Pierre Corneille

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pierre Corneille.

Pierre Corneille (Rouen, Frantzia, 1606ko ekainaren 6a - Paris, Frantzia, 1684ko urriaren 1a) frantses antzerkigilea izan zen.

Biografia

Pierre Corneille 1606an jaio zen, familia burges batean, Rouen hirian. Abokatu-lanak egitea eta komediak idaztea izan zituen gaztaroko lanak. Hogeita bederatzi urte zituenean, Richelieuk babesten eta diruz laguntzen zuen Bost egileen taldeko kide zen, eta hogeita hamar urterekin tragedia lantzen hasi zen, komedia alde batera utzirik.

Hamabost urteko aldi batez arrakasta izan zuen, baina mendearen erdialdeko urteetan, ikusleen faborea galdu zuen. Bere azken urteak latzak izan omen ziren: Moliererekin mokoka ibili zen tartean, baina Jean Racine izan zuen etsairik handiena. Lagunik gabe, erregearen pentsioa galduta, eta gero eta arrakasta gutxiagorekin, 1684 urtean hil zen.

Frantziako antzerkia XVII. mendearen hasieran zer egoeran zegoen ulertu ahal izateko, jakin beharrekoa da XVI. mendean jazotako gertaera bat: 1548an, Parlamentuak obra lizun eta iraingarriak jokatzea debekatu zuen. Debeku horren ondorioz, antzinaroko gaiak, elezahar herrikoiak edo Biblia izan ziren obren jatorririk ohikoena, eta jokatzeko moldeari dagokionez, formula dramatiko klasikoak nagusitu ziren. Pierre Corneille izan zen formula klasiko horiek beste era batera lantzen hasi zen lehen antzerki-idazlea.

Bere lehen antzerki-lanak Pizkundeko gustuaren antzera eta moldera egindako komediak izan ziren; komedia kultuak ziren, garai hartako Parisen arrakasta erraz lortu zutenak. Horien artean, Mélite (1625) eta La veuve (1632, "Alarguna") dira aipagarrienak. Komedia horien ezaugarririk bikainena giroen eta pertsonaien deskripzioa da; tramak oso nahasiak izanagatik, haren pertsonaiak oso sinesgarriak ziren garai hartako ikusleentzat. Bere antzerki-idazlearen karreran, komedia zeharo alde batera inoiz utzi ez bazuen ere —eta horren froga lirateke, besteak beste, L´Illusion comique (1636, "Ilusio komikoa") eta, batez ere, Le menteur (1644, "Gezurtia"), askorentzat idatzi zuen onena—, garai hartako giroak tragediarantz bultzatu zuen.

Le Cid (1636) izan zen bere obra tragiko handietan lehena, eta, kritiko askorentzat, Frantziako antzerki klasikoak harekin iritsi zuen heldutasuna. Obra horrek eskema tragiko berri bat proposatzen zuen, gatazka dramatikoaren nondik norakoa heroiaren ezaugarri psikologikoen gainean ezartzen baitzuen. Harrigarri gertatu zen pertsonaia horren aukera; alabaina, halabeharrak eraman omen zuen Corneille aukera hori egitera (jatorri espainiarra zeukan bere ahaide bat aipatu ohi da puntu horretan); bestalde, Frantziako tradizioarekin apurtzeko borondate berariazkoa ikusi du beste zenbaitek aukera horretan. Ohorea norberaren gurariaren gainean jartzeak adierazten duen nagusitasun morala azpimarratzen du obra horrek. Ikusleek biziki txalotu zuten, baina ez zen zenbait kritikariren gustukoa izan, arau dramatikoekiko ausartegia omen zelakoan.

Horacio (1640) izan zen hurrengo obra. Aurrekoaren ideia moral berbera lantzen zuen, Erroman gertatzen den anaien arteko gerra bat aitzakia, baina arau dramatiko klasikoei men eginez. Urte bat geroago, Cinna taularatu zuen, iturri klasikoa duen beste tragedia bat. Goi-maila eta arrakasta handia lortu zuen Corneillek obra horretan.

Geroztikakoak dira Polieucto (1643) eta Nicomedes (1651), eta haiekin hasi zen Corneilleren gainbehera. Handik aurrera, etsai amorratua zuen Racine gazteak gaina hartu zion, ikusleen harrera ona irabazteko lehian. Bere azken obrak, Sertorius (1662), eta Pulquer, (1674), errepikakorrak eta arnasarik gabeak izan ziren.

Antzerki klasikoaren aitzindaria izatea da Corneilleren merezimendurik handiena. Sinesgarritasuna eman zion antzerki klasikoari, pertsonaien psikologiaren bidez, baina, aldi berean, ezin izan zuen emari dramatiko guztia arau klasikoen irmotasunaren barruan eman.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pierre Corneille Aldatu lotura Wikidatan