Otumbako Guduan eta Tenochtitlaneko setioan (1521) esku hartu zuen. 1523an, Erdialdeko Amerikara abiatu zen, kitxe indiarren aurka borrokatu zen, eta Guatemalaz eta El Salvadorrez jabetu zen. 1526an, Cortési lagundu zion zenbait gobernari altxatu zirenean. Espainiara itzulirik, Karlos V.ak Guatemalako gobernari izendatu zuen (1527). 1539an, Hondurasen lehorreraturik, altxaturiko indiarren aurkako guduan hil zen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Bibliografía [aldatu]
- Gustavo González Villatoro: El testamento del Adelantado Don Pedro de Alvarado. El hombre y el mito. San José, Costa Rica: Promesa, 2007.
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) Xavier López Medellínek egindako biografia.
- (Gaztelaniaz) Pedro de Alvarado, Hernán Cortésen kapitaina.
- (Gaztelaniaz) Quauhquechollango lientzoa.