Pink Floyd

Wikipedia, Entziklopedia askea
Josu (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:51, 5 azaroa 2015
Pink Floyd
Fitxategi:Pinkfloyd.png
Goialdean: Roger Waters eta David Gilmour.
Behealdean: Nick Mason eta Richard Wright.
Datuak
JatorriaLondon (Erresuma Batua)
Musika motaRock
Urteak1964 - gaur egun
Produkzioa
Diskoetxea(k)Capitol, Columbia, EMI
Taldekideak
David Gilmour
Nick Mason
Lehengo taldekideak
Roger Waters
Syd Barrett
Richard Wright
Sariak
Jasotako sariak
Nominazioak
Informazio gehigarria
http://www.pinkfloyd.co.uk
IMDB: nm0969139 Allocine: 51356 Rottentomatoes: celebrity/pink_floyd Metacritic: person/pink-floyd TV.com: people/pink-floyd
Facebook: pinkfloyd Twitter: pinkfloyd Instagram: pinkfloyd MySpace: pinkfloyd Youtube: UCY2qt3dw2TQJxvBrDiYGHdQ TikTok: pinkfloyd Souncloud: officialpinkfloyd Spotify: 0k17h0D3J5VfsdmQ1iZtE9 iTunes: 487143 Last fm: Pink+Floyd Musicbrainz: 83d91898-7763-47d7-b03b-b92132375c47 Songkick: 400904 Discogs: 45467 Allmusic: mn0000346336 Deezer: 860 Edit the value on Wikidata

Pink Floyd musika talde britainiarra da, 1960 eta 1970ko hamarkadetako itzal handikoenetariko bat. Bere musika estiloak, oso abangoardista, hasierako kutsu psikodelikotik rock sinfoniko eta espazialera bilakaera izan zuen, lan batzuetan rock konbentzionalagoa agertzen bada ere. Bere The Dark Side of the Moon albuma (1973) urte askotan salduenetariko bat izan da mundu osoan, eta bere ibilbide musikalean zehar taldeak 300 milioi album baino gehiago saldu ditu gaur egun arte.


Historia

Taldea Londresen jaio zen 1964an, lehenengo partaideak Syd Barrett (kitarra), Richard Wright (teklatuak), Roger Waters (baxua) eta Nick Mason (bateria) izanik. 1966 eta 1968ren artean bere ibilbide musikalaren lehenengo bi diskoak plazaratu zituzten: The Piper at the Gates of Dawn eta A Saucerful of Secrets, estilo psikodelikoa eta underground nagusi dutenak. Garai hartan zuzeneko emanaldietan oso giro berezia sortzen zuten jadanik, ikus-efektu liluragarriak eta baliabide tekniko txundigarriak (light-show) erabiliz, denboraren poderioz sofistikatuko dituztenak. Syd Barrett taldearen liderra da hasierako urteetan, musika eta hitzen egilea lan gehienetan.

Baina LSD-rekin zituen arazoak direla eta, Barrett-ek buruko osasuna galtzen du, 1968.urtean bere lekua David Gilmour-i utziz. Taldea fase berri batean sartzen da orduan, Roger Waters-en lidertzapean, psikodelismotik rock sinfoniko eta esperimentalagoruntz aldatuz. Hurrengo lana, Ummagumma (1969) aldaketa horren adierazle garbia da.

1969 eta 1972ren artean Pink Floyd-ek gogor lan egiten du, Europa eta Amerikan zehar hamaika emanaldi eskainiz, 5 LP argitaratuz eta hainbat pelikulen soinu-banda eginez (More, Oscured By Clouds...). Urte horietan taldeak bere musika estiloa sendotzen du, rock sinfoniko-espaziala, urteetako saio eta soinu esperimentuak burutu ostean, Ummagumma (1969) eta Atom Heart Mother (1970) lanetan somatu ahal direnak.

Meddle (1971) eboluzio horren gailurra da. Diskoaren gai nagusia, Echoes, taldearen lanik gorena da, ordura arte bandak grabatu duen piezarik onena, akaso. Album hau mugarria izanen da Pink Floyd-en historian, eta hurrengo lanetarako joera markatuko du (The Dark Side of the Moon, Wish you were here...)

1972. urtean, Adrian Maben-en zuzendaritzapean, laukoteak Pink Floyd Live at Pompeii pelikula egiten du, Vesubiok estalitako erromatar hiri zaharrean. Ummagumma eta Meddle-ren lanak, besteak beste, antzinako anfiteatro batean interpretatzen dira. Pelikula honek filmazioaren inguru klasikoa musika abangoardista batekin biziki ongi elkartzen du, atmosfera onirikoa eta liluragarria sortuz, ikuslea sorgintzen duena.

The Dark Side of the Moon-ek (1973) ospea ez ezik, sormenaren gailurra ere adierazten du. Diskoak salmenta arrakasta (40 milioi ale salduta) eta musika kalitatea batzen du, oso ohikoa ez dena. Alan Parsons soinu ingeniaria barne, The Dark Side of the Moon iraultza teknikoa eta soinuduna izan zen; horrek, musika gaien xarmarekin batera, britainiar taldearen lan onenetariko bat bihurtzen du diskoa.

Hurrengo LPraino (Wish you were here, 1975) bi urte pasako dira. Disko honek aurreko lanen kutsu sinfoniko eta elektronikoari eusten dio, baina giro espazial lasaigarri batekin, esperimentazioari muga gehiago jarriz. The Dark Side of the Moon-ez geroztik taldea ospetsu bihurtu da mundu osoan, eta hortik aurrera emanaldiak eta lan berriak gutxitzen dira, sorkuntza lanari denbora gehiago eskainiz.

Animals LPak(1977) aurrekoak baino askoz ere tonu gogorragoa izan zuen, batez ere Waters jada taldearen lidergo osoa hartzen hasi zelako. Lan honetan, gizakia hiru animaliatan banatzen dute George Orwell-ek Animal Farm liburuan egin zuen antzera: kasu honetan, Waters-ek txakur, txerri eta arditan zatitzen du gizateria, bakoitza bere ezaugarriekin. Animalia bakoitzari abesti bat dagokio (denak 8 minututik gorakoak, Dogs izanik luzeena), eta hasi eta bukatzeko balada kutsuko kanta labur akustiko bana, Watersek bere garaiko neska lagunari idatzitakoak omen direnak. LP honek ez zuen aurreko biek beste arrakasta izan, baina talde britainiarraren jarraitzaileek euren lanik garrantzitsuenetakoa bezala hartzen dute, bai eta Rock Progresibotik hurbilen dagoenetariko bat moduan ere. Richard Wright teklatu joleak apenas izan zuen zer esanik albun honetan, jada liderra oso zehaztuta baitzegoen.

Ondoren, The Wall albuma iristen da (1979), eta bertan Waters-en lidergoa erabatekoa da. Disko hau taldearen salduenetakoa izan da, eta zinemara eraman zuten hiru urte geroago. Diskoa egiterakoan Waters eta gainontzeko taldekideen artean lehenengo liskarrak agertzen dira, lehenengoaren sormen gaitasunak (diskoa ia berak bakarrik egina da) beste partaideak baztertzen baititu. Diskoaren grabazioan zehar Waters-ek Wright taldetik baztertu bazuen ere, ondorengo mundu biran parte hartu ahal izan zuen, nahiz eta ordainduriko musikari bezala agertu zen, taldearen muinetik at.

The final Cut (1983) Pink Floyd-en azken lan amankomuna da, nahiz eta Michael Kamen-ek Wright-en tokia hartu zuen. Gero, taldearen partaideak banantzen dira eta taldearen izena bereganatzeko borroka legalari ekiten diote. Borroka horren protagonistak Roger Waters eta David Gilmour dira: Roger-ek taldearen amaiera nahi du ("Talde mitiko bati amaiera duina emateko"), baina David-ek beste partaideekin batera Pink Floyden ibilbidea luzatu nahi du. Waters-ek taldea utziko du, eta epaitegiko borroka luzea Gilmour eta Masonen alde bukatuko da, Pink Floyd izenaren gaineko eskubideak azken hauek lortuz.

Indarberrituta, Pink Floyd berriak munduko bira bat hasi -azken 6 urteetako lehena- eta album berri bat argitaratzen du 1987an, A Momentary Lapse of Reason, Wright berriz ere taldera ekarri ondoren. Waters gabeko lehen album honek iritzi kontrajarriak eragiten ditu: jarraitzaile askoren ustez taldeak bere betiko estiloari bikain eusten dio lider zaharrik gabe, baina kritikoek faltan somatzen dute ihes egindakoa, talde berriari etorkizun iluna iragarriz. Nolanahi ere, herrialde askotan diskoak salmenta markak apurtzen ditu, eta gauza bera egingo du ere hurrengo diskoak, orain arte taldeak atera duen azkenaurrekoak (The Division Bell, 1994).

Azken urteotan Pink Floyd-en jarduera oso urria izan da, eta -ofizialki bizirik jarraitzen badu ere- emanaldi urri batzuetatik aparte bere lan publikoa hutsaren hurrengoa izan da. Banandu ziren egunetik milaka zurrumurru egon baziren ere lau kideak berriz elkartuko zirela esaten zutenak, 2005eko Uztailaren 2an ikusi ahal izan ziren laurak elkarrekin -azkeneko aldiz- taula gainean. Pobreziaren aurkako Live 8 ekitaldien barnean, Londoneko Hyde Parken lau abestiko emanaldi bat eskaini zuten.

2014an taldeak -20 urteko etenaldiaren ondoren- bere azken albuma kaleratu zuen, The Endless River izenekoa. Bertan The Division Bell diskoan agertu ez ziren gai batzuk berreskuratuak izan ziren lan berrirako. Gai horiek Gilmour-ek, Mason-ek eta Wright-ek landu zituzten The Division Bell-en garaian (1994an), baina azken musikari horrek -2008an hilda- ez zuen parte hartu album berriaren irteeran.

Taldeak kontzertu bakarra eman du Euskal Herrian, 1994an, Donostiako Anoeta estadioan.

XX. mendearen azken hamarkadetan musika arloari -eta orokorrean mendebaldeko kulturari- Pink Floyd-ek egion dion ekarpena egundokoa izan da. Bere azken lanetan ekarpen hori urriagoa izanik ere (aspalditik galdu baitzuen esperimentazio elektronikoarekiko zeukan grina hura) Pink Floyd-ek ondo eusten dio bere xarma magikoari, bere musika entzutea -zaharra zein berria- esperientzia liluragarria izaten jarraitzen baitu.

Diskografia

Estudioko diskoak

Soinu bandak

Zuzeneko diskoak

  • Tonite Let's all make Love in London (1967)
  • Ummagumma (1969, vivo y estudio)
  • Delicate Sound of Thunder (1988)
  • P*U*L*S*E (1995)
  • Is There Anybody Out There? The Wall Live 1980-1981 (2000)

Bildumak

  • Relics (1971)
  • A Nice Pair (1973)
  • Masters of Rock (1974)
  • A Collection of Great Dance Songs (1981)
  • Works (1983)
  • Shine On (1992, Box Set)
  • The Early Singles (1992)
  • Echoes: The Best of Pink Floyd (2001)

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pink Floyd Aldatu lotura Wikidatan